Albisteak

BERRIA

Labore erresistenteagoak eta mahastizaintza hobetzeko app bat, NEIKERek Food 4 Futurerako egindako proposamenak

16 maiatza 2023
  • Zentro teknologikoak bere garapen batzuk aurkeztu ditu Food 4 Futuren, nekazaritzako elikagaien sektorearen efizientzia eta jasangarritasuna hobetzen laguntzeko
  • Beste berrikuntza batzuen artean, bioteknologiak labore erresistenteagoak lortzeko duen ahalmena erakutsiko dute, baita mahastizaintza lanak kudeatzeko APP bat ere
  • Gainera, ekitaldian, Ana Diez eta Roberto Ruiz ikertzaileek nekazaritzako eta abeltzaintzako garapen jasangarriari lotutako hitzaldi eta mahai inguruetan parte hartuko dute

Aplikazio mugikor bat, mahastietan lan egiten duten langileei fitosanitarioak aplikatzeari buruzko erabaki zehatzagoak hartzen laguntzeko, eta labore hobetuak sortzeko soluzio bioteknologiko bat. Horiek dira NEIKERek, nekazaritza eta abeltzaintza eta basogintzako lehen sektorerako proposamen berritzaileak garatzen espezializatutako zentroak, aste honetan F4F – Expo Foodtech azokaren esparruan aurkeztuko dituen berrikuntzetako batzuk. Ekitaldia maiatzaren 16tik, asteartea, 18ra, osteguna, izango da, eta Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC!) nekazaritzako elikagaien sektorearen azken joeren erakusleiho bihurtuko da.

Bi soluzio teknologiko horiek zehatz-mehatz ikusi ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren erakusketa gunean (516 standa). Gune horretan, gainera, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako prozesuen efizientzia eta errendimendua hobetzeko beste proposamen batzuk ezagutu ahal izango dira.

Izan ere, duela 25 urtetik, NEIKERek egungo eta etorkizuneko erronketan laguntzen dio lehen sektoreari, soluzioak ikertuz eta garatuz nekazaritzako elikagaien balio kate osoan baliabideen erabilera efiziente eta jasangarriagoa lortzeko, eta errentagarritasun handiagoa bermatzeko.

Mahastien osasun egoera denbora errealean

Standera hurbiltzen diren lagunek ezagutu ahal izango duten proposamen nagusietako bat AppVid izango da, mahastietan gaixotasunak kontrolatuz mahastizaintza lanak errazteko aplikazio informatiko bat. Tresnak denbora errealean ematen du mahastien osasun egoerari buruzko informazioa, eta nekazariei produktu fitosanitarioak aplikatzeko une egokia zein den adierazten die.

Sentsore, behaketa eta landa koadernoetan bildutako informazioari esker, AppVid-ek dosiak optimizatzea ahalbidetzen du, produktu kantitate txikiagoa aplikatuz. Horrenbestez, mahastiko lanak ingurumen jasangarritasunaren irizpidearekin egiten dira, eta, aldi berean, errentagarritasuna handitzen da eta kalitate handiagoko mahatsa lortzen da.

Bioteknologia, elikagaiak hobetzeko

Bioteknologiak ere leku nabarmena hartuko du standean. Zehazki, zentroak enbriogenesi somatikoaren onuretan jarriko du arreta, nekazaritzako elikagaien sektorearentzat balio handia duen tresna bioteknologikoa baita.

Sektorearentzat interes handia izateko arrazoia da landarea ugaltzeko sistema horrek landare baten kopia genetikoki berdin-berdinak lortzeko aukera ematen duela –klonak–, landare ‘ama’ bakar batetik datorren zelula, ehun edo hazi batetik abiatuta.

“Horrelako teknikei esker, mehatxatutako indibiduoak eta espezieak ugaldu edo kontserba ditzakegu, merkaturako ezaugarri interesgarriak dituzten landareak biderkatuz, horien artean klima aldaketak eragindako estresarekiko erresistentzia, hazkundea edo gaixotasun batzuekiko tolerantzia”, azaldu du Leire Barañano NEIKEReko zuzendari nagusiak.

Teknika horien bidez, zentroa beroketa globalaren aurrean erresistenteagoak diren zuhaitzen garapena ikertzen ari da, baita labore batzuen saneamendua ere, hala nola mahatsondoarena, kalitate handiagoko mahatsa sortzeko.

Nekazaritza eta abeltzaintzako garapen jasangarria

NEIKERek F4F – Expo Foodtechen duen parte hartzea erakusketa espaziotik haratago doa, zentro teknologikoko bi ikertzailek nekazaritza eta abeltzaintzako jasangarritasunari buruzko bi saiotan parte hartuko baitute. Bi hitzaldiak maiatzaren 16an izango dira, asteartea, 12:00etatik 13: 00etara.

Alde batetik, zentroko Landare Ekoizpen eta Babes Departamentuko ikertzaile Ana Diezek “Sustainable use of pesticides (Pestiziden erabilera jasangarria)” hitzaldiaren protagonista izango da BECeko 1. Auditoriumean.

Diezek pestizida kimikoekin alderatuta produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria garatzeko dauden aukerak partekatuko ditu, ingurumen inpaktua murriztera bideratuta, eta elikagaien ekoizpena eta kalitatea eta, beraz, giza osasuna hobetzeko.

NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Departamentuko arduradun Roberto Ruiz de Arcautek, berriz, “Efficiency and sustainability in meat industry and impact on the final quality of meat products (Haragi indutriaren efizientzia eta jasangarritasuna eta haragi produktuen amaierako kalitatean duen eragina)” izenburuko mahai ingurua moderatuko du, asteartean, hilaren 16an, 12:00etatik 13: 00etara.  Hitzaldia azokako Food Tech StartUp CNTA EATEX Antzokian izango da, eta haragi sektorearen prozesuen jasangarritasuna hobetzeko teknologia eta berrikuntza berriak jorratuko dira.

Informazio gehiago eta izen emateak: www.expofoodtech.com

 

 

 

 

 

Related posts