BERRIA
Roberto Ruiz: «Gure I+Gren inpaktua ez da “paper”etan bakarrik neurtu behar, baizik eta hala sektoreari nola lurraldeari benetan ekarritako itzulkinetan»
4 iraila 2026
Animalien Ekoizpen Sailaren buru izan ondoren, Roberto Ruizek bere gain hartu du NEIKERen Lurralde Inpaktuaren zuzendaritza. Arlo estrategiko berriarekin teknologia-zentroaren xedea da zientzia nahiz teknologia bizkorrago transferitzea nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektorera, eta bermatzea, orobat, ikerketak konponbide errentagarriak, jasangarriak eta benetako inpaktua dutenak dakartzala.
Animalien Ekoizpen Sailaren buru izandako aldiaren ondoren, orain Lurralde Inpaktuaren zuzendaritza hartu duzu zure gain. Zer esan nahi du kontzeptu horrek?
Argi dago sektorea oso une zailean dagoela eta erronka oso zorrotzei aurre egin behar diela, hala nola belaunaldi-errelebo faltari eta klima-aldaketari, besteak beste. Eta haien aurrean premiaz jardun beharra dago. Testuinguru horretan, sortzen dugun ezagutza azkar eta eraginkortasunez transferitzeak funtsezko garrantzia hartzen du.
Aldi berean, gizarteak gero eta gehiago eskatzen du I+Gn inbertitutako diruaren benetako inpaktua erakusteko, gure kasuan sektorean eta lurraldean gainean. Horregatik, inpaktuaren kontzeptua argitaratutako «paper» kopurutik edo biltzarretan izandako parte-hartzetatik haratago doa, eta oinarri hartzen du teknika, ekonomia, ingurumen eta gizarteari dagokionez sortzen dugun itzulkina.
Alegia, zer-nolako ekarpena egiten dugun nekazaritza-ekoizpeneko unitateak eta baserriak lehiakorragoak izan daitezen, enplegua sor dadin eta Euskadiko ekosistemak kontserba daitezen.
Zure xede nagusietako bat ezagutzaren transferentzia indartzea izango da. Nola lortzen da ikerketa sektorerako benetako konponbide bihurtzea?
NEIKERen Transferentzia arloa sortzea proposatu zenean, helburua zen zentroaren gaitasunak enpresen zerbitzura jartzea, eta, neurri handi batean, kontratupeko finantzaketa handitzea. Ildo horretan, oso lan garrantzitsua egin dugu, eta egiten ari gara oraindik, baita sektorearen beharrak identifikatzeko ere.
Egitura berriarekin, helburua da lan hori indartzea, transferentzia ez baita ikerketaren azken fasetzat hartu behar, baizik eta hasieratik egon beharreko elementutzat. Sektoreko eragileak inplikatu behar dira, hala nola ekoizleak, aholkulariak, kooperatibak, industria eta administrazioak, zer premia dituzten identifikatzeko, eta, premiok oinarri hartuta, proiektuak bideratzeko.
Hala bada, gure ikerketak inpaktua sortuko badu, benetako arazoei erantzun behar die, eta irtenbideak egunerokoan aplikagarriak, errentagarriak eta onargarriak izan behar dira. Horretarako, tresna erabilgarriak, erabilera-praktika berriak, teknologia irisgarriak eta prestakuntza-jarduerak garatu behar dira.
Gainera, funtsezkoa da ezagutza tokian tokira hurbiltzea frogatze- eta baliozkotze-eremuen bidez, hala nola finka pilotuen, lankidetza-proiektuen eta egoera errealetako saiakuntzen bidez. Ildo horretan, NEIKERen estrategia BERRITZEN planean oinarritzen da, zeina hiru ardatzetan egituratuta baitago: IDEIAK, sektorearen beharrak identifikatzean oinarritua; PRAKTIKAK, konponbideak egoera errealetan ezartzera bideratua; eta GUNEAK, esparru propioetan epe luzerako entseguak egitera bideratua. Horrek guztiak sektorearekin etengabeko harreman arina izatea eskatzen du, hasieratik bertatik elkarlanean diseinatzen bada baino ez baitu funtzionatzen transferentziak.
Eragin zientifikoa neurtzea ez da artikulu zientifikoak zenbatzea bakarrik. Nola ebaluatzen da ikerketaren benetako itzulkina?
Gure I+Gren inpaktua neurtzeak begirada zabaltzea dakar berekin. Kontua ez da argitalpenak kontatzea bakarrik, garrantzitsuak izanagatik ere, ulertu behar da sortzen dugun ezagutzari esker zer aldatzen den eta norentzat.
Adibidez, klima-aldaketarekiko erresistentea den patata-barietate batek fitosanitarioen kostuak murriztuko ditu, eta ustiategi baten marjina garbia hobetuko du. Teknologia berrien kasuan, itzulkina da lanordu gutxiago egin behar izatea. Oro har, inpaktua honako hauetan ikusten da: produktibitate-hobekuntzetan, kostuen murrizketan eta jarduera ekonomikoa, enplegua eta ingurumen-adierazleak sortzen.
Ildo horretan, erronka da sektorearen benetako informazioa izatea, eta horrek eragileekin hurbiltasun handiagoa izatea eskatzen du. Gainera, inpaktu batzuk ez dira beti berehalakoak, eta beste ebaluazio-modu batzuk behar dituzte, hala nola erabaki publikoak hobeki hartzea, sektore-ehuna indartzea, gaitasun profesionalak hobetzea eta produkzio-sistemen erresilientzia handiagoa erdiestea.
Klima-aldaketa eta eraldaketa digitala abian direla, zein dira EAEko nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektorearen lehentasun premiazkoenak?
Klima-aldaketa dagoeneko ari da efektu ikusgarriak sortzen, hala nola bero-bolada biziagoak eta prezipitazio gutxiago, eta, ondorioz, laboreen kudeaketa, ereiteko datak, ureztapena eta abeltzaintza-instalazioak egokitu behar dira estres termikoa murrizteko.
Aldi berean, aurreratu beharra dago barietate erresilienteagoen garapenean, animalien elikaduraren hobekuntzan eta ekoizpen-sistemen kudeaketan; hobekuntza genetikoko programek, berriz, animalia toleranteagoak jada identifikatzen dituzte, baina epe ertaineko emaitzekin.
Digitalizazioaren esparruan, lehentasuna da sentsore baliozkotuak gehitzea laboreak eta animaliak monitorizatzeko eta kalitatezko datuak sortzeko, haietan oinarrituta adimen artifizialak erabakiak hartzea erraztu dezan (esate baterako, alerta goiztiarreko sistemen bitartez).
Horrek guztiak sektorearen efizientzia, lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen lagundu behar du. Eta aldi berean, premiazko egiturazko erronka bat dago: belaunaldi-erreleboa eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ekoizpen-unitateen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea; izan ere, errentagarritasunik eta baldintza erakargarririk ezean, aurrerapen orok eragin mugatua izango du.
Berrikuntzak funtziona dezan, zure zuzendaritza aliantza estrategikoak garatzen saiatuko da. Zergatik da ezinezkoa gaur egungo ikerketa zientifikoa modu isolatuan ulertzea?
Lehen sektoreko ikerketari ezin zaio modu isolatuan heldu, erronkak konplexuegiak direlako. Klima-aldaketak, jasangarritasunak eta digitalizazioak ezagutza partekatua eta gaitasun osagarriak behar dituzte.
Enpresekin, kooperatibekin, elkarteekin, administrazioekin eta beste zentro batzuekin egindako aliantzei esker, proiektuak hobeki konekta daitezke benetako beharrekin, transferentzia bizkortu daiteke eta konponbideak ingurune errealetan baliozkotu daitezke. Gainera, konfiantza sortzen eta inpaktua biderkatzen laguntzen dute.
Europako sareek, bestalde, aukera ematen dute joerak aurreikusteko eta puntako ezagutza eskuratzeko, baina hori bezain garrantzitsua da tokiko sustraitzeari eustea, berrikuntzak lurraldeari erantzuten diola ziurtatzeko.
Etorkizunari begira, zein dira zuzendaritza berria finkatzeko erronka nagusiak?
Epe laburrean, helburua da Transferentzia eta Bioekonomia arloekin batera lantaldea finkatzea, eta barne-koordinazioa indartzea. Era berean, mahastizaintza-sektorean ahalegin berezia egiten ari gara. NEIKERek esperientzia eta aintzatespena ditu sektore horretan, eta EDA Drinks & Wine Campus elkartearekin aliaturik ari gara dagoeneko lanean.
Epe ertain eta luzera, erronka da transferentzia-estrategia egituratua, neurgarria eta sektoretik hurbil dagoena finkatzea. Horrek dakar kooperatiba, industria eta administrazioekiko harremana indartzea, ikerketa inpaktua duten konponbideetarantz bideratzeko.
Beste erronka garrantzitsu bat da inpaktua ebaluatzeko kulturarantz aurrera egitea, ez soilik ikerketa-jarduerari dagokionez, baita lurraldean ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen arloan benetako eraldaketa gauzatzeari dagokionez ere. Eta, aldi berean, tokiko eta Europako aliantzak indartzen jarraitzea.
Maila pertsonalean, zerk bultzatzen zaitu NEIKERen barruko erronka berri hau zure gain hartzera?
Erronkaren zeharkako dimentsioak eta lan-esparrua zabaltzeko aukerak motibatzen naute bereziki; hain zuzen ere, ezagutza lurraldean inpaktu zuzenagoa izanik irits dadin sektorera. Aukera handia dago ikerketaren eta haren onuradunen arteko lotura indartzeko, ekoizleengandik hasi eta sektoreko eragile eta herritar guztienganaino.
Ilusioz betetako erronka ere bada, aukera ematen didalako era zeharkakoagoan lan egiteko, eta askotariko taldeak, proiektuak eta eragileak konektatzeko, eta ikus dezaket, orobat, lan horrek zer-nolako hobekuntzak dakarzkion Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektorearen egunerokotasunari.




