Albisteak

BIGADATA, hautapen genetikoa, super zuhaitzak, itxitura birtualak… guzti hau eta gehiago, 2019ko gure txostenean

Dagoeneko prest dago NEIKERen 2019ko memoria korporatiboa. Bertan joan den ekitaldiko mugarri nagusiak jasotzen ditugu eta garatu ditugun proiektu nagusien errepasoa egiten dugu.

Irtenbide berritzaileak eta transferigarriak sortzeko lan egiten dugu NEIKERen, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektoreari eta gure bezeroei laguntzeko, egokitu ahal izan daitezen kontsumitzaileen eskakizunetara, araudi eta betekizun sozial berrietara, eta klima larrialdiak berekin dakartzan erronketara. 2019an zehar gogotsu lan egin dugu sektore jasangarriagoa eta lehiakorragoa lortzeko, teknologia berriak ere gehitzeko gaitasuna izango duena.

Iaz garatu ditugun ardatzetako batzuk izan dira ustiategien jasangarritasuna, animali ongizatea edo basogintzako ikerketa, eta beste ezagutza arlo batzuetan sakontzen ere jarraitu dugu, Europako araudi berrien eskakizunei bermearekin aurre egin ahal izateko, horien artean egonik GREEN DEAL edo EUROPAKO ITUN BERDEA. Gure ezagutzak sektoreari transferitzea izan da beste arlo aipagarri bat, mugarri nagusia GENVCE2019 jardunaldiak izanik: nekazaritza sektoreko 3.300 profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten.

Amaitzeko, 2019an NEIKERentzako mugarri esanguratsu bat ezarri da: Basque Research and Technology Alliance–n sartu da (BRTA); Eusko Jaurlaritzako partzuergo bat da, Euskadiko hainbat eragile teknologiko elkartzen dituena. Aliantza horri esker, NEIKER gure inguruneko elkarte teknologiko nagusien artean kokatzen da, eta, bere sinergiekin eta posizionamenduarekin, nazioarteko ikerketaren korporazio handiekin lehiatu ahal izango gara.

Hori guztia eta askoz gehiago kontsultatu daiteke gure memorian, aurten, gainera, irudi berria estreinatuta.