Albisteak

BERRIA

Bultzada berria Pirinioetako lurzoruak babesteko eta klima-aldaketara egokitzeko

5 azaroa 2026
  • SOLPYR II mugaz gaindiko proiektuak Pirinioetako lurzoruak arduraz kudeatzeko deia egin du, natur ondare hori zaintzeko bide bakarra delako.

 

Lurzoruak bizitzari eusten dion baliabidea dira. Badirudi aitortzen dugula lurzoruen garrantzia eta giza denboraren eskalan berriztaezinak direla. Hala ere, ikusezinak direla dirudi, eta haien galerari eta degradazioari buruzko datu kezkagarriak jasotzen jarraitzen dugu. Izan ere, EBko azaleraren % 62ri eragiten diote lurzoruaren degradazio- edo zigilatze-prozesuek.

Mendiko lurzoruak, gainera, oro har, gutxiago garatuta daude, eta kalteberagoak dira higaduraren, karbono organikoaren galeraren edo trinkotzearen aurrean. Klima-aldaketa eta giza jarduerak (abeltzaintza, nekazaritza, basogintza, turismoa, aisialdia eta abar) funtsezko faktoreak dira degradazio-prozesu horietan.

Horregatik, Pirinioetako lurzoruak babesteko eta klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia indartzeko, SOLPYR (Pirinioetako lurzoruak: ezagutu, babesteko) eta SOLPYR II (Pirinioetako lurzoruak: kudeaketa arduratsuaren bidez zaindu beharreko ondarea) proiektuak sortu dira, Pirinioetako Lurzoruen Aliantzaren (ASPir) ekimenez.

SOLPYR II proiektuak aukera emango du 2024an SOLPYR proiektuarekin abiatutako lau lan-ildoetan sakontzeko: lurzoruak ezagutzea, haien kalteberatasuna aztertzea, mendiko erabiltzaileak sentsibilizatzea eta gobernantza lantzea. Orain, SOLPYR II abiatzearekin batera, arreta handiagoa jarriko da lurzoruaren kudeaketa arduratsuan eta mugaz gaindiko lurraldeko eragileek lurzoruaren inguruan elkarguneak eta lankidetza-loturak sortzean.

SOLPYR II proiektuaren hasiera aurtengo urrian ospatu da Toulousen, eta proiektua 2029ko maiatzera arte luzatuko da. Lankidetzak abiapuntu bera izango du aurrerantzean ere: lurzoruak eta haien degradazio-arazoak hobeto ezagutzeak lagunduko die erabiltzaileei eta erakunde eskudunei baliabide berriztaezin hori babesteko eta kontserbatzeko beharraz jabetzen.

 

Proiektuaren hasiera-jardunaldia eta Pirinioetako Lurzoruen III. Foroa

Urriaren 20tik 22ra bitarteko jardunaldian hiru ekitaldi bildu ziren: SOLPYR proiektuaren esparruan antolatutako Pirinioetako Lurzoruen III. Foroa, bi proiektuen sustatzaile den Pirinioetako Lurzoruen Aliantzaren (ASPir) batzarra eta SOLPYR II proiektu berriaren aurkezpena.

Aurreko foroetan bezala, III. Foroak aukera eman zuen SOLPYR proiektuari esker Aulus/Vicdessosen (Ariège) prestatutako ibilbide edafologikoa bisitatzeko. Ibilbidea Coumbièreko goi-ordokiaren eta Lers mendatearen parean dago, Natura 2000 Sareko «Mont Ceint, Mont Béas, Bernadouzeko zohikaztegia» eremuan. Mendiko paisaia horretan, prozesu geomorfologiko eta edafologiko motelak eta giza jarduerari lotutako prozesu azkarragoak batera gertatzen dira. Azken horien artean daude turismoa, meatzaritza eta artzaintza estentsiboa. Ibilbide edafologikoak 7,4 km ditu eta 1.400 m inguruko altitudean doa. Inguru horretan arroka granitikoak, arroka sedimentario karbonatatuak (kareharriak eta dolomiak), mineralizazio metaliferoak, glaziar-jalkinak eta lherzolita-azaleramenduak daude. Lherzolita olibino ugariko arroka igneoa da, eta Lherz edo Lers mendigunetik datorkio izena. Ibilbidean zohikaztegiak eta lurzoruaren hondoratzeak ikus daitezke, hala nola eremu karstikoetako dolinak, bai berun-, zink- eta zilar-meategien aztarnak. Meategi horietan erabiltzen zuten egur-ikatza ibilbideko lurzoru-profil batzuen parte da gaur egun.

ASPirren batzarrean, Pirinioetako Lurzoruen Mugaz Gaindiko Ekintza Plana (PASPYR) aurkeztu zen. SOLPYR proiektuari esker prestatu da plana, eta jendaurreko kontsultara zabaldu da dagoeneko. Urrian egindako azken ekarpenak bildu ondoren, plana ASPirren hurrengo ezohiko bileran onartzea espero da, 2027ko urtarril aldera.

Gainera, Toulouseko jardunaldiak SOLPYR proiektuaren aurrerapenak teknikari eta adituekin partekatzeko aukera eman zuen, baita SOLPYR II proiektuari esker batu diren bazkide berriekin ere. Aurrerapenen artean daude lurzoruen sailkapenaren kartografia harmonizatua 1:400.000 eskalan, lurzoruei buruzko dibulgaziozko mahai-jokoak, 8 ibilbide edafologiko, monolitoak, atlasa eta higadura-prozesuei buruzko herritar-zientziako ekimenak, besteak beste. Bi proiektuen helburuak eta emaitzak landu ziren, haien arteko lotura egokitu eta sendotzeko, SOLPYR II proiektuak SOLPYRren irismena zabaldu eta eragina handitu dezan.

 

Mugaz gaindiko partzuergoa eta aurreikusitako emaitzak

SOLPYR proiektuko erakunde bazkideek elkarlanean jarraituko dute SOLPYR II proiektuan, eta beste bi erakunde batuko zaizkie (UPPA eta REPV). Tolosako Unibertsitateak (UT) koordinatuko du Pirinioetako eskualdeak ordezkatzen dituen partzuergoa. Hauek izango dira partzuergoko kideak: FORESPIR (GEIE FORESPIR), ICGC (Institut Cartogràfic i Geològic de Catalunya), NEIKER (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea), IPE-CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Pirinioetako Ekologia Institutua), OPCC-CTP (Pirinioetako Lan Elkartearen Partzuergoko Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia), UPPA (Université de Pau et des Pays de l’Adour), UPNA (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), REPV (Réseau Éducation Pyrénées Vivantes), FMC (Fundació privada Marcel Chevalier) eta DRYMA (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua). Proiektuak Pirinioetan barrena banatutako 8 erakunde elkartu ere baditu.

Hamaika erakunde horiek elkarlanean arituko dira Pirinio osoko lurzoruen katalogoa zabaltzeko, lurzoruen osasuna ezaugarritzeko metodologia harmonizatzeko eta aztertu beharreko kudeaketa-jardunbideak lurraldeko eragileekin adosteko. Saiakuntza esperimentalak egingo dituzte nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako jardunbide horietako batzuek lurzoruaren funtzioetan duten eragina zehazteko, eta 6 eremu pilotutan aztertuko dute higaduraren eta lurzoruko karbono organikoaren edukiaren bilakaera. Horrez gain, lurzoruari buruz sentsibilizatzeko hezkuntza-tresnak (kit pedagogikoak) prestatuko dituzte bitartekarientzat eta hezkuntzako arduradunentzat (prestatzaileen prestakuntza), 5 lekutatik igaroko den murgiltze-erakusketa ibiltaria dinamizatuko dute, jendeak maiz erabiltzen dituen mendiko bidezidorretan herritarren parte-hartzea sustatuko dute zientzia-ekimenetan, eta mendiko lurzoruak kontserbatzeko jardunbide egokien gida teknikoa osatuko dute.

 

Lurzoruak kudeatu, haiek babesteko

Pirinioetako lurzoruak balio ekologiko handiko ondarea dira, eta funtsezkoak dira mendiko ekosistemek klima-aldaketaren ondorioei aurre egin ahal izateko. Funtsezko eginkizuna dute, esaterako, uraren erregulazioan, karbonoa biltegiratzean eta biodibertsitatea kontserbatzean. Hala ere, lurzoruen degradazio-zantzuak gero eta ugariagoak dira (higadura, materia organikoaren galera eta abar), eta horrek agerian uzten du lurzoruak behar bezala kudeatzeko premia. Ondare hori zaintzeko, ezinbestekoa da Pirinioetako lurzoruen erabilerak (basogintza, abeltzaintza, nekazaritza, aisialdia eta turismoa) arduraz kudeatzea, mugaz gaindiko Pirinioetako lurraldeko eragileen lankidetzaz eta parte-hartzeaz.

SOLPYR proiektuaren lan-ildoei jarraituz, SOLPYR IIk Pirinioetako lurzoruen babesean aurrera egin eta klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia indartu nahi du. Horretarako, mendiko erabiltzaileekin batera jardunbide egokiak zehaztuko ditu, kalteberatasun nagusiak aztertuko ditu eta ezinbesteko baliabide horren balioaz sentsibilizatuko ditu erabiltzaileak.

SOLPYR II proiektuak (EFA243/06) 1.852.348 euroko aurrekontua du guztira. Europar Batasunak aurrekontuaren % 65 kofinantzatu du, 2021-2027ko Interreg POCTEFA programaren bidez. Programa horren helburua da Andorra, Espainia eta Frantzia herrialdeen arteko mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala sendotzea da.

SOLPYR II abian jarrita, SOLPYR proiektuari jarraipena emango zaio. Ezagutzaren, sentsibilizazioaren eta gobernantzaren bidez, Pirinioetako lurzoruak erabiltzen eta kudeatzen ditugun pertsonok eta erakundeok lurzoruari begiratzeko modua aldatu ahal izango dugu. Horri esker, oraingo eta etorkizuneko jokabideak egokitu ahal izango ditugu Pirinioetako funtsezko baliabide hori babesteko.

 

Informazio gehiago: solpyr.eu

 

 

 

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.