BERRIA
Ardi- eta ahuntz-aziendaren osasuna eta jasangarritasuna, Bilboko SEOC kongresuaren ardatza
2 urria 2025
- NEIKER teknologia-zentroak Espainiako Obinoteknia eta Kaprinoteknia Elkartearen XLVIII. Kongresu Nazionala eta XXIV. Nazioarteko Kongresua antolatuko ditu aurten hausnarkari txikien sektorearen gaurkotasuna aztertzeko.
- Ostirala arte, Bizkaia Aretoan txostenak, mahai-inguruak eta komunikazio zientifikoak egongo dira ikerketaren, akademiaren, teknikaren nahiz enpresaren arloko profesionalen eskutik.
Hausnarkari txikien sektoreko ikerketaren, akademiaren, teknikaren eta enpresaren alorreko 100 espezialista baino gehiago bilduko dira aste honetan Bilboko Bizkaia Aretoan Espainiako Obinoteknia eta Kaprinoteknia Elkartearen (SEOC) XLVIII. Kongresu Nazionalaren eta Nazioarteko XXIV. Kongresuaren kari. Topaketa, NEIKER teknologia-zentroak antolatu du aurten —hau da, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundea—, eta arlo horretako aurrerapen zientifikoak eta teknikoak aztertzea du xede, bai eta lanbide-esperientziak trukatzea eta ardi- eta ahuntz-ekoizpenaren bilakaera markatzen duten erronka nagusiak jorratzea ere.
Erakunde antolatzaile eta ikerketa aplikatuko erreferente gisa, NEIKERek partaidetza aktiboa du programan, eta azkenaldiko lanetan lortutako emaitzetako batzuk aurkeztuko ditu. «Ikerketok askotariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola osasuna, elikadura, genetika, ugalketa eta jasangarritasuna, eta erakusten dute zentroak zer-nolako ahalegina egin duen sektorearen oraingo erronkei zientzia-ezagutza eta konponbide praktikoak emateko», azaldu du Jesse Barandika NEIKEReko Animalia Osasun Saileko ikertzaile eta SEOCeko presidenteak.
Gaurtik ostirala arte, txostenak, mahai-inguruak eta komunikazio zientifikoak egongo dira, gai teknikoak eta testuinguru-azterketa uztartuta, jasangarritasunari, klima-aldaketara egokitzeari eta biodibertsitatearen kudeaketari buruz.
Sektorerako gai kritikoak
Kongresuan aztertzen diren gaien artean mihi urdinaren egoera dago, gaitz horrek eragin handia baitu oraindik ardi- eta ahuntz-aziendan. Ikertzailearen esanetan, «arazo nagusia ez da gaitza berez, baizik eta administrazioetan jarduteko irizpide estandarizaturik ez egotea, horrek agerraldien prebentzioa eta kudeaketa zailtzen baititu. Mahai-inguruan erronkok eta sektorerako prebentzio-estrategiak aztertuko dituzte».
Klima-aldaketak ere badu funtsezko tokirik kongresuan. Txostenetako batek, batetik, abeltzaintzako profesionalek fenomeno emergente horri buruz duten pertzepzioa jasotzen du, eta bestetik, hartara egokitzeko zer esperientzia gauzatu dituzten, sektorearen askotariko egoerei erantzuten dieten estrategiak garatzeko oinarriak finkatze aldera.
Osagarri moduan, SEOCen jardunaldiek abeltzaintza estentsiboa eta otsoa elkarrekin nola bizi jorratuko dute. Hartarako, abeltzaintzaren, ikerketaren eta akademiaren arloko partaideak bilduko ditu, babestutako espeziaren kontserbazioa eta ekoizpen-jarduera bateragarri egiten duten aukerak azter ditzaten, ustiategien bideragarritasuna arriskuan jarri gabe.
Arretagunea jasangarritasunean
Kongresuak sektorearen etorkizunari begiratzen dio, halaber, haragitako ahuntz-aziendari buruzko saio espezifikoa eginez; izan ere, haren ekoizpenaren gainbehera dago, eta etengabeko murrizketak baliteke jardueraren jarraitutasuna arriskuan jartzea. Ustiategi estentsiboak eta onura agrosistemikoak dira azpisektorearen ezaugarri, hala nola paisaia kontserbatzea, biodibertsitatea mantentzea eta lurzoru-emankortasuna hobetzea, eta bere egoera nahiz balioak ikusarazi behar ditu, bai eta gaur egungo erronken aurrean eskaintzen dituen aukerak ere.
Barandikak adierrazi bezala, «haragitarako ahuntz-aziendaren produktuak eta ekoizteko moduak kontsumitzaileen oraingo eskarien araberakoak badira ere, merkaturatzea ez da handitzen ari behar den erritmoan. Horrenbestez, funtsezkoa da sektorea ikusaraztea eta erakundeen babesa sendotzea haren jasangarritasuna bermatuko bada». Erronkari erantzuteko, saioak arrisku-faktoreak, aukerak eta estrategiak aztertzen ditu ekoizpena biziberritzeko eta landa-ingurunean haren jarraitutasuna bermatzeko.
SEOC
Espainiako Obinoteknia eta Kaprinoteknia Elkartea (SEOC) 1975ean sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, ardi- eta ahuntz-ekoizpenaren arloko profesionalak biltzen dira bertan, ikerketa sustatzeko, ezagutzak elkarri trukatzeko eta arloko zientzia-aurrerapenak zabaltzeko. Egiten dituen kongresuak, mintegiak eta goi-mailako prestakuntza-ikastaroak Estatuko eta nazioarteko erreferente sendoa dira, eta ikertzaileen, teknikarien eta ekoizleen arteko lankidetza sustatzen du hausnarkari txikien ekoizpenaren berrikuntza, jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko.
Estatuko eta nazioarteko erreferente bihurtu diren jardunaldion bitartez, elkarteak sektoreko prestakuntza laguntzen du mintegien eta goi-mailako ikastaroen bitartez.