BERRIA
Mahastizaintzaren bideragarritasuna eta kalitatea bermatzeko lau zutabe estrategikoak
28 urtarrila 2026
- NEIKER teknologia-zentroak lurzoruaren higadura murrizteko eta ingurune bitikolako biodibertsitatea sustatzeko irtenbideak bultzatzen ditu.
- Barietate minoritarioen berreskurapena eta ureztatzearen kudeaketa eraginkorra egokitzapenerako gako nagusi gisa finkatu dira.
Gaur egun, mahastizaintza aurrekaririk gabeko kinka larrian dago. Klima-aldaketa ez da jada urruneko mehatxu bat, mahastien egunerokoa asaldatzen duen errealitate bat baizik: tenperaturak gora doaz, muturreko fenomeno klimatikoak ugaritu dira eta ur-eskaria gero eta zorrotzagoa da. Faktore horiek guztiek, izurriteen eta gaixotasunen kontrola bezalako ohiko erronkei gehituta, zuzeneko eragina dute mahatsaren kantitatean zein kalitatean, ustiapenen epe luzerako errentagarritasuna arriskuan jarriz. Testuinguru horretan, zientzia ezinbesteko aliatu bihurtu da mahastizaintza sektore lehiakorra, jasangarria eta kalitate handikoa bermatzeko.
Etorkizuneko mahastizaintzarako lau ardatz
Roberto Pérez-Parmo NEIKEReko teknikariak azaldu duenez, egungo erronka zein ataka hauei aurre egiteko, zentroaren estrategia funtsezko lau ardatz estrategikotan banatzen da.
Lehenik eta behin, lurzoruari dagokion ardatzean, helburu nagusia honako hau da: “lurrean eragindako inpaktua minimizatzea, higadura murriztu dadin eta lurzoruen osasuna kontserbatu edo hobetu dadin”. Bigarrenik, insumoen atalari helduz, NEIKERek mahastiko izurriteen eta gaixotasunen kudeaketa fintzeko lan egiten du. Jardun horrek produktu fitosanitarioen erabilera apaltzea du xede.
Hirugarrenik, ingurunea jomugan jarrita, tokiko biodibertsitatea sustatzea bilatzen da, mahastizaintza-ekosistemak “gaitasun handiagoa izan dezan eta erresilienteagoa izan dadin klima-aldaketaren testuinguruan gertatzen ari diren aldaketen aurrean”. Azkenik, laborantzaren ardatzak hainbat lan-ildo biltzen ditu. Hauen artean nabarmentzekoa da “duela hamarkada askotatik erregistrorik ez duten barietate tradizionalen eta barietate minoritarioen” landare-materiala berreskuratzea, ureztatzearen optimizaziorako zein kudeaketa eraginkorrerako praktikak ezartzeaz gain.
Berrikuntza aplikatua eta sektorearekiko lankidetza
Klima-aldaketa mahastizaintzaren joko-arauak birdefinitzen ari da; izan ere, tenperaturak gora egiteak ontze-prozesua azkartu eta mahatsaren azukre-edukiaren eta azidotasunaren arteko oreka galarazten du. Horrez gain, prozesu horrek mahastiaren ur-beharra areagotzen du. Egoera berri honi aurre egiteko —hots, berotze globalak dakarren erronkari—, teknologia-zentroen eta mahastizainen arteko elkarlana ezinbesteko baldintza bihurtu da.
Ezagutza-transferentzia horren adibide argia da El Mozo Wines upategiko Itxaso Compañónekin batera berriki garatutako proiektua. Haren mahastian estazio klimatiko bat eta lurzoruko tenperatura zein hezetasuna neurtzeko sentsoreak instalatu dira, landareen premiak zehaztasun osoz monitorizatzeko. Upategitik honako hau adierazi dute: “azterketa honetatik ateratako informazio guztia ureztatzaileen komunitatearekin partekatuko da, uraren erabileran eraginkortasun handiena lortze aldera”. Era berean, kontrol horrek ur-baliabidea optimizatzeaz gain, amaierako produktuaren kalitatea zuzenean hobetzen duela azpimarratu dute.
I+G+b aplikatuko eredu honek NEIKERek sektore bitibinikolarekin duen konpromisoa sendotzen du. Jardun horri esker, ekoizleei benetako tresnak eskaintzen zaizkie merkatu global zorrotzaren barruan lehiakor jarrai dezaten.




