BERRIA
NEIKER INDEUS plataformara batu da, lehen sektorean eta kudeaketa zientifikoan euskararen erabilera indartzeko
17 azaroa 2026- Zentro teknologikoak ia bi hamarkadako ibilbidea eskainiko dio SPRIk bultzatutako sareari, eta ingurune digitalean nahiz zientziaren dibulgazioan baliabide berriak eskuratuko ditu
Zentro teknologikoak urrats berria eman du euskararen normalizazioaren bidean, eta datorren azaroaren 19an Zamudion egingo den urteko azken batzarrean aurkeztuko da ofizialki INDEUSkide berri gisa.
INDEUS (Industriaren Euskal Plataforma) 2018an abiarazi zuen SPRI Taldeak, Energiaren Euskal Erakundearekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, hiru aldundiekin eta hainbat euskal enpresa zein zentro teknologikoekin lankidetzan. Bere helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta eremu teknologikoan euskararen presentzia areagotzea da, euskal eragileen lehiakortasunaren euskarri izan dadin.
Ekarpenak eta sarearen onurak
Zentro teknologiko gisa, NEIKERek ibilbide luzea eta oparoa eskaini diezaioke INDEUSi eta bertan bildutako gainerako kideei. Ildo honetan, Sorkunde Mendarte NEIKEReko Euskara dinamizatzaileak azpimarratu duenez, “NEIKERek 2007tik euskararen normalizazioan urratutako bidea eskaintzen dio INDEUSi eta bertan partaide diren kide guztiei”. Horrela, normalizazioaren bidean mugarri izan diren tresnak eta egiturek —hala nola eskumenak dituen Euskara Batzordeak, Euskara Planek, euskara dinamizatzaile barne-figurak, hizkuntza-irizpideek eta BIKAIN euskararen ziurtagiriak ekarritako barne-hausnarketak— praktika on gisa parteka daitezke sarean.
Era berean, Mendartek gaineratu duenez, saretze horrek aukera emango du “lehen sektorean eta basogintzan ikerkuntza zientifikoa euskaraz garatzeko eta sustatzeko, euskarari sare sozioekonomikoan eta inguru teknologikoan ikusgarritasuna eta pisu handia emanez”. Barne-kudeaketari dagokionez, zentroak euskarazko lan-tresna berriak ezagutzea eta eguneroko jardunean pixkanaka aplikatzea espero du, erakundeak euskararekiko duen konpromisoa eta politika gehiago indartzeko.
Lantaldeak eta lehentasunak
INDEUSek hiru lantalde nagusi ditu bere jarduera garatzeko: Ingurune digitala, Euskarazko produktuak eta Atariko lantaldea. NEIKERen kasuan, hasierako lehentasuna ingurune digitalari eta tresna teknologikoen erabilera euskaraz sustatzeari emango zaio. Erakundearen ardatz nagusia ikerketan, berrikuntzan eta ezagutzaren transferentzian euskaraz lan egiteko baliabide linguistiko, teknologiko eta digitalak ezagutzea eta partekatzea baita.
Eguneroko tresnak eta baliabide praktikoak
Plataformaren bitartez, NEIKERek euskaraz lan egiteko baliabide berriak ezagutu eta bere kudeaketan zein zerbitzuetan txertatzeko bidea izango du. Mendartek azaldu duenez, “baliabide praktiko horiek, adibidez, zientziaren dibulgazioa egiteko lagungarriak izatea espero dugu”. Gainera, beste erakunde eta enpresa batzuekin sarea ehunduz, praktika onak, esperientziak eta tresna eraginkorrak partekatzea ahalbidetuko du, elkarlanaren bidez sektorearen erronkei aurre eginez.




