BERRIA
EBk arrautza ekoizteko kaiolarik gabeko sistemetarako trantsizioa landu nahi du
5 apirila 2022EBk arrautza ekoizteko kaiolarik gabeko sistemetarako trantsizioa landu nahi du
- NEIKER Best Practice Hens Europako proiektuan parte hartzen ari da, EBn kaiolarik gabeko hazkuntza sistemetarako trantsizio jasangarrian lagunduko duen praktika onen katalogo bat ezartzeko
- Proiektua Europako Batzordeak finantzatzen du, eta Herbehere, Belgika, Danimarka, Polonia, Portugal eta Espainiako bederatzi bazkidek parte hartzen dute
Europa munduko arrautza ekoizle handienetako bat da, eta lurralde aurreratuenetako bat, kaiolarik gabeko hegaztiak hazteko sistema alternatiboak ezartzeari dagokionez: hainbat mailatako hegazti ustiategiak daude, edo lurreko sistema ekologikoak dituztenak, non hegaztiek leku eta irteera gehiago dituzten kanpora. Zentzu horretan, gainera, animalien ongizateari dagokionez, legeria aurreratuenetakoa du, eta erreferentzia gisa balio du beste herrialde askorentzat.
Hala ere, beste hainbat alderditan bezala, Europa bi abiaduratan doa. Hala, Danimarka, Suedia, Alemania edo Holandan, esaterako, aspalditik egiten da arrautza ekoizpen osoa edo gehiena kaiolarik gabeko sistemetan, baina Europa hegoaldeko herrialdeetan, hala nola Espainian edo Portugalen, trantsizio hori motelago doa.
Europako gizarteko hainbat sektorek presio handia egiten dute animalien ongizatearen arloan, aldaketa horiek azkarrago eta uniformeago gerta daitezen. Erreibindikazio horren isla da Europako “End the Cage Age” herri ekimena (Ken ditzagun kaiolak), 170 GKE baino gehiagoren eta milioi bat baino europar hiritar gehiagoren sinaduren babesa duena, Europako animalien ekoizpenean edozein kaiola sistema ezabatzeko.
Ekimenak ekoizleentzat dituen erronka handiak direla eta, iazko maiatzean, Europako hainbat herrialdetako bazkideek osatutako partzuergo batek Best Practice Hens proiektua jarri zuen abian, eta NEIKERek ere parte hartzen du proiektu horretan, praktika onen eskuliburu bat garatzeko, Europar Batasunaren barruan kaiolarik gabeko sistemetara igarotzen laguntzeko.
Horrela, alde batetik, ikertzaileek bildutako ezagutzatik eta, bestetik, Europako hegazti ekoizleen esperientziatik abiatuta ezartzen diren jarraibideak laguntza praktikoa izan daitezke arrautza ekoizleentzat, sistema alternatibo horietarako trantsizio jasangarria egiteko bidean, EBko herrialde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, animalien ongizatea hobetzeko.
Trantsizio jasangarrirako jarraibideak
Ildo horretan, NEIKER zentro teknologikoa eta ECOVALIA (Ekoizpen Ekologikoaren Espainiako Elkartea) arduratzen dira Espainian eta Portugalen proiektuan lan egiteaz. Zehazki, proiektua garatu den lehen urtean, NEIKERen eta ECOVALIAren Animalien Ekoizpen Saileko ongizate taldeak sektoreak bi herrialde horietan duen egoerari buruzko informazio sozio-ekonomikoa bildu du, praktika onak egokitu ahal izateko, dituen berezitasunak eta berariazko erronkak kontuan hartuta.
Gainera, animalien ongizatean aditua eta sail horretako ikertzaile Inma Estevezek azaldu bezala, ongizatea ebaluatzeko tresnak biltzen ari dira, eta, horretarako, “datu base berean bildu ditugu erruteko oiloen ongizatea ebaluatzeko Europako protokolo nagusien ezaugarri orokorrak eta adierazleak, azken erabiltzaileei beren beharrizan eta egoera espezifikoen arabera egokienak diren protokoloak edo adierazleak aukeratzen laguntzeko”.
Bildutako informazioari esker, NEIKERek proiektuaren bigarren urtean tresna praktiko bat garatuko du, trantsizio aldi honetan bereziki erabilgarria izango dena, hegaztien osasun eta ongizate parametroak monitorizatu ahal izateko, arazoak garaiz detektatu ahal izateko eta ekoizpen eraginkorra bermatzeko. Eskuratutako ezagutza hori guztia sektorearekin partekatuko da, herrialde osoan hainbat zabalkunde jardueraren bidez.
Datorren urtean, proiektuaren azken fasean, identifikatutako praktikarik onenak partekatuko dira sektorearekin, baita tresna errazen sorta bat ere, kaiolarik gabeko sistemetan oiloen osasuna eta ongizatea efizientziaz baloratu ahal izateko diseinatuta. Ezagutza hori aplikatzeari esker, Europako “End the Cage Age” herri ekimenaren ondorioz sortutako kaiolarik gabeko sistemetarako trantsizioa egin ahal izango da, arrakastarako berme handiagoekin.
Best Practice Hens Europako Batzordeak finantzatutako 2 urteko proiektua da, 2021eko maiatzean hasi eta 2023ko maiatzean amaituko dena. Partzuergoko kideak hauek dira: Utrechteko Unibertsitatea, proiektuaren liderra, Wageningeneko Unibertsitate eta Ikerketa eta AviVet (Herbehereak); Flandriako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Institutua ILVO (Belgika), Aarhuseko Unibertsitatea (Danimarka), Poloniako Zientzien Akademiako Genetika eta Bioteknologia Institutua eta Kipdip (Polonia); eta NEIKER eta Ecovalia (Espainia).