Albisteak

Ureztatzeko ura optimizatzea, laboreak hobetzeko doitasunezko tresna

  • NEIKERen laboreen behar hidrikoak ikertzen ditugu doitasun-teknologiekin, hala nola eredu matematikoekin, adimen artifizialarekin, meteorologia- eta lurzoru-sentsoreekin, aplikazio informatikoekin, irudi satelitalekin eta abarrekin, laboreak hobetzeko helburuarekin
  • Ureztapen mota horrek eskaintzen dituen onurak ekoizpena handitzetik hasi eta ingurumenean eragiten duen inpaktua murrizteraino iristen dira
  • Proiektua NEIKERen sustatzen ari garen beste lan ildo batzuei gehitzen zaie, eraldaketa digitalak nekazaritzako elikagaien sektoreak behar duen jauzi kualitatiboan lagun dezan

Uraren eskuragarritasuna mugatua da Europako leku askotan, eta, klima aldaketa dela eta, litekeena da egoera horrek okerrera egitea. 2070erako, estres hidrikoa (uraren eskaera kantitatea baino handiagoa izatea) %35eraino igotzea espero da. Agertoki horretan, uraren kontserbazioa gero eta lehentasun handiagoko helburu bihurtu da sail ureztatuko nekazaritzan, eta behar horiek asetzeko modu bakarra uraren erabileraren efizientzia hobetzea da.

Horretarako, beharrezkoa da nekazarien erabilera berrantolatzen lagunduko duen nekazaritza egitura bat, nekazariek erabiltzen dituzten ura eta baliabide ekonomikoak optimizatzeko, teknologia berriak hartuz. Ildo horretan, NEIKERen hainbat lan ildo garatzen ari gara nekazaritza sektorearen eraldaketa digitalean laguntzeko, hala nola, ureztatzeko uraren optimizazioan. 

Uraren erabilera hoberantz

Laboreen ureztatzea optimizatzeko, hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Hasteko, sistema biofisikoari lotutako elementuei erreparatu behar zaie (lurzorua, landarea eta atmosfera), baina, halaber, garrantzitsua da arreta jartzea lurzoruaren propietate fisikoetan, labore motan, ingurunearen aldaketei emandako erantzun fisiologikoetan eta baldintza meteorologikoetan. Ureztatzeko ura optimizatzeko modurik onena zein den erabakitzeko garaian, nekazariaren kontrolpean dauden faktoreak ere hartu behar dira kontuan, hala nola ereiteko data, laborantza mota eta abar.

Testuinguru horretan, ezin da iragarri mota guztietako laboreetarako ezaugarri zehatzak dituen ureztatze mota bakar bat, baina inguruabar horrek ez du esan nahi ezinezkoa denik orain arte erabilitako eredu konbentzionala optimizatzea.

“Ureztatze sistemaren efizientziak ura hobeto erabiltzen laguntzen du, maila kualitatiboan zein kuantitatiboan. Horri esker, kontsumitutako ur litro bakoitza modu efizienteagoan erabiltzen da, eta, hala, elikagai kantitate handiagoa eta kalitate handiagokoa lortzen da, eta ingurumenean duen eragina murrizten da”, azaldu du Gorka Landerasek, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeserako departamentuko ikertzaileak.

Doitasunezko ureztatze teknikak erabiltzeak uraren erabilera optimizatzen du, ureztatze konbentzionalen aurrean. “Desberdintasunik handiena da ohiko ureztapenean nekazariak bere esperientzian oinarritzeko joera duela, eta, kasu batzuetan, alde batera uzten duela aplikazio hidrikoak optimizatzea lortzeko behar den informazio teknikoa, eta horixe da kontuan hartzen dena doitasunezko nekazaritzan erabiltzen diren ureztatze sistemetan”, azpimarratu du NEIKEReko ikertzaileak.

Azken batean, asko dira ureztatzeko ura optimizatuz lortzen diren onurak, horien artean ureztatzearen efizientzia handitzea –eta horrek ustiategien etekin ekonomikoa handitzea dakar– eta ingurumen inpaktuak minimizatzea.

Patata laborea optimizatzen

NEIKERen  hamarkada bat baino gehiago daramagu tokiko nekazariekin lan egiten, laboreen behar hidrikoak ikertzen, hainbat doitasun teknologia aplikatuz: eredu matematikoak, adimen artifiziala, sentsore meteorologikoen eta lurzoruaren hezetasun sentsoreen erabilera; ureztatzeko saiakuntzak, aplikazio informatikoen inplementazioa, lurzoruen infiltrazioaren ikerketa; satelite bidezko irudien erabilera (teledetekzioa), hobekuntza genetikoa edo biologia molekularra, besteak beste.

Gainera, ureztatzeko gailuen telekontrolerako hainbat proiektutan ere parte hartu du, hala nola, 2021ean amaitu zen UREZPAPA ekimenean. Ekimen horretan, patataren laborean ura maneiatzean eraginkortasun handiagoa lortu da, eta, era berean, baliabide hori ahalik eta gehien aurreztea lortu da.

Azterlan hori egiteko, NEIKEReko Ekoizpen eta Babes departamentuak hainbat lurzoru sentsore eta tresna informatiko erabili zituen, Burgelu eta Forondako (Araba) bi lursail pilotutan lurzoruaren uraren balantze ereduetan oinarrituta.

“Proiektuari esker, egiaztatu dugu 10 egunean behin ureztatu ordez (32 mm) –hori da aztertu den eskualdearen ohiko pauta– 6-8 egunean behin ureztatzen badugu, eremuaren kapazitateraino, ekoizpenaren galera erdira murriztuko dela, ureztatzeko ur bolumena oso gutxi igota”, azaldu du Landerasek.

Proiektua patataren laborean bakarrik oinarritzen bazen ere, zentro teknologikoak beste labore batzuetan, hala nola erremolatxan edo artoan, ureztatzeko ura optimizatzeko beste ekimen batzuetan ere kolaboratzen du.

 

 

Related posts