Albisteak

BERRIA

NEIKERek SALUGANDA Elkartearekin duen konpromisoa indartu du Ugandan hezkuntza, berdintasuna eta garapen jasangarria sustatzeko

12 abendua 2025

 

  • 2019az geroztik indarrean dagoen lankidetza 10 eskolatara hedatu da. Eskola horietan, komun lehorretatik eta nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetatik datorren konpostean oinarritutako ziklo agrojasangarri bat ezarri da, eskola-baratzeak hobetzeko.

 

  • Aurten, proiektuak hezkuntzaren aldeko apustua indartu du: beken programa hedatu du eta 4300 haur baino gehiagorentzat etorkizunerako aukerak sortzen dituzten joskintza-tailerrak bultzatu ditu.

 

NEIKERek eta SALUGANDA Elkarteak bizi-baldintzak hobetzen jarraitzen dute Ugandako landa-eremuetan –Mukono eta Buikwe barrutietan, Victoria aintziraren ertzean–. Hamar eskolatako 4.300 neska-mutilek baino gehiagok parte hartzen dute gaur egun azpiegitura-hobekuntzak, nekazaritza-ingurumenaren arloko hezkuntza eta garapen komunitarioa uztartzen dituzten ekimenetan.

Proiektua Iker Mijangos NEIKEReko ikertzaile ohi eta SALUGANDAko egungo presidentearen bultzadari esker sortu zen. Ongarritze organikoari buruzko doktore-tesian jasotako ezagutzak aplikatzea erabaki zuen 2011n, Tom and Margaret Carroll Centre eskola-umezurztegian lehen eskola-baratzea sortzeko. “Oilategi bat zuten, eta simaurra eskolako jantokiko hondarrekin konpostatzea pentsatu genuen, baratze bat ongarritzeko eta, horrela, ikasleen dieta osatzeko, eta, aldi berean, oiloentzako artoa ekoizten genuen. Handik bueltatu nintzenean, NEIKERi proiektua hedatzea proposatu nion, gure ezagutzak aprobetxatuz, eta berehala onartu zuten. Horrela hasi ginen”, gogoratzen du Mijangosek. Proiektua hazten ari zela eta proiektura eskola gehiago batzen zirela ikusita, 2019an SALUGANDA boluntarioen elkartea sortzea eta lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki zuten. Hitzarmen hori urtero berritzen da ordutik.

 

Elikagaien osasuna eta segurtasuna bermatzeko oinarrizko azpiegiturak

Lehenengo urteetan, funtsezko beharrei erantzutera bideratu zen ekimena: komun lehorrak, edateko uraren tankeak, oilategiak, txerri-haztegiak, baratzeak eta instalazioen hobekuntzak. Oinarri horri esker, eredu autosufiziente baterako bidean aurrera egin da, ikastetxeek elikagai eta ongarri gehienak beren kabuz sortu ahal izateko, egurrezko sukaldeetako konpostaren eta errautsaren bidez.

Azken urteotan, eskolako azpiegiturak hobetzen saiatu da proiektua, eta, horretarako, egurrezko sukalde eraginkorragoak eta eguzki-plakak jarri ditu, eskoletan bizi diren umezurtzentzako logela berriak argiztatzeko. Ordura arte, ikasgeletako zoruan egiten zuten lo.

Autonomia errazten duen ekipamendua ere jarri du: fotokopiagailuak, inprimagailuak eta ordenagailuak, beren mailara eta beharretara egokitutako eskola-materiala ekoizteko aukera izan dezaten. Material hori lehen hiriburuan bakarrik eros zezaketen, eta gainera oso garesti ordainduta. “Oso eskertuta daude aurten HAZIk eman dizkigun ordenagailuengatik”, esan du Mijangosek.

 

Teknologia eta baliabideak hezkuntzaren kalitatea hobetzeko

Ikastetxeek beren autonomia errazten duen ekipamendua daukate orain: fotokopiagailuak, inprimagailuak eta ordenagailuak. “Horri esker, beren mailara eta beharretara egokitutako eskola-materiala ekoizten dute. Material hori lehen hiriburuan bakarrik eros zezaketen, eta gainera oso garesti ordainduta”, azaldu du Mijangosek.

Gainera, NEIKEReko boluntarioek, hala nola Roberto Pérez-Parmok, aholkularitza teknikoa eman die lurzoruen emankortasuna hobetzeko eta zentroko laborategietan egindako analisi edafologikoen bidez eskola-baratzeak optimizatzeko.

 

Espediente akademiko onena duten neskatoentzako bekak

2015ean, baliabide gutxi dituzten familietako adingabeei laguntzeko eta ikasketekin jarraitzea errazteko beka-sistema bat jarri zuen abian proiektuak. Ekimen hori zabalduz joan da, eta gaur egun egoera zaurgarrian dauden 250 etxe baino gehiago dira onuradunak.

2024an 15 beka gehiago eman zaizkie emaitza akademiko onenak lortu dituzten ikasleei, bigarren hezkuntzan sartzeko aukera izan dezaten; izan ere, etapa hori askok ezin izaten dute egin, muga ekonomikoak dituztelako.

“Bekarik gabe, neska horietako askok ikasteari utziko liokete lehen hezkuntza amaitzean, eta mendekotasun ekonomikoko egoeran geratuko lirateke. Benetako aukera ematen saiatzen gara, baina gure aurrekontua mugatua da”, azaldu du Mijangosek.

 

Joskintza eta lanbideetako prestakuntza, aukerak sortzeko

Muga ekonomiko horiek gainditzeko, azken bi urteetako berrikuntza nabarmenetako bat Skills Training programa da. Programa hori josteko prestakuntzan oinarritzen da, ikasleek lanbide bat ikas dezaten eta beren ikasketak ordaintzeko artisau-lanak sal ditzaten.

Eskolek josteko makinak eta irakasle espezializatuak dituzte orain, poltsak, diru-zorroak eta ehungintzako osagarriak sortzeko. Pieza horietako batzuk Euskadiko azoka solidarioetan saltzen dira —abenduaren 16an NEIKERen egingo den azokan, esaterako—, eta bildutako diru guztia eskoletara itzultzen da.

Gainera, Patricia Gallejones eta Leire Larreta NEIKEReko langileek borondatez parte hartzen dute Ugandatik ekarritako oihalekin egindako poltsak, ileko gomak, eta bestelako produktuak egiten. Horiek ere abenduko azoka txiki solidarioan egongo dira eskuragarri.

 

Emakumeen kirola eta genero-berdintasuna

Zeharka, programak emakumezkoen eskola-kirolaren sustapena indartu du, hainbat kluben ekipamenduak emanez (Athletic Club, Real Sociedad, Alaves, Mungia, Iturrigorri, Danok Bat, Sanduzelai…). Eskolen arteko futbol eta netball txapelketen helburua da neskek kirolean duten parte-hartzea normalizatzea eta haien ahalduntzea sustatzea.

Josteko klaseetan ikasitakoari esker, orain “konpresa berrerabilgarriak fabrikatu ditzakete, eta ez dute eskola-egunik galtzen, horixe gertatzen baitzitzaien hilero zazpigarren mailakoei”, adierazi du amaitzeko Mijangosek.

 

NEIKEReko langileen boluntariotza eta inplikazioa

NEIKERen eta SALUGANDAren arteko harremana hitzarmen instituzionalean eta zentroko langileen zuzeneko inplikazioan oinarritzen da.

Gaur egun, elkarteko 39 bazkideetatik 10 NEIKERekoak dira. Ekarpen ekonomikoez gain, askok borondatez laguntzen dute komunikazio-ekintzetan, azoka txikietan, analisi teknikoetan edo hezkuntza-tailerretan.

Azkenik, NEIKEReko boluntarioak, Roberto Pérez-Parmo kasu, Ugandara joan dira aholkularitza teknikoa emateko lurzoruen emankortasuna hobetzeko eta zentroko laborategietan egindako analisi edafologikoen bidez eskola-baratzeak optimizatzeko. Edo June Hidalgok, adibidez, duela gutxi gure eskolak bisitatu zituen sare sozialetan egindako aurrerapenak dokumentatzeko eta komunikatzeko, eta Ugandako eta Euskal Herriko eskolen arteko ingelesezko gutunen urteko trukaketan lagundu zuen.

Urtero, NEIKERen egoitzan ate irekien jardunaldi bat egiten da, proiektuaren aurrerapenak aurkezteko eta langileei parte hartzeko bide berriak ezagutzera emateko.

 

Kafe eta azoka txiki solidarioa

Datorren abenduaren 16an, 11:45ean, eta nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko enpresa publikoen Gabonetako luncharen aurretik, SALUGANDA proiektuak Kafe Solidarioa eskainiko du Arkautiko TOPAGUNEAN.

2025eko urtarrilean egindako esperientziari jarraituz, hurbiltzen diren pertsona guztiek Ugandako kafea edo tea edan ahal izango dute, proiektuaren aurrerapen berrienak partekatu eta inplikatu nahi dutenentzako dauden lankidetza-aukerak azaltzen diren bitartean.

Egun horretan bertan azoka txiki solidario bat ere egingo da, Skills Training programaren barruan Ugandako eskoletako haurrek eta irakasleek egindako produktuak eta Afrikako herrialdetik ekarritako oihalekin NEIKEReko kideek egindako produktuak erosteko. Bildutako diru guztia Ugandako proiektuaren jarduerak laguntzeko erabiliko da.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.