Albisteak

NEIKER SALUGANDA Elkartearekin lankidetzan ari da Ugandan eskola agrojasangarriak garatzeko

  • Elkartearen helburua pertsonen bizi maila hobetzea da, batez ere Ugandako landa eremuetako emakumeena eta haurrena
  • Laguntza ekonomikoa emateaz gain, NEIKERek lankidetza hitzarmen bat du elkartearekin, eskoletan higienea bermatuko duten soluzioak eskaintzeko

Pobrezia gero eta muturrekoa da Ugandan eta antzeko herrialdeetan, eta klima aldaketak ez du su etenik ematen eta bizi baldintzak gero eta kaskarragoak dira. Testuinguru horretan, beharrezkoa da garapen bidean dauden herrialdeei tresnak, azpiegiturak eta teknologia berriak ematea, aukera berriak eskaintzeko eta etorkizun hobe baterantz aurrera egin ahal izateko.

Garapen bidean dauden herrialdeei laguntza eskaintzearen garrantziaz jabetuta, 2011n NEIKEReko –Basque Research and Technology Allianceko kidea (BRTA)– hainbat ikertzaile, horien artean Iker Mijangos, zentroko ikertzaile ohia eta SALUGANDA Elkarteko egungo zuzendaria, Ugandako bi eskualdetan – zehazki, Buikwe eta Mukonon- ekimen handinahi bat sustatzen hasi ziren baldintza higienikoak, elikadura eta ingurumen hezkuntza hobetzera bideratuta.

Ideia hura errealitate bihurtu zen eta, hainbat urtetako lanaren ondoren, 2020an SALUGANDA Elkartea sortu zen, pertsonen bizi maila hobetzea helburu duen irabazi asmorik gabeko elkartea, batez ere Ugandako landa eremuetako emakumeei eta haurrei zuzenduta.

Gaur egun, elkartea bi proiektu osagarritan ari da lanean. Alde batetik, eskola jasangarriak sortzen ari dira, zortzi eskolari zenbait azpiegitura (komun lehorrak, edateko uretarako tankeak, oilategiak eta eskolako baratzeak) eta beharrezko prestakuntza emanez (nekazaritza ekologikoko ikastaroak, higiene pertsonala, joskintza), ekoizpen ziklo jasangarri bat sortzeko. “Horrez gain, emakume abeltzainen kooperatibak sortzen laguntzen ari gara, eta horiek behar duten guztiarekin hornitzen ditugu, txerrikumeak ekoitzi ditzaten eta seme-alabak eskolatu ahal izateko diru sarrera gehigarriak sortu ditzaten”, Iker Mijangos SALUGANDA Elkarteko zuzendari eta NEIKEReko ikertzaile ohiak azaldu duenez.

Elkarteak egindako proiektuei laguntza ekonomikoa emateaz gain, NEIKERek lankidetza hitzarmen bat du, eta, horri esker, lurzoruaren eta konpostaren analisiak egiten dituzte eskoletan sortutako hondakin organikoen higienea bermatzeko. Eskola baratzeetarako behar den ongarri kantitate zehatza egokitzeko ere lan egiten dute.

Proiektua sendotzea eta zabaltzea

COVID-19a oso kolpe gogorra izan zen proiektuarentzat. Pandemiaren ondorioz, Ugandako gobernuak eskolak ia bi urtez ixtea erabaki zuen. Ondorioz, ikastetxe horietako ikasleek atzera egin zuten beren garapen akademikoan zein bizi baldintzetan.

“Orain, galdutako denbora berreskuratu behar da. Gure helburua da zortzi eskoletan ziklo jasangarria sendotzea eta, burujabeagoak izan ahala, proiektua inguruko beste eskola eta emakume talde batzuetara zabaltzea”, adierazi du Mijangosek.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzaren Gazteak Lankidetzan Programaren esparruan proiektura bidaiatu ahal izan duten boluntarioek in situ egindako lanari esker, probak egiten ari zaizkie ikasle eta irakasle guztiei, norbaitek ikusmen arazoak dituen jakiteko eta, horrenbestez, betaurreko pertsonalizatuak egin ahal izateko.

Hamarkada bateko lana

Proiektuaren hasieran, 2011n, elkartearen lanak eskola batera eta bost emakume talderengana iristen ziren. Une honetan, hamarkada bat geroago, SALUGANDA Elkarteak zortzi eskolarekin eta 11 emakume talderekin lan egiten du, eta, beraz, 3.000 pertsonak baino gehiagok ateratzen diote onura zuzenean ekimen horri.

Halaber, beste mugarri batzuen artean, azpimarratu behar da proiektuaren ondorioz lortu dutela Ugandako 8 eskolak aldizka harremanetan jartzea Bizkaiko 8 ikastetxetako ikasleekin gutunen bidez. Proiektuaren helburua da Euskal Herriko haurrek herri horietako haurrekin harremanak sendotzea eta Ugandako kideek duten errealitateaz gehiago jabetzea.

Ugandako ikasleei dagokienez, elkarteak garatutako programen bidez, hizkuntzak ikasteko aukera dute, hala nola ingelesa, hori delarik Bizkaiko ikasleekin komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza, eta horrek lagundu diezaieke beren eta beren familien bizi baldintzak hobetzeko bidean.

Hamar urteko lan horien balantzea positiboa da. Hala dio SALUGANDA Elkarteko zuzendariak, “hamar urteko lanaren balantzea positiboa da”. Hala, lanean emandako “gure hamargarren urteurrena ospatu genuen gure bazkideekin batera, festa batekin, eta hori aprobetxatu genuen dirua biltzen jarraitzeko eta, horrela, haur eta emakume horien garapenean aurrera egiten jarraitu ahal izateko”. Etorkizunari begira, Mijangosek argi du: “gure bilakaerarekin jarraituko dugu herri honetako eskola ziklo jasangarria aberastuz, emakumeen ahalduntzea kontuan hartuz, hilekoaren osasunari buruzko ikastaroen bidez eta eskoletako neskatilen artean kirola sustatuz”, amaitu du.

Informazio gehiago: SALUGANDA Elkartea