BERRIA
Emakumearen Nazioarteko Eguna babesten dugu NEIKERetik
8 martxoa 2024Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta NEIKERen urte bat gehiago egun berezi honen alde egiten dugu gure konpromisoa eta aurrerapena nabarmenduz, berdintasuna benetan gure enpresaren zeharkako ardatza izan dadin.
Azken urteotan, arau-esparru berri bat sortu da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Testuinguru honetan, NEIKERen ekintza desberdinak burutzen ari gara gure eguneroko bizitzan berdintasuna ahalik eta bermatuena izan dadin.
Indarrean dago gure hirugarren berdintasun plana, eta 4 lan-ardatz biltzen ditu: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomien eta gizarte-antolakuntzaren eraldaketa eta, azkenik, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko laguntza. Eta, ardatz horien barruan, azpimarratzen ditugun helburu zehatz batzuk hauek dira:
- Komunikazioaren erabilera inklusiboa bermatzea berdintasuna sortzeko tresna gisa, horretarako ‘Hizkuntza Eskuliburu Inklusiboa’ dugu gaztelaniaz zein euskaraz.
- Erakundeko emakumeen ahalduntzea bultzatzea, barneko eta kanpoko ekitaldietan emakumeek ponentzietan parte har dezaten sustatuz.
- Zaintzan erantzunkidetasuna zabaltzea sentsibilizazio-ekintzen bidez.
- Emakumeenganako indarkeriarik eta sexu-jazarpenik eta sexuaren araberako jazarpenik gabeko ingurune bat bermatzea, horretarako sexu, sexu-orientazio, genero identitate eta adierazpenaren araberako sexu-jazarpenerako protokoloa eta isilpeko aholkuak ditugu.
Emakundek duela gutxi aitortu digu ahalegin kolektibo hori eta “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea” izendapena eman digu. Aitorpen hori ez zen posible izango NEIKEReko talde osoaren inplikaziorik gabe. Leire Barañano zentroko zuzendari nagusiaren hitzetan, “berdintasunaren aldeko apustua aspalditik dator, eta gure estrategiaren ardatz transbertsal bihurtu da talde osoaren parte hartzeari esker”. Txosten hartatik abiatuta, 2012an, I. Berdintasun Plana landu zen. Pertsonen inplikazioaz gain, NEIKERen berdintasunaren arloko beteranotasuna izan da EMAKUNDEren aitorpena ahalbidetu duten faktoreetako beste bat. Izan ere, berdintasuna ardatz estrategiko gisa txertatzen duen kudeaketa eredu baten alde egiten dugu, eta horren erakusle da 2011z geroztik berdintasun-politikak ditugula eta, orduan, lehen diagnostiko-txosten bat egin genuela dagoeneko, plantillaren datu kuantitatiboen azterketan oinarrituta.