Albisteak

BERRIA

Food 4 Futuren parte hartuko dugu, nekazaritzako elikagaien enpresentzako proposamen eta berrikuntzekin

13 maiatza 2022

NEIKERek Food 4 Futuren parte hartuko du, nekazaritzako elikagaien enpresentzako proposamen eta berrikuntzekin

  • Zentro teknologikoak Food 4 Future berrikuntza eta teknologiaren nazioarteko azokaren bigarren edizioan parte hartuko du, maiatzaren 17tik 19ra, Bilbao Exhibition Centren.
  • NEIKER Eusko Jaurlaritzaren ‘Land of Opportunities’ erakustokian izango da, non elikagai enpresa eta negozio berriak sortzeko laguntzak eta programak erakutsiko baitira.
  •  Azokan, NEIKERek nekazaritzako elikagaien enpresak teknologikoagoak eta lehiakorragoak izan daitezen egindako lana erakutsiko dute zentro teknologikoko ikertzaileek

Nekazaritzako elikagaien sektoreko soluzio, teknologia eta joera berritzaileenak ezagutzea funtsezkoa da sektoreko enpresak beren lehiakortasuna eta posizionamendua handitzeko gai izan daitezen, are gehiago elikagaien ekoizpena klima aldaketaren ondorioengatik nazioartean lehentasunezko gai bihurtu den garai honetan.

Jokaleku horretan, lehen sektorerako soluzio teknologiko berritzaileak eskaintzen espezializatuta dagoen NEIKER zentro teknologikoa Food 4 Future nazioarteko elikadura eta teknologiari buruzko biltzarrean izango da, maiatzaren 17tik 19ra, Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centren (BEC!). Ekitaldia elikagaien eraldaketa bultzatzen duten azken joerak ezagutzeko plataforma bihurtu da.

Zehazki, NEIKER Eusko Jaurlaritzaren “Land of Opportunities” standean egongo da, non Euskadik elikagai enpresa eta negozio berriak sortzeko eskaintzen dituen laguntzen eta programen ekosistema erakutsiko baita: ideia edo negozio berrietarako laguntza programak eta zerbitzuak; hazteko edo berritzeko interesa duten enpresa sendotuentzako ikerketa eta berrikuntza zentroen sare indartsua, etab.

Halaber, ekitaldian zehar, zentro teknologikoak hainbat hitzaldi eskainiko ditu, nekazaritzako elikagaien sektore teknologikoagoa eta lehiakorragoa sustatzeko egiten duen lana jendeari ezagutarazteko. Zehazki, NEIKEReko ikertzaileek lau hitzaldi emango dituzte maiatzaren 17an eta 18an, elikaduraren berrikuntza eta teknologiari lotutako hainbat gai jorratzeko, hala nola nekazaritzaren eraldaketa zientziaren eta datuen bidez, nekazaritza jasangarria eta erregeneratiboa, eta agroekologiaren kontzeptua.

Teknologia, nekazaritzako berrikuntzaren palanka

Lehenik eta behin, asteartean, maiatzak 17, 11:00etan, Landare Babes eta Ekoizpen departamentuko ikertzaile Gorka Landeras AGRI-TECH: How is Digital and Data Science Transforming Agriculture and plant based industries” sesioan izango da, sektoreko beste profesional batzuekin batera, nekazaritzako hainbat teknologiaren garapena azaltzeko, nekazaritzako elikagaien prozesuak optimizatze aldera.

Egun horretan bertan, 13:00etan, Animalia Ekoizpen departamentuko Nerea Mandanuliz ikertzaileak hartuko dio lekukoa. Agri-sus: sustainable and regenerative agriculture” izeneko sesioan, audientziari azalduko dio nekazaritza mota horretan sartzen direla klima aldaketari aurre egiteko nekazaritza eta abeltzaintzako praktika, lurzoruaren materia organikoa berreraikiz eta lurzoru degradatuaren biodibertsitatea lehengoratuz. Saioaren moderatzailea Leire Barañano izango da, NEIKEReko zuzendari nagusia.

Arratsaldean, 17:30ean, Haritz Arriaga Baliabide Naturalen Kontserbaziorako saileko ikertzaileak elikagaien industriak karbono-isuriak murrizteko egiten dituen jarduerei buruz hitz egingo du, “Targeting Zero Carbon in Food” sesioan.

Azkenik, hurrengo egunean (maiatzak 18), 16:30ean, doitasunezko nekazaritzan aditua den Asier Uribeetxeberria ikertzaileak, “Agroecology II: Transition to a sustainable production. Reducing the impact of production enhancers” izeneko sesioan, agroekologiaren kontzeptuak zer esan nahi duen azalduko du, eta nola murriztu daitekeen ekoizpenaren potentziatzaileen inpaktua aukera adimendunak erabiliz, gaur egungo ekoizpen ereduaren alternatiba gisa.

 

Related posts