BERRIA
Nekazaritzako hondakinak balio-baliabide berriak bihurtzea mikroalgei esker
9 abendua 2024
- NEIKERek irtenbide berritzailea garatu du. Irtenbide honek nekazaritza hidroponikoaren efluenteak berriz erabiltzen ditu nekazaritzako aplikazio jasangarriak dituzten mikroalgak ekoizteko
- Hain zuzen ere, tomatea, letxuga, albahaka eta halako laboreen efluenteak erabiltzen dira mikroalgak garatzeko; mikroalga horiek, ondoren, bioestimulatzaile, ongarri eta pestizida natural bihurtzen dira
- Europako REAL-MAC proiektuaren esparruko ekimenak ahalbidetuko du ingurumen-inpaktua murriztea, produktu berriak sortzea (adibidez, bioongarriak eta biopestizida organikoak), eta nekazaritzan eredu zirkularra sustatzea
Nekazaritza hidroponikoa izeneko laborantza-sistema funtsezkotzat hartu da Europako nekazaritza-sektorearen etorkizunerako; nabarmentzen da ura efizientziaz erabiltzeagatik eta klima-erronkak jasateko gaitasunagatik. Alabaina, sistemak mantenugai askoko efluenteak edo hondar-likidoak sortzen ditu, hala nola nitratoak eta fosfatoak, eta halakoek kostu handiko tratamendua behar dute isuri aurretik. Horrek eragina du ereduaren kostuetan eta jasangarritasunean.
Arazo horri erantzuteko, NEIKER teknologia-zentroak —Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mende— sistema bat diseinatu du eskala frogagarrian; sistemak barazki-laboreen (besteak beste, tomatea, letxuga eta albahaka) efluente hidroponikoak baliatzen ditu berotegietan ezarritako zisterna irekietan mikroalgak ekoizteko. Ikuspegi zirkular horrek hondakin bat baliabide bihurtzen du, eta nekazaritza jasangarriagoa sustatzen du.
Europako REAL-MAC proiektuaren esparruan garatuta, irtenbide berritzaile horrek ahalbidetzen du, batetik, laborantza-sistema horren ingurumen-inpaktua murriztea, eta bestetik, efluenteen mantenugaiak aprobetxatzea balio erantsi handiko produktuak sortzeko, hala nola ongarriak, bioestimulagarriak eta biopestizida organikoak.
Emaitza esperantzagarriak
Teknologia-zentroan azken hilabeteetan egindako saiakuntzek emaitza esperantzagarriak erakutsi dituzte: landatutako mikroalgak efluenteetan dauden nitratoen eta fosfatoen % 90 deuseztatzeko gauza dira hazkuntza-zikloan zehar. «Prozesuak kutsadura gutxitzeaz gain, efluenteak mantenugai-iturri bihurtzen ditu alga-biomasa ekoizteko, eta berau ondoren, nekazaritza-bioestimulatzaile, ongarri eta pestizida natural bihur daiteke», azaldu du Miriam Pintok (NEIKEReko hondakin-birbalorizazioko ikertzailea eta proiektu-arduraduna).
Epe ertain eta luzera, zentroak hurrengo ahaleginak bideratuko ditu nekazaritzako elikagaien sektorearen zati batek teknologia erabil dezan erraztera, haren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa bermatuz. «Hidroponia eta mikroalgak uztartzeak irtenbidea ematen die sektorearen oraingo erronkei, eta horrez gain, aukera ere ematen du balio-katea dibertsifikatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko, klima-aldaketaren eta gero elikagai-eskari handiagoaren testuinguruan», nabarmendu du Pintok.
Nekazaritza zirkular eta jasangarrirantz
REAL-MAC ekimenak bat egiten du Europako Itun Berdearen «Etxaldetik mahaira» izeneko Europako estrategiarekin. Haren helburua da mantenugaien galera % 50 murriztea (horretarako, ongarri sintetikoen erabilera % 20 gutxitu behar da) eta pestizida kimikoekiko mendekotasuna gutxitzea 2030erako. Halaber, Europako Algei buruzko Ekimen berriari erantzuten dio. Azken honek sustatzen du baliabide hori erabiltzea kontinenteko nekazaritza deskarbonizatzeko eta dibertsifikatzeko.
Espainia-Frantzia-Andorra INTERREG V A Programaren laguntzarekin (POCTEFA 2021-2027), REAL-MAC proiektuak mugaz gaindiko lau erakunde biltzen ditu: NEIKER, Universitat Politècnica de Catalunya (UPC), APESA eta CRITT CATAR, nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasuna hobetzeko, eredu zirkularrak integratzeko eta ur-baliabideak efizientzia handiagoz erabiltzea bultzatzeko.