Albisteak

BERRIA

Artzaintza erregeneratiboak klima aldaketa arindu dezake eta, aldi berean, lurraren emankortasuna hobetu

24 urria 2022

Artzaintza erregeneratiboak klima aldaketa arindu dezake eta, aldi berean, lurraren emankortasuna hobetu

  • NEIKER zentro teknologikoak ia hamarkada bat darama  artzaintza modu hori bere esnetarako artaldean erabiltzen  Arkautin (Araba), emaitza positiboekin
  • Beste onura batzuen artean, egiaztatu da artzaintza erregeneratiboak %4 handitzen duela karbonoaren biltegiratzea lurzoruan, eta, horrela, klima aldaketaren inpaktua murrizten dela
  • Gainera, lurraren emankortasuna hobetzen du, ekoitzitako belar kantitatea handitzen du eta karbono aztarna murrizten du, hori guztia ardien esne ekoizpenari eragin gabe

Artzaintza oso jarduera ohikoa bat da gure abeltzaintzaren ekoizpen sisteman. Hala ere, azken urteotan, eta klima aldaketak eragindako ondorioak direla eta, Europako erakundeek abeltzaintzaren ingurumen inpaktua murrizteko eskatu dute, beste sektore batzuetan bezala. Europak ezarritako helburuetara iritsi ahal izateko, sektoreak bere burua berrasmatu behar izan du eta ingurumenerako teknika jasangarriagoak sustatu behar izan ditu.

Testuinguru horretan, duela zenbait urtetik hona, NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, hamarkada bat inguru darama artzaintza erregeneratiboa inplementatzen bere esnetarako artaldean, Arkautin (Araba). Teknika horren bidez, artaldea partzela txikietan bazkatzen da denbora tarte laburretan, eta, ondoren, belardiari nahikoa atseden ematen zaio lurraren kalitatea hobeto kontserbatzen dela bermatzeko.

Lanean emandako urte horietan lortutako emaitzak fruitua ematen ari dira. Nerea Mandaluniz eta Lur Epelde NEKEReko Animalia Ekoizpen eta Baliabide Naturalen Kontserbazio departamentuetako ikerlariek azaldu dutenez, artzaintza erregeneratiboari esker, “lehen hiru urteetan karbonoaren finkapena eta lurraren emankortasuna areagotu ziren, belarraren ekoizpena bezala, karbono aztarna murrizteaz gain, eta hori guztia ardien esnearen ekoizpenean eraginik izan gabe”.

Zehazki, Mandalunizek dioenez, ataldean metodo hori ezarri eta 6 urtera, mugarri garrantzitsu bat gertatu zen: “lurrean biltegiratutako karbonoa COP21 Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziak Parisen proposatutakoa baino %4 gehiago izan zen, zeinak lurzoruetako materia organikoak 4/1000 karbono edukia hobetzea proposatzen baitzuen”.

Epeldek gaineratu duenez, artzaintza mota hori ezartzen aurrera egin ahala, emaitzak areagotu egiten dira. “Zehazki, artaldearekin 9 urtez artzaintza erregeneratiboa egin ondoren, karbonoa lurzoruaren azaleko geruzan metatzen dela ikusten dugu, materia organiko partikulatu gisa (+%18)”. Emaitza horiek erakusten dute duela ia hamarkada batekoa baino lur emankorragoa dela, eta horrek jarduera biologikoari eta landareen hazkundeari laguntzen dio.

Klima larrialdia arintzeko duen ahalmenaz gain, artzaintza erregeneratiboak hainbat onura eskaintzen dizkio abeltzainari. Alde batetik, belarraren ekoizpena handitzen du, eta, beraz, elikagaiak erosteak kostu txikiagoa dakar. Bestetik, baliabide naturalei lotutako sistema horiek ekosisteman eta ingurumenean betetzen dituzten zerbitzuak indartzen ditu.

 

Abeltzaintza estentsiboa, errentagarriagoa eta jasangarriagoa

Azken urteotan, abeltzaintza estentsiboak indarra hartu du lehen sektorean, lurraldearen baliabideak eta espezie eta arraza egokiak efizientziaz aprobetxatzen dituzten abeltzaintzako ekoizpen sistemen multzo bat delako, ekoizpena eta jasangarritasuna bateragarri bihurtuz eta ingurumen eta gizarte zerbitzuak sortuz.

Abeltzaintza mota horrek ingurumena zaintzen laguntzen du, landare biomasa murrizten du, suteak saihesten ditu, mendi zabala mantentzen du, lurzorua babesten eta birsortzen du, uraren zikloak laguntzen ditu eta lurzoruan karbono kantitate handiak finkatzen ere laguntzen du.

Gainera, abeltzaintza estentsiboak onura soziala ere badakar, izan ere, gizarteak landa guneetako biztanleengan arreta jar dezan laguntzen du, eta populazioa finkatzen eta berreskuratzen, tokiko baliabide naturalen gaineko ezagutza eta horien aprobetxamendu jasangarria egiten laguntzen du. Gainera, baliabide energetikoak eta materialak aurrezten dituen ekoizpen modu bat da, produkzio errentagarriago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko aukera ematen duena.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak, LIFE REGEN FARMING proiektuak eta EIT-Foodek finantzatu dute.