BERRIA
NEIKERek EcoWine2022 sinposioa antolatu du: ‘Ardo ekologikoa: sektorearen etorkizuna’
22 urtarrila 2022NEIKERek EcoWine2022 sinposioa antolatu du: ‘Ardo ekologikoa: sektorearen etorkizuna’
- Ekitaldiaren helburua ardogintzako profesionalen topagune izatea da, eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (Ekolurra) eta Nekazaritza Ekologikoaren Espainiako Elkarteak (SEAE) ere laguntzen dute
- Ekainaren 1etik 3ra ospatuko da, Villa Lucía espazio gastronomikoan, Erdi Aroko Guardia udalerrian
Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen-metodoak aurkitzeko interesa eta beharra mahastizaintzara eta ardogintzara ere iritsi da. Mahastien eta Ardoaren Nazioarteko Erakundearen (OIV) arabera, 2005 eta 2019 artean mahastiak ekoizpen ekologikora bihurtzeko tasa % 13 igo da batez beste urtean. OIVren ustez, joera hori egungo gizarte-eskaerek azal dezakete, hala nola kontsumitzaileen osasuna zaintzeak eta ingurumena babesteak.
Euskadi ez dago joera horretatik kanpo eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, azken bost urteetan, EAEn mahasti ekologikoaren laborea bikoiztu egin da, guztira 984 hektarea baitaude mahasti ekologikoan ziurtatuta -horietatik 944 Arabako lurretan daude- 2014an 432,7 hektarea zeudelarik inskribatuta.
Ardo ekologikoaren produkzioaren goranzko joera horiek kontsumitzaileen ahosabaian ere nabaritzen ari dira. Izan ere, europarren %35ek diote gutxienez astean behin kontsumitzen dutela ardo, garagardo edo likore ekologikoa. Datu horiek ardoaren eta mahatsaren industriak ekoizpen ekologikoaren etorkizunean funtsezko azpisektore gisa duten potentziala erakusten dute.
EcoWine2022: mahastizaintza ekologikoko profesionalentzako topagunea
Testuinguru horretan, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoak EcoWine2022 sinposioa antolatu du, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (Ekolurra) eta Espainiako Nekazaritza Ekologikoaren Elkartearen (SEAE) laguntzarekin. Sinposioaren helburua nazioko eta nazioarteko mahastizaintza ekologikoan espezializatutako profesional, ikertzaile, teknikari eta ikasle nagusien topagune bilakatzea da.
“EcoWine2022 ekimenarekin mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari espazio bat eskainiko diogu, mahastiaren lanketa ekologikoari lotutako azken aurrerapen teknikoak partekatzeko eta eztabaidatzeko, agerian utziz rol garrantzitsua jokatzen duela klima aldaketaren aringarri gisa, karbonoaren hustulekutzat jotzen baita”, azaldu du NEIKEReko Amaia Ortizek, Landare Babes eta Ekoizpen Departamentuko arduradunak.
Hitzordua 2022ko ekainaren 1etik 3ra izango da, Arabako Errioxaren bihotzean, Villa Lucia espazio gastronomikoan, Guardia udalerrian, zeina lurpeko upategiengatik ezaguna baita. Gainera, enologiaren munduari lotutako hainbat jarduera egongo dira: ponentzia magistralak, mahastizaintza eta ardogintzako esperientziak, solasaldiak, mahi borobilak, ardo-eztabaidak eta bisita teknikoak, besteak beste. Izen ematea zabalik dago jada eta esteka honen bidez egin daiteke.
Ekitaldiak hiru egun iraungo du eta ikuspegi oso parte-hartzailea izango du, hainbat gai ezagutarazteko: zerbitzu ekosistemikoen garrantzia, ekoizpen ekologikoaren eta ardoaren kalitatearen arteko lotura, eta tokiko kulturaren garapena eta horren aldeko apustua; azkenik, ekoizleen sektorea ekoizpen ekologikorantz hurbildu eta orientatzen saiatuko dira.
Networkingerako guneak ere sortuko dira, non ekoizle esperientziadunek bertaratutakoen eskura jarriko dituzten beren ikaskuntzak eta bizipenak. Jardueren programa dagoeneko kontsulta daiteke.
Laborantza ekologikoaren aldeko apustu estrategikoa
Ekimenak ardoaren sektoreari trantsizio ekologikoa egiten laguntzea bilatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2014tik bultzatutako Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren (FOPE) barruan sartzen da. Helburu orokorra da ekoizpen ekologikoa handitzea eta horri lotutako transformazio eta komertzializazio katea garatzea.
Sinposioak Europar Batasuneko ‘Baserritik mahairako’ estrategiara sektoreak egokitzeko duen beharrari ere erantzuten dio. Estrategia horrek nekazaritza ekologikoa sustatzen du ingurumena errespetatzen duen praktika gisa, eta 2030erako EBko nekazaritza-lur guztien % 25 laborantza-mota horretan aritzea bilatzen du.