BERRIA
Abeltzaintza aldaketa globalaren testuinguruan, NEIKERek eta UPV/EHUk antolatutako uztailaren 1eko eta 2ko udako ikastaroan
25 ekaina 2021Udako ikastaro bat antolatu dugu UPV/EHUrekin batera abeltzaintzak aldaketa globalaren testuinguruan duen zereginari buruz
- Uztailaren 1ean eta 2an online egingo da eta oraindik izena emateko aukera dago
- Kurtsoan zehar, abeltzaintzak ingurumenean duen eragina arintzeko eta animalia-jatorriko elikagaien ekoizpenaren eta kontsumoaren jasangarritasuna hobetzeko hainbat estrategia erakutsiko dira.
- Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako ekimen hau UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan kokatzen da
Euskadiko abeltzaintza-sektorea une zailean dago gaur egun, ekoizpen jasangarriagoa eskatzen duen aldaketa globalaren testuinguruan. Alde batetik, argudiatzen da abeltzaintza-sistemak berotegi-efektuko gasen ehuneko esanguratsu baten erantzule direla, batez ere animalia hausnarkariek eragindako jatorri enterikoko metanoaren emisioaren erantzule. Bestalde, animalia-jatorriko elikagaiak kontsumitzeko joerek abeltzaintzako ustiategi askoren errentagarritasuna eta iraunkortasuna baldintzatzen dute. Hala ere, ezin da alde batera utzi artzaintza-sistemek ekosistemetarako zerbitzu ugari sortzeko duten funtsezko eginkizuna, bai eta guztion onerako egiten dituzten ekarpenak ere.
Abeltzaintzaren sektoreari estrategia iraunkorragoak eskaintzeko asmoz, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikotik, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, “Abeltzaintzaren zeregina aldaketa globalaren testuinguruan: erronkak eta perspektibak” online ikastaroa antolatu dugu, uztailaren 1ean eta 2an, EHUko Udako Ikastaroen esparruan.
Ikastaroak iraungo duen bi jardunaldietan gai hauek aztertuko dira: berotegi-efektuko gasen isurketa, artzaintza birsortzailea, minda edo elikadura maneiatzeko estrategiak, klimaren arintzera eta are neutraltasunera bideratuak, artzaintza-sistemek ingurumenerako dituzten onurak, eta iraunkortasuna hobetzeko politiken diseinua. Horrez gain, abeltzaintza eta ekimen berritzaileen testigantzak ere izango dira, protagonisten eskutik.
Roberto J. Ruiz Santos NEIKEReko Animalien Ekoizpen Saileko buru eta ekimen honen arduradunak azaldu duenez, “Ikastaro hau aukera paregabea da abeltzaintzak aldaketa globalari egiten dion ekarpenarekin lotutako hainbat alderdi ezagutzeko, bai eta abeltzaintzaren ingurumen-inpaktua arintzea ahalbidetuko duten hainbat estrategia berritzaile ikasteko ere, ondorio positiboak ere sortuz”. Era berean, animalia-jatorriko elikagaien kontsumoan dauden zenbait joera aztertuko dira, bai eta abeltzaintza-sistemen iraunkortasuna eta kontsumitzaileen osasuna hobetzeko duten ahalmena ere, horiek interesgarriak baitira bai sektoreko profesionalentzat bai publiko orokorrarentzat.
Ikastaroak Nazio Batuen Erakundeak 2030erako agendan ezarri dituen Garapen Iraunkorreko Helburuetako hirutan eragiten du: ekoizpen eta kontsumo arduratsua, klimaren aldeko ekintza eta lehorreko ekosistemen bizitza.
Nekazaritza-ekoizpenaren ikuspegi berrietara bideratutako udako ikastaro hau online formatuan egingo da, zuzenean, ZOOM plataformaren bidez. Bertaratzeko interesa duenak programa osorik kontsultatu eta esteka honen bidez matrikula egin dezake.