BERRIA
NEIKERek PCRak egingo ditu, Eusko Jaurlaritzaren PRAR proiektuaren barruan, jarduera mantentzeko, COVID-19aren agerraldi berriak galarazteko txerto bat egon bitartean
6 maiatza 2020NEIKERek 30 urte baino gehiago darama haztegiko animaliei zein basa faunari eragiten dieten gaixotasun infekziosoei buruz ikertzen, bereziki zoonositzat hartzen direnei buruz. Lan horren ondorioz, beharrezko ezagutzak eta akreditazioak ditu COVID-19aren PCRak egiteko protokoloak garatzeko, Derion (Bizkaia) dituen segurtasun handiko laborategietan, EAEn horrelako ezaugarriak dituzten bakarrak izanik.
COVID-19aren krisia hasi zenetik, NEIKERek osasun agintaritzen eskura jarri ditu bere ezagutzak, instalazioak, profesional oso kualifikatuak eta biosegurtasunaren arloan duen esperientzia zabala, baita gizakiak eta animaliak kutsatzeko infekzio iturri izan daitezkeen bektoreen inguruan duena ere.
Esparru horretan, NEIKER Eusko Jaurlaritzaren PRAR proiektuan parte hartzen ari da, jarduera ekonomikoa mantentzen lagunduko duen tresna teknologiko bat garatzeko, txertoa iritsi bitartean, birusaren agerraldi berriak ekiditeko. Proiektuaren helburua da, behin jarduerari berrekin eta gero, COVID-19aren hedapena galaraztea, eta asmoa da, datorren astetik aurrera, testak egitea Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo Zientifiko-Teknologikoko 1.000 profesionali eta garraio publikoko beste 1.000ri.
Zehazki, NEIKER birusa atzemateko PCRak eta antigorputzak detektatzeko immunosaiakuntzak egiteaz arduratuko den laborategietako bat izango da, proiektuaren beharren arabera, eta, horretarako, Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzaileak CICbioGUNE, GAIKER, TECNALIA, Osasunaren Kluster eta Osakidetzako kideekin koordinatuko dira, sortu diren lantaldeen bitartez.
Ibilbide luzeko egitasmoa da, emaitzak epe ertainera lortzeko aurreikuspenarekin, eta helburua da, batez ere, EAEko jarduera produktiboa (soziala eta ekonomikoa) berreskuratzea eta mantentzea, metodologia eraginkor bat aplikatuz langileen artean birusa geldiarazteko, modu sistematizatuan, birusaren hedapena galaraziko duen txerto bat egon bitartean.
Informazio gehiago Irekian.