Albisteak

BERRIA

Klima aldaketaren ondoriozko arriskuak prebenitzeko Climalert proiektuak -gu ere partaide gara- minimizatu egin du Frantzian uholde baten eragina

4 martxoa 2021

Klima aldaketaren ondoriozko arriskuak prebenitzeko Climalert proiektuak -gu ere partaide gara- minimizatu egin du Frantzian uholde baten eragina

Klima aldaketa bertan dago jada, eta horren ondorioak mundu osoan sentitzen dira. Hori dela eta, ikerketa politikak eta programak beharrezkoak dira, ondorioak aztertzeko eta arintzeko eta egokitzeko neurriak proposatzeko.

2021eko otsailean, Garona ibaiak bere historiako uholderik handienetako bat izan zuen Aiguillon eta La Réole eremuetan. Muturreko egoera bat, hondamendi natural handia eragin zezakeena, baina aurreikusi eta kontrolatu ahal izan zena, hein handi batean, ClimAlert proiektuaren esparruan alerta goiztiarrerako garatutako tresnei esker; gu ere ekimenaren partaide gara, eta xedea da Sudoe inguruan (Espainia, Portugal eta Frantziako hegoaldea) klima aldaketari lotutako arriskuak prebenitzea.

Ildo horretan, Climalertek plataforma teknologiko bat jarri du martxan, Sentinel 1 satelitearen irudietan oinarrituta, eta, beste funtzionalitate batzuen artean, mapak sortzeko aukera ematen du, eskualde bateko estatus hidrikoa monitorizatzeko eta hautemateko, kontuan hartuta inguruaren hainbat parametro, hala nola eskualdeko klima, unean uneko meteorologia edo ibai bakoitzaren arroen berezitasunak.

Horrenbestez, proiektuaren bazkide den Garona Erdiko eta Hego-Mendebaldeko Klimatologia Elkarteak (ACMG) ibaiaren emaria handituko zela iragarri ahal izan zuen, eta hori agintariei, bereziki, eta herritarrei, oro har, jakinarazi ahal izan zien, kalteak prebenitze aldera.

CLIMALERT

ClimAlert Europako proiektu bat da, Interreg Sudoe programak finantzatua, eta plataforma bat garatzen ari da klimaren muturreko eragin potentzialei buruz ohartarazteko, horien artean egonik lehorteak, suteak, uholdeak eta lurraren higidura, eta helburua da eragile publiko eta pribatuei erabakiak hartzen laguntzea, uraren eta lurraren higaduraren kudeaketa efizientea lortzeko.

Hauek dira proiektuan parte hartzen duten erakundeak: NEIKER, Association Climatologique de la Moyenne-Garonne et du SudOuest (Frantzia), Dordoinako Nekazaritza Ganbera (Frantzia), Estatuko Ikerketa Kontseilu Gorenaren Agentzia (CSIC, Espainia), Murtziako Ikerketa eta Nekazaritzako Elikagaien Garapenerako Institutua (IMIDA, Espainia), Viseu Dão Lafões Udal arteko Komunitatea (Portugal) eta Herritarren Segurtasuneko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusia (DGSCE, Espainia).

Informazio gehiago: www.climalert.net