BERRIA
Xahuketa ekiditeko etiketa adimendunei buruzko artikulu batek lortu du euskarazko dibulgazio artikulu onenaren NEIKER saria
28 apirila 2022Xahuketa ekiditeko etiketa adimendunei buruzko artikulu batek lortu du euskarazko dibulgazio artikulu onenaren NEIKER saria
- Fatima Villa Gonzalez ingeniariak irabazi du nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzari buruzko ikerketen NEIKER sari berezia, 2.000 euroko zenbatekoarekin
- Sari bereziaren seigarren edizioa da, urtero zientzia eta teknologiari lotutako gai eta ikerketen euskarazko zabalkundea aitortzen duten CAF-Elhuyar sarien esparruan
Fatima Villa Gonzalez ingeniariaren “Zer diotso sagarrak jogurtari?” izenburuko lanak lortu du NEIKER sari berezia, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektoreari buruzko euskarazko gai eta ikerketen zabalkundea sustatzen eta saritzen duena. Sari berezia orain dela sei urte hasi zen banatzen, eta urtero zientzia eta teknologiari lotutako ikerketa eta artikuluen euskarazko zabalkundea aitortzen duten CAF-Elhuyar sarien esparruan kokatzen da.
Sariaren epaimahaiak Fatima Villa Gonzalezen dibulgazio artikulua saritu du –etiketa adimendunen gaia lantzen du, ”xahuketa” ekiditeko–, bere izaera “didaktikoagatik” eta “gaur egungo premia” bati erantzuten diolako, digitalizazioan oinarrituta eta elikaduraren balio kate osoa kontuan hartuta. Villa Gonzalez telekomunikazioetako ingeniaria eta Tecnun Unibertsitateko doktoregaia da, eta, bere ikerketan, chipless teknologia hartu du ardaztzat, hau da, objektuetan etiketa adimendunak jartzea, chip edo elektronikarik gabe, eta inguruko parametroak neurtzea.
Epaimahaiak adierazi duenez, lana “etorkizuneko proposamen” gisa planteatzen da, “baina egingarria, aplikagarritasun handikoa”, eta bat dator sarietarako aukeratutako leloarekin, “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak”, erakutsiz etorkizuneko erronkei, hala nola urritasunari edo krisi klimatikoari, aurre egiteko beharrezko tresnak zientzia eta irudimena direla.
Leire Barañano NEIKEReko zuzendari nagusiak eman zuen saria, 2.000 eurorekin hornituta, Imanol Andonegi artistaren eskultura batekin batera. Sariduna Estatu Batuetan da gaur egun, eta bideo bidez eskertu du aitortza, Tabakalerako (Donostia) instalazioetan egindako ekitaldian. Irabazlearen nebak jaso du sari bere izenean.
NEIKER sari bereziaren epaimahaikideak izan dira Arantza Madariaga Aberasturi, Elikako zuzendaria; Pilar Santamaria Martinez HAZIko departamentuburua, eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria. Sari berezi horren filosofia guztiz bat dator NEIKERen helburuarekin, ezagutza zientifikoa eta irtenbide transferigarriak garatzeko, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.
NEIKER eta Elhuyar hitzarmena
Saria NEIKERen eta aurten 50 urte bete dituen Elhuyar Fundazioaren artean 2016ko uztailean hasi zen hitzarmenaren parte da, ikerketaren arloan euskara sustatzeko. Elhuyarrekin izenpetutako hitzarmenean sartzen dira nekazaritza sektoreari lotutako hiztegi espezializatu baten garapenean laguntzea, NEIKER Zientzia Azokan parte hartzea, gazteei sektoreari buruzko ikerketa helarazteko, eta aipatutako NEIKER sari berezia, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektoreari lotutako ikerketen euskarazko dibulgazioa saritzeko.