BERRIA
Zerbitzu analitiko berriak eskaintzen ditugu lurzoruaren egoera ezagutzeko eta babes neurriak ezartzeko
1 martxoa 2022Zerbitzu analitiko berriak eskaintzen ditugu lurzoruaren egoera ezagutzeko eta babes neurriak ezartzeko
- NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbaziorako laborategiak gure zerbitzu karta handitu du, lurzorua osasuntsu dagoen eta bere funtzioak behar bezala betetzen dituen jakiteko analisi eta zehaztapen pakete berriekin
- Lurzorua baliabide natural berriztaezina da, eta babestea funtsezkoa da nekazaritza jasangarriago baterantz aurrera egiteko, Europako Itun Berdearen estrategiaren barruan
Lurzorua garrantzi handiko baliabide naturala da, eta bere osasuna gizakiaren eta ingurumenaren biziraupenari lotuta dago, ezinbestean. Funtsezko beste funtzio batzuen artean, elikagai, erregai eta zuntzez hornitzen du, nutrienteen birziklapenean parte hartzen du, ura arazten du, klima aldaketara egokitzen laguntzen du, mikroorganismo askoren habitata da eta gaixotasunak tratatzeko produktu farmazeutikoen iturria. Eta hori guztia doan.
Bere babesa bermatzea helburu nagusi bihurtu da nazioartean, gizakion denboraren eskalan berritu ezin den baliabidea baita. Izan ere, 1.000 urte inguru behar dira 1 cm lur egiteko. Ez da harritzekoa Europako bide orri, estrategia edo lege nagusiek, hala nola Itun Berdeak edo Baserritik Mahaira Estrategiak, lehentasuna ematea hori babesteari eta kontserbatzeari. Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren 17 Helburuetako asko lortzea, neurri batean edo guztiz, lurzoru osasuntsuen presentziaren eta nekazaritzako praktika jasangarrien ezarpenaren mende dago.
NEIKERen Baliabide Naturalen Kontserbaziorako (BNK) laborategiak lurzorua aztertzeko eskaintzen dituen zerbitzuak eguneratu ditugu, nekazaritza sektoreari, administrazioari eta beste ikerketa zentro batzuei bereziki diseinatutako pakete batzuk eskaintzeko, lurzoruen osasuna hobeto diagnostikatzeko eta osasuntsu mantentzea ahalbidetuko duten proposamenak prestatzeko.
7 analisi pakete
Zehazki, zazpi analisi pakete dira, lurzoruarekin zerikusia duten hainbat alderdi jorratzen dituztenak: emankortasuna, klima aldaketara egokitzea, ezaugarri hidrikoak, etab. Gainera, pakete horietan jasotako zehaztapenak pertsonalizatu egin daitezke, bezeroen beharretara egokitzeko. Horretarako, Arrate Lacalle Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Laborategiko arduradunarekin jar daiteke harremanetan(alacalle@neiker.eus)
1go paketea: lurzorua eta emankortasuna
Ongarritzeko eta kareztatzeko gomendioak, ongarriztatzearen efizientzia ahalik eta gehien optimizatzeko, lurzorua babestu eta gehiegizko ongarritzearen ondoriozko ingurumen inpaktua gutxitzeko.
2. paketea: lurzorua eta klima aldaketa
Lurzoruaren materia organikoari, karbono totalari edo berotegi efektuko gasen isurketari buruzko zehaztapenak, besteak beste, eta lurzoruan atxikitako karbonoa gehiagotzeko eta berotegi efektuko gasak murrizteko praktikei buruzko aholkularitza.
3. paketea: lurzorua eta ura
Landa eremuaren ahalmen hidraulikoari, atxikipen hidrikoaren kurbei, porositateari eta abarri buruzko informazioa, eta, emaitzen eta horien interpretazioaren arabera, ureztatzeko gomendioak.
4. paketea: lurzorua eta bizitza
Jarduerari, biomasari eta mikrobio dibertsitateari lotutako parametroak, lurzoruaren osasunaren eta ingurumen estresaren iturrien ikuspegitik jasaten duen inpaktuaren gaineko emaitzekin.
5. paketea: lurzorua eta ekoizpen ekologikorako trantsizioa
Lursail baten ekoizpen ekologikorako trantsizioa ebaluatzea eta jarraipena egitea ahalbidetzen duten zehaztapenak, baita hobetzeko praktiken proposamena ere.
6. paketea: osasun txartelak
Nekazaritzako ekosistemen osasuna diagnostikatzea ahalbidetzen duten txartelak, laboreen eta lurzoruen gaineko hainbat adierazle aztertzeko, modu praktiko eta errazean erabiltzailearentzat.
7. paketea: lurzoruaren mehatxuak
Higadura azterketak, hainbat erabilera praktikaren ondorioz galtzen ari den lurzorua kuantifikatzeko.
Lurzoruaren funtzioei lotutako pakete analitiko horiez gain, 25 urte baino gehiago daramatzagu zerbitzu analitiko ugari eta aholkularitza espezializatua eskaintzen Animalia Osasuneko eta Landare Osasuneko gure laborategietan. 2020an, esaterako, 80.000 analisi inguru ere egin genituen lehen sektorearen balio kateko maila guztietako 300 bezero baino gehiagorentzat.
Zalantzarik baduzu edo arazoren bat sakondu nahi baduzu, jarri harremanetan Arrate Lacallerekin, Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Kontserbatzeko Laborategiko arduradunarekin, inolako konpromisorik gabe. Email: alacalle@neiker.eus
Informazio gehiago: neiker.eus/es/servicios-analiticos/