i-Watch Turkey App: hegazti-ustiategietako ongizatea neurtzeko lehen aplikazio mugikorra
Animalien ongizatea ebaluatzeko lehendabiziko aplikazio mugikorra garatu du NEIKER-Tecnalian lanean diharduen Inma Estevez Ikerbasque ikertzaileak. Metodo zientifiko baten laguntzaz, i-Watchturkey aplikazioak ustiategi komertzialetako indioilarren osasuna eta ongizatea neurtzea du helburu.
Ebaluazioa egin ondoren, aplikazioari atxikitako tresna estatistiko bati esker, aurretik hartutako beste neurketa batzuekin konparazioak azkar eta erraz egin ditzakete hegaztizainek eta albaitariek. Tresna behar bezala erabiltzeko, nahitaezkoa da animalien bizitokiaren baldintzei buruzko eta kudeaketa-praktikei buruzko informazioa sartzea, ezaugarri horiek hegaztien portaerarekin, osasunarekin eta ongizatearekin lotu ahal izateko.
Estevez doktoreak, ekologiaren arloan duen ezagutzan oinarrituta, pentsatu zuen zeharkako metodologia batek lagundu zezakeela nekazaritza-ustiategietako indioilarren ongizatea neurtzen. “Eureka gisako momentu bat izan zen”, adierazi du. Ideia AWIN proiektuko ikertzaileek onartu zuten, eta NEIKER-Tecnalian eta Milango Unibertsitatean probatu zen, AEBko Purdueko Unibertsitateko ikertzaileen lankidetzaz. Metodologia probatu ondoren, datuak biltzeko, aztertzeko eta bistaratzeko plataforma bat sortzea izan zen hurrengo pauso logikoa. Mundu osoko erabiltzaileengana iristeko tresnarik errazena, sinpleena eta azkarrena aplikazio bat garatzea iruditu zitzaien.
Nazioarteko hainbat biltzarretan aurkeztu dira emaitzak. Azterketa balioztatu duen ikerketa Poultry Science aldizkarian argitaratu zen. “Zientzialari asko harrituta azaldu zaizkigu, horren metodo errazaren laguntzaz lortu ditugun emaitzei erreparatuta: inplementatu ditugun adierazleek inpaktu ekonomiko handia izan dezakete hegaztizaintzaren industrian, eta gure helburua, indioilarren ongizatea hobetzeaz gainera, hegaztizainei etekin handiagoak lortzen laguntzea da, ustiategi osasungarriagoen laguntzaz”, adierazi du Estevez doktoreak. Gaur egun, antzeko beste aplikazio bat garatzen ari dira oilo-ustiategietarako, eta hilabete inguruko epean merkatuan izatea espero dute.