Albisteak

BERRIA

NEIKER Food 4 Future-en egongo da nekazaritzako elikagaien sektorerako dituen azken soluzio teknologikoetan

20 apirila 2023
  • Zentro teknologikoak Food 4 Future azokan parte hartuko du aurten ere. Ekitaldi horrek Barakaldoko BEC! hogei herrialde baino gehiagoko foodtech industriako agenteen topagune bihurtuko du
  • Ana Díez eta Nerea Mandaluniz NEIKEReko ikertzaileek bi hitzaldi emango dituzte, eta bertan nekazaritza jasangarriari buruzko zenbait aukera azalduko dituzte, ingurumenaren gaineko eragina murrizteko
  • Eusko Jaurlaritzaren standaren barruan, NEIKERek lehen sektorerako garatu dituen soluzioetako batzuk erakutsiko ditu

Euskadi F4F – Expo Foodtech-en egoitza izango da aurten ere, elikagaien eta edarien industriari zuzendutako berrikuntzaren arloko erreferentziazko ekitaldia. Azoka maiatzaren 16tik 18ra izango da Barakaldoko Bilbao Exhibition Center (BEC!) erakustazokan, eta elikaduran eta teknologian azken joerak dituzten mundu osoko 7.000 profesional baino gehiago bilduko ditu.

NEIKERek, nekazaritzako elikagaien sektorerako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologikoak, presentzia nabarmena izango du azokan. Eusko Jaurlaritzaren erakusketa-gunearen barruan (516. stand-a) izango da. Horrela, edozein bisitarik bertatik bertara ezagutu ahal izango ditu zentroak nekazaritza-sektorerako garatu dituen soluzio teknologikoetako batzuk: erabakiak hartzen laguntzen duten aplikazio mugikorrak, laboreak hobetzeko bioteknologia, etab.

Aspalditik, zentroa erreferente bihurtu da agritech-aren esparruko ikerketan. Termino horrek teknologiaren eta berrikuntza teknologikoaren erabilerari egiten dio erreferentzia, nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-prozesuen eraginkortasuna eta errendimendua hobetzeko. Azken batean, sektoreari eraldatzen laguntzeko eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko sistema produktiboagoak, iraunkorragoak eta erresistenteagoak lortzen laguntzeko, espazio txikiagoan eta lehengai gutxiagorekin elikagai gehiago landuz.

Nekazaritza iraunkorrago baterako teknologia

Erakusketa-guneaz gain, F4F – Expo Foodtech azokaren edizio honetan, zentro teknologikoak ere parte-hartzea izango du biltzarrean: zentroko bi ikertzailek parte hartuko dute nekazaritza iraunkorraren eremuan oinarritutako bi saiotan.

Lehenik eta behin, maiatzaren 16an, asteartea, Ana Díez Landare Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzaileak ‘Sustainable use of pesticides (Pestiziden erabilera jasangarria)’ mintzaldian parte hartuko du. Hitzaldia 12:00etatik 13:00etara izango da, BEC! eko 1. auditorioan. NEIKEReko ikertzaileak fitosanitario kimikoen alternatiba batzuk aurkeztuko ditu pestiziden erabilera murrizteko, elikagaien ekoizpena mantenduz eta, aldi berean, ekoizpen horrek ingurumenean duen eragina murriztuz.

Hurrengo egunean, maiatzaren 17an, asteazkena, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikertzaile Nerea Mandaluniz-ek nekazaritza birsortzaileak C02 emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko duen zereginaz hitz egingo du. Saioa 17:30etatik 18:15etara izango da 2. auditorioan.

Nazioarteko azoka denez, hitzaldi guztiak ingelesez egingo dira.

Informazio gehiago eta izen-ematea www.expofoodtech.com webgunean.