Albisteak

BERRIA

NEIKERek animalien tuberkulosiari aurre egiteko diagnostiko protokolo eta kontrol tresna berriak garatuko ditu

21 otsaila 2024
  • Zentro teknologikoak gidatuta, INNOTUB II Europako proiektuak gaixotasun horrek Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaz gaindiko eskualdean dituen ondorioak arintzea du helburu
  • Diziplina anitzeko ikuspegi batekin, ekimenak zenbait jarduera abiaraziko ditu, hala nola ustiategietako biosegurtasun praktiken ebaluazioa edo diagnostiko eta kontrolerako tresna berrien garapena.

Animalien tuberkulosia gaixotasun kronikoa da, hainbat ugaztuni eragiten diena, bai behiei, bai beste ugaztun espezie batzuei. Infekzioa Mycobacterium tuberculosis, Mycobacterium bovis eta Mycobacterium caprae multzoko bakterioek eragiten dute batez ere. Patologiari dagokionez, giza tuberkulosiaren antzekoa da, eta biriketan eta beste organo batzuetan noduluak eragiten ditu, animaliak kontsumitzeraino. Gaixotasuna desagerrarazteko zenbait programa daude, batez ere behi aziendari bideratuak, nahiz eta ahuntzetan gero eta gehiago aplikatzen den. Gaixotasunak eragin ekonomiko eta kezka handia sortzen ditu lehen sektorean, eta, gainera, osasun publikoari eragin diezaioke, zoonosi bat delako.

Testuinguru horretan, NEIKER zentro teknologikoak gidatzen duen INNOTUB II Europako proiektua animalien tuberkulosiari aurre egiteko irtenbide eraginkor gisa agertzen da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaz gaindiko eskualdean. Ekimenak INNOTUB bikaintasuneko sare zientifikoa sendotzen du, animalien tuberkulosia kontrolatu, zaindu eta desagerrarazteko programak hobetzeko. Sarea 2020an eskualdean abiarazi zen INNOTUB I proiektu aitzindarian sortu zen, Pirinioez gaindiko lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko, Europako INTERREG POCTEFA 2014-2020 lankidetza programaren finantzaketarekin.

INNOTUB IIk, INTERREG POCTEFA 2021-2027 programa berriak babestuta, diziplina anitzeko ikuspegiari eutsiko dio, eta, horretarako, hainbat gai jorratuko ditu, hala nola ustiategietako biosegurtasun praktiken ebaluazioa edo tuberkulosiaren diagnostiko eta kontrolerako tresna berrien garapena.

Proiektu berriaren berrikuntzetako bat sekuentziazio genomikoko teknologien erabilera izango da, gaixotasuna eragiten duten bakterioen sekuentzia genetiko osoa zehaztu ahal izateko, haien hatz marka balitz bezala. Horrenbestez, ikertzaileek zehatz-mehatz ulertu ahal izango dute nola funtzionatzen duen etxeko eta basoko animalien arteko infekzioaren transmisioak, baita hori eragiten duten bakterioek mikrobioen aurkako tratamenduekiko duten erresistentzia aztertu ere. Gainera, teknologiaren transferentzia eta ezagutzaren trukea bultzatuko dira Frantzia, Espainia eta Andorra hartzen dituen eskualdean.

Biosegurtasun plataforma eta modelizatzeko metodoak

Partzuergoak aurrez garatutako biosegurtasun plataforma bat aplikatzen eta ebaluatzen lan egingo du, abeltzainei abere taldeetan neurri eraginkorragoak ezartzen laguntzeko. Ekimenaren barruan, abeltzainek, albaitariek eta albaitaritza zerbitzuek biosegurtasunari eta horri lotutako arriskuei buruz duten pertzepzioaren ebaluazio zehatza egingo da.

Aldi berean, tuberkulosiak basafaunaren eta ganaduaren artean duen transmisioa aztertu eta kuantifikatuko da, modelizazio metodoen bitartez, eta landan isolatutako bakterioen genoma osoaren sekuentziazioaren bidez lortutako informazioa erabiliz. Horrek ikuspegi argiagoa emango du Pirinioez gaindiko eskualdean animalien tuberkulosia nola hedatzen den ikusteko.

Azkenik, aurreko proiektuan tuberkulosiaren diagnostiko molekularra egiteko garatutako metodoak baliozkotuko dira, eta, aldi berean, gaixotasuna hobeto kontrolatzeko diagnostiko tresna eta txerto berriak garatuko dira.

Horri guztiari esker, kontrol estrategia eraginkorragoak eta espezifikoagoak diseinatu ahal izango dira animalien populazioetan gaixotasunaren aurka borrokatzeko eta, aldi berean, pertsonentzako arriskua murrizteko eta osasuna eta ongizatea sustatzeko.

INNOTUB II

NEIKERez gain –proiektuaren koordinatzailea da–, partaideak dira Elikadura, Ingurumen eta Lanaren Osasun Segurtasunerako Agentzia Nazionala (ANSES), Tolosako Albaitaritza Eskola Nazionala (ENVT), Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutua (IRTA) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB). Gainera, berrikuntza gisa, INNOTUB II proiektuak Andorrako Gobernuaren parte hartzea du, bazkide moduan, eta, ondorioz, aurreikusitako jarduera batzuk Printzerriko lurraldean ere egingo dira.

INNOTUB IIk hiru urteko iraupena izango du eta INTERREG POCTEFA 2021-2027 Programak finantzatuko du, zeina lurralde lankidetzarako Europako programa bat den, Espainia, Frantzia eta Andorra arteko muga ingurunearen garapen jasangarria sustatzeko sortua. Erkidegoaren laguntza finantzario hori ingurunearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzera zuzentzen da, tokiko biztanleen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Gainera, programatzen diren proiektuek Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa ere jasotzen dute.

INNOTUB sareari eta aurrerapenei buruzko informazio gehiago lortzeko, proiektuaren webgunea kontsultatu dezakezue.

Related posts