BERRIA
Nazioarteko adituak ereiteko patataren kalitatearen estandar globalak eguneratzeko bildu dira NEIKERen
15 urria 2025- Ekitaldian, teknologia-zentroak, batetik, berrikuntzaren arloan duen lidergoa erakutsiko du eta, bestetik, PATAFEST proiektu europarraren emaitzak aurkeztuko ditu
 
Seed Potato Rapporteurs’ Meeting 2025 NEIKERen Arkautiko egoitzan (Araba) egingo da aste honetan. Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak (UNECE) antolatu du, eta Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du. Gobernu-ordezkariak, ziurtapen-agintaritzak eta hazitarako patataren arloko nazioarteko adituak bilduko dira topaketan, eta S-1 nazioarteko araua berrikusi eta eguneratuko dute; hots, tuberkulu horrek nazioarteko merkataritzan bete behar dituen kalitate-, trazabilitate- eta osasun-betekizunak arautzen dituen estandarra.
Arabak rol historikoa jokatu du hazitarako patataren hobekuntzan eta ekoizpenean, eta hori dela-eta aukeratu dute bilerarako egoitza. «Patata hobetzeko Iturrietako estazioa, 1933an sortua, aitzindaria izan zen tuberkuluen aukeraketa eta osasunean, eta Espainiako askotariko laborantza-baldintzetara egokitutako barietateak garatzen lagundu zuen. Tradizio horrek oraindik ere badirau NEIKERen; izan ere, rol nabarmena jokatzen dugu hazitarako patataren ekoizpenean eta ziurtapenean», nabarmendu du Amaia Ortizek, teknologia-zentroko Landare Ekoizpen eta Babeseko Saileko arduradunak.
Gai hori sakon jorratzeko, hitzaldi teknikoak eta eztabaidak egingo dira ziurtapena, landare-osasuna eta nazioarteko araudiaren eguneraketa hizpide hartuta, hartara globalizazioak eta klima-aldaketak bultzatutako labore-gaixotasun emergenteek eta berremergenteek planteatzen dituzten erronkei heltzeko. «Ezinbestekoa da S-1 araua eguneratuta izatea, mehatxu horietara egokitutako ikuskapen-protokoloak barne hartzeko eta nazioarteko estandarrak Europako Itun Berdearen jasangarritasun-helburuekin lerrokatzeko», baieztatu du Iranzu Nanclares de Gamboak, Eusko Jaurlaritzako patata-ziurtapenaren arduradunak.
Hona egingo diren jardueretako bi: NEIKERen germoplasma-bankura bisita teknikoa egitea (300 patata-barietate baino gehiago daude bertan) eta hazkuntza aeroponikoko instalazioak bisitatzea (lehen belaunaldiko oinarri-patata ekoizten da bertan). Sistemak (100.000 minituberkulu/urte) aukera ematen du laboreak substraturik gabe eta baldintza erabat kontrolatuetan garatzeko; horrela, haziaren osasuna bermatzen du eta % 30 eta % 50 murrizten ditu ur-kontsumoa eta ongarri-kontsumoa, hurrenez hurren.
Izurriak kontrolatzeko estrategiak
Gainera, bertaratzen direnek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte PATAFEST proiektu europarraren emaitzak. Bada, programaren helburua da hazitarako patataren kalitatea eta osasuna konprometitzen dituzten izurriak eta gaixotasunak modu jasangarrian kontrolatzeko estrategiak garatzea. Aurkeztutako aurrerapenen artean, hauek nabarmentzen dira: uzta bildu ondoko izurri eta patogenoen identifikazioa eta Zebra Chip gaixotasuna kontrolatzeko estrategia berriak, nazioarteko entitateekin batera egindakoak.
Proiektuak, gainera, bi alderdi hauek esploratzen ditu. Batetik, adimen artifizialean oinarritutako tresna digitalak erabiltzea landan patogenoak modu goiztiarrean detektatzeko, gailu mugikorrekin egindako irudien bitartez. Bestetik, uzta bildu ondoko biltegiratze-soluzio berritzaileak erabiltzea, hala nola biokontrol-estaldurak eta konposatu organiko lurrunkorren sentsoreak, hartara galerak murrizten eta tuberkuluen kalitatea mantentzen laguntzeko.
Ikerketa eta hitzaldi teknikoen bitartez, jardunaldiak erantzun egin nahi die patata-hazkuntzak dituen erronka fitosanitarioei eta nabarmendu nahi du zeinen garrantzitsua den nazioarteko estandarrak eguneratuta izatea, tuberkuluaren osasuna eta jasangarritasuna bermatzen baitituzte. Modu paraleloan, nazioarteko elkarlana indartzeko eta sektoreko eragile nagusiek ezagutza teknikoak partekatzeko balio du hitzorduak.
UNECE
UNECE Nazio Batuen bost eskualde-batzordeetako bat da, eta bere funtzioetako bat nekazaritzaren arloko kalitate-arauak harmonizatzea da. Hazitarako patataren kasuan, S-1 estandarrak tuberkuluaren barietate-identitate, osasun, trazabilitate eta kalitateko nazioarteko betekizunak zehazten ditu, bai eta herrialde ekoizleen eta erosleen arteko merkataritza bidezkoa eta segurua dela bermatu ere.


					
                            

