Albisteak

BERRIA

NEIKERek baso-artzaintzaren ustiapenaren ingurumen inpaktuari buruzko azterketa bat egin du txerriekin eta sailen errotazioa gomendatzen du

13 otsaila 2020
NEIKERek baso-artzaintzaren ustiapenaren ingurumen inpaktuari buruzko azterketa bat egin du txerriekin eta sailen errotazioa gomendatzen du

NEIKERek “Hostozabalen baso hostoerorkorren erresilientzia txerriekin egindako baso eta artzaintza ustiapenaz” proiektuaren barruan egindako azterketak sailen errotazioa gomendatzen du, kudeatzeko modurik egokiena delakoan.

Lanak aztertu egin du Otazuko (Vitoria-Gasteiz) onura publikoko basoetako Quercus faginea espezieko hariztietan Euskal Txerri eta misto (ama Landrace eta aita Duroc) arrazetako txerriak hazteak ingurumenean duen inpaktua, eta, ondorioztatu duenez, Euskal Txerri arrazako txerrien presentziak lagundu egin du basoa lehengoratzen, urte bat baino gutxiagoko Quercus faginea plantuletarako, zeinak udaberrian ernamuintzen baitira; urte bat baino gehiagoko landareetarako, ordea, kopurua jaitsi egiten da artzaintzan erabilitako sailetan.

NEIKER-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko erakunde publikoa da– hauen lankidetza eta finantzaketa izan du proiekturako: Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta “Txerrizaleok”, Euskal Herriko Txerrien Ekoizleen Elkartea.

Ikerketaren emaitzak gaur aurkeztu dira, “Txerriekin egindako baso-artzaintza, sustatu beharreko praktika bat?” izeneko dibulgazio jardunaldian, zeinean parte hartu baitute Jorge Garbisuk, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak; Eduardo Aguinacok, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatuak; Miren Fernandez de Landak, Vitoria-Gasteizko Udaleko Landaguneko zinegotziak, eta Leire Barañanok, NEIKEReko zuzendari nagusiak. Goizean zehar, txerriekin egindako baso eta artzaintza ustiapenak basoan duen ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren emaitzarik esanguratsuenak erakutsi dira, hainbat arraza autoktono (Porco Celta, Gochu Asturcelta, Euskal Txerria, Basatxerria) eta abere zama kontuan hartuta, erregimen estentsiboan, eta fruituaren amaierako aprobetxamenduarekin, animaliak elikatzeko.

Lana inguruneko baldintza, abere zama (8 txerri hektareako) eta elikadura baldintza berdinetan hazitako txerriekin egin da, eta, bazkaren baliabideei eta erantzun produktiboari dagokienez bi arrazek duten portaera baloratzeaz gain, beste aldagai batzuen artean, aztertu egingo da baita ere zuhaitzen sustrai eta enborretan egiten duten kaltea, landare komunitateen egitura, oihanpearen osagaiak eta lurraren trinkotzea eta erosio prozesuak, basoaren funtzionamenduaren adierazle moduan.

Halaber, lanak gomendatzen du animaliei pentsua egunean zehar zatika eta kantitate kontrolatuan ematea, basoan bazkatu daitezen bultzatzeko. Ikusi da puntu jakin batean pentsua eta ura lortu ahal izateak animalien portaera baldintzatzen duela, eta horren zuzeneko eragina da txerriak instalazio horien inguruan kontzentratzen direla denbora luzean, eta, halaber, basoak eskaintzen dituen baliabideak oso gutxi edo ia ezer ez direla aprobetxatzen.
Animalien portaera horren ondorioz, oihanpearen egituran ez da alderik ikusten, biodibertsitate indizeei eta espezieen aberastasunari dagokienez, larreratutako sailen eta larreratu gabekoen artean. Halaber, ez dago alderik erabilgarri dagoen biomasari dagokionez, izan ere, ez denez kontsumitzen, pilatuz joaten da eta bere balio nutritiboa galtzen, materia lehor eta zuntz eduki handiekin eta proteina gutxiagorekin.

Lanak erakusten duenez, txerriak ekoizteko jarraian bi ziklo garatuz gero, sail berean eta atsedenaldi labur batekin, eragin negatiboak agertu dira, bai arbolen kalte mekanikoari dagokionez, bai lurra gehiago trinkotzeko joerari dagokionez, eta, kalte horiek larriak izanik gabe ere, jarraipena behar dute epe luzera. Lurraren emankortasunari edo erosio prozesuei lotutako beste parametro batzuek ez dute inpaktu negatiborik eragin txerriekin bazkatutako sailetan bazkatu gabekoekin alderatuta, baina, seguruenik, azterketak denbora gutxi iraun duelako gertatu da hori.

Bazkalekuak sailaren erdian kokatzea

Halaber, azterketak ondorioztatzen du gomendagarria dela abeltzaintza erabilerako instalazioak (babeslekuak, askak, ganbelak) hainbat gunetan jartzea. Puntu bakar batean kokatzen badira, gomendatzen da sailaren erdialdean jartzea, eragina murrizteko.

Haragiaren kalitateari dagokionez, Euskal Txerri arrazako txerriak baso-bazkatze erregimen horretan ustiatzeak ez du onurarik ekarri haragiaren kalitate nutrizional, teknologiko eta sentsorialari dagokionez, ebaluatutako arraza Mistoarekin alderatuta. Halaber, ez da alderik hauteman txerriak ekoizteko bi zikloen artean, nahiz eta lehen zikloan ezkur gehiago zegoen erabiltzeko, eta bigarrenean bazka eta sustraiak baino ez. Zikloen artean alderik ez egoteko arrazoia da, beharbada, azterketaren aldian ezkur ekoizpen urria egon dela, ea pentsutarako puntu iraunkor bat zegoela, txerriak nahieran elikatzeko.
Proiektua bat dator baso-bazka sistemen jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoarekin. Alderdi ekonomikoan, produktibitate lortu daiteke epe laburrera (bazka), epe ertainera (animali ekoizpena) eta epe luzera (basoaren produktibitatea). Horrez gain, ekoizpenak dibertsifikatu daitezke, zura, bazka, haragia, egurra, landare apaingarriak eta sendabelarrak, perretxikoak, etab., eta horrek murriztu egiten du sistemaren arrisku ekonomikoa, jardueraren izaera multifuntzionala agerian jarriz.