Albisteak

Landare estalkien erabilerak %60 baino gehiago murriztu du higadura Arabako Errioxan maldan dauden mahastietan, NEIKERen ikerketa baten arabera

  •  Lana MONTCLIMA proiektuaren barruan sartzen da, eta maneiu jasangarriko praktikak aztertzen ditu, klima aldaketak mendi eremuetan dituen ondorioen aurka borrokatzeko
  •  Arabako Errioxak 5.000 hektarea mahasti baino gehiago ditu %10etik gorako maldarekin, eta, beraz, higatzeko arrisku handiarekin
  •  Saiakuntza Elvillarreko (Araba) Maisulan upeltegiekin egiten ari da, eta lehen kanpainako emaitzak positiboak dira produkzioaren eta kalitatearen emaitzari dagokionez

 Landare estalki espontaneo edo modu naturalean hazten denaren erabilerak %60 murriztu dezake higadura ohiko laborantzarekin alderatuta, NEIKER Arabako Errioxako mahasti aldapatsuetan egiten ari den azterlan baten arabera, Europako MONTCLIMA proiektuaren esparruan.

Horrenbestez, estalki mota hori erabiltzeak lur hektarea bakoitzeko 2,5 tonako higadura saihestuko luke, laborantza tradizionalaren bidez higatzen diren ia 4 tonekin alderatuta. Kopuru hori proiektuan aztertutako landa lanaren lehen 7 hilabeteei dagokie soilik (2020ko apiriletik azarora), eta nabarmentzekoa da ez dela alde nabarmenik ikusi mahatsondoaren ekoizpenean eta kalitatean.

MONTCLIMA proiektua Europako INTERREG SUDOE deialdiak finantzatzen du, eta bere zeregina da laborantza jasangarriko praktikak bilatzea, mendialdean klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko, bereziki erreparatuta higadura, lehorte, uholde eta basoko suteen arriskuari.

 

Higatzeko arriskuan dauden mahastiak

Euskadin ordezkaritzarik handiena duen labore zurkara ardotarako mahatsondoa da, azaleran zein pisu ekonomikoan duen garrantziagatik. Txakolinaren Jatorri Deitura desberdinetako ekoizpen eremuaz gain (Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban), guztira 1.000 hektarea inguru direlarik, mahastizaintzako masarik handiena Arabako hegoaldean dago, Arabako Errioxan. 13.000 hektareako mahastiak biltzen ditu.

Arabako Errioxak klima mediterraneotik gertuko klimatologia dauka eta, prezipitazioak kantauri isurialdean baino askoz urriagoak diren arren (urtean 400-600 milimetro koadro Arabako Errioxan, eta Txakolinaren eremuan 1.000-1.600 inguru), mahastietan belarrak kontrolatzeko egiten den ohiko kudeaketak higatzeko arrisku handiagoa izatea eragiten du.

Arabako hegoaldeko eskualde horretan, mahastiak nekazaritzako azalera erabilgarriaren %65 hartzen du, eta %40k baino gehiagok %10etik gorako batez besteko malda du. Muga horretatik aurrera, nabarmen handitzen da higadura. Beraz, Arabako Errioxako mahasti-azaleraren 5.000 hektarea baino gehiago higatzeko arriskuan daude, eta are gehiago klima aldaketak seguruenik ekarriko dituen muturreko fenomeno meteorologikoak gehituz gero (ekaitzak, txingorra, muturreko beroa eta hotza, etab.).<

 

Maisulan upategien laguntza

Azterketa egiteko, Elvillarren (Araba) dagoen Maisulan upategien laguntza izan da, zeinak ekoizpen ekologikoaren bidez kudeatzen baititu bere mahastiak. Saiakuntza Graciano barietateko mahasti batean egin da, %10-%20ko maldarekin. Partzela pilotu horretan, inguruko laborantza konbentzionaleko maneiuak (4-6 laborantza makinaren paseak urtero) eta mahastiko landare estalki espontaneoaren bidezko maneiua alderatu dira. Horrek esan nahi du ez dela landu behar eta lursailaren berezko belarrak mahatsondoen ildoak kolonizatzen joan daitezen utzi behar dela, eta horien altuera kontrolatu behar dela urtean 1-3 sega paseren bidez, betiere lurraren azalerari ahalik eta kalterik txikiena egiten saiatuz.

 

Interreg-SUDOE programa

 MONTCLIMA proiektuak 42 hilabeteko iraupena du aurreikusia, eta 9 bazkidek osatzen dute: Consorcio de la Comunidad de Trabajo de los Pirineos (CTP), koordinatzaile lanetan, Gaztela eta Leongo Centro de Investigación Ecologica y Aplicaciones Forestales y de su Industria (CREAF), NEIKER, Gaztela eta Leongo Centro de Servicios y Promocion Forestal y de su Industria Fundazioa (CESEFOR), Instituto Politécnico de Bragança (IPB), Office National des forêsts (ONF), FORESPIR, Centre d´Estudes et d´Expertise sur les Risques, L’Environment, la Mobilité et l´Aménagement (CEREMA) eta Comunidade Intermunicipal da Região de Leiria (CIMRL). Lankidetza horren bidez, Hegoaldeko mendietan arrisku naturalak prebenitzeko eta kudeatzeko nazioz gaindiko lehen esparru estrategikoa garatuko da.

1.401.811 euroko zuzkidura du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) %75 kofinantzatu du, Interreg SUDOE programaren bidez. SUDOEren helburua da Europako hego-mendebaldean eskualde garapenean laguntzea, EGEF Funtsaren bidez nazioz gaindiko proiektuak finantzatuz.

Related posts