Albisteak

BERRIA

30.000 kilo patata eman dizkiogu Arabako Elikagai Bankuari

19 azaroa 2021

30.000 kilo patata eman dizkiogu Arabako Elikagai Bankuari

  • Ekimenaren bidez, euskal lurraldeko 1.000 familia baino gehiago elikatzen laguntzen dugu, gure ikerketa jardueretan sortutako soberakinekin

Gizarte erantzukizun korporatiborako dugun konpromisoaren barruan, 2015. urteaz geroztik Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioarekin (FEBA) lankidetzan dihardugu, gure ikerketa jardueretan sortzen diren soberakinak erakundeari emanez. Aurten, lankidetza hitzarmen horren barruan, 30.000 kilo patata eman dizkiogu Arabako Elikagai Bankuari.

Entrega azaroaren 17an egin genuen, eta Arabako 1.200 familiatako 4.500 lagun elikatzeko balioko du. Bertan izan ziren Joaquín Salazar NEIKEReko Baliabide Orokorretako zuzendaria eta Daniel Fernandez Arabako Elikagai Bankuko lehendakaria.

“2015etik mantentzen dugun akordioari esker, dagoeneko 100.000 kilo patata baino gehiago eman ditugu, eta gure jarduera zientifikoen kokagunea den ingurunearekin dugun konpromiso sozialaren erakusgarri da”, azpimarratu du Salazarrek.

Saiakuntzetako soberakinak

Zehazki, lehen sektorean espezializatutako zentroak egindako dohaintzan, Kennebec, Monalisa, Jaerla, Agria, Baraka, Red Pointiac, Desire eta Yona izan dira patata mota nagusiak. Guztiak Arkautiko (Araba) ikerketa lanetatik sobera dauden produktu gisa jasota daude.

“Gure jarduerek nekazaritzako soberakin asko sortzen dute urtero. Patatei dagokienez, gehienak ‘kontrol aurreko’ eta ‘kontrol osteko’ saiakuntza eremuetan egindako probetatik datoz”, gaineratu du NEIKEReko adituak.

‘Kontrol aurreko’ eremuetan, NEIKERek ‘patata amak’ landatzen ditu. Lagin horiek inportatu egin dira eta Euskadin lehen aldiz landatuko diren haziak lortzeko erabiliko dira. Saiakuntza horietan jarraipena egiten zaie tokiko merkatuan sartu aurretik, hazien osasun ona ziurtatzeko.

Bestalde, ‘kontrol osteko’’ eremuetan kanpaina bateko ereiteko patata guztien jarraipena egiten da, araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Horretarako, Euskadin erabili eta ereiten diren loteen lagin bat hartzen da. “Horrenbestez, nekazari batek arazoak baditu bere lursailetan haziekin –ez dira behar bezala ernaltzen edo birosi arazoak dituzte–, eta arazo horren berdina kontrol osteko sailean agertzen bada, jakin egin daiteke haziak egoera txarrean zeuden edo arazoa nekazariaren lurrean bertan dagoen”, zehaztu du NEIKEReko Baliabide Orokorretako zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzaren Mintegiko Hazi eta Landareen Zerbitzua arduratzen da Araban lantzen den hazitarako patataren ekoizpenaren kontrol ofizialak eta ziurtapenak egiteaz, eta, NEIKERekin lankidetzan, landatu eta biltzeko lanak egiten ditu ‘kontrol osteko’ lursailetan.

Related posts