BERRIA
NEIKER hegazti-gripearen transmisio-bide berriak ikertzen ari da, prebentzioa indartzeko
26 iraila 2025- NEWFLUPREV proiektuaren bidez, birusaren transmisio-mekanismoei erantzuna ematea eta hark Europako animalien eta gizakien osasunean duen eragina gutxitzea bilatzen da
Hegazti-gripeak batez ere hegaztiei eragiten die eta heriotza-tasa altuko agerraldi larriak eragin ditzake, baina beste animalia-espezie batzuk kutsatzeko gaitasuna ere badu. Ostalari berrietara jauzi egite horrek zeharkako arriskuak sortzen ditu giza osasunerako, eta animalien osasuna ez ezik, biodibertsitatea eta osasun publikoa ere arriskuan jartzen dituen mehatxu global bihurtzen du gaixotasuna.
Patogenotasun handiko H5N1 gripe-azpimotak etxeko hegaztien eta hegazti basatien 150 espezie baino gehiago kutsatu ditu, bai eta ugaztun-espezie asko ere. Azken urteotan erregistratutako agerraldiek arrisku handia dakarte biodibertsitatearentzat, eta mehatxu handia dira ekoizpeneko animalientzat, esnetarako behi-aziendak barne. Hegazti-gripearen egungo agerraldia da mundu mailan gaixotasun horren erregistratutako agerraldirik okerrena, eta birusaren epidemiologian ikusitako aldaketei erreparatuta, beharrezkoa da transmisio-mekanismoetan eta birusaren epidemiologiaren funtsezko beste alderdi batzuetan sakontzen duten ikerketak egitea.
Egoera horren aurrean, NEIKERen gaixotasuna eta haren transmisio-mekanismoak hobeto ulertzeko ikerketa-proiektuak bultzatzen ditugu, baita gaixotasuna arintzeko neurri eraginkorrak garatzea ere. Ekimen horien artean dago NEWFLUPREV proiektua, Estatuko Ikerketa Agentziak eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatua eta Europar Batasuneko funtsekin kofinantzatua; NEIKERek koordinatzen du eta IRTA-CReSA eta IREC-UCLM erakundeek ere hartzen dute parte. Proiektua 2024ko irailean abiatu zen eta 2027ra arte luzatuko da, eta haren helburua da hegazti-gripea nola transmititzen den aztertzea. Arreta berezia jartzen dio H5N1 azpimotari, izan ere, patogenotasun handiko azpimota horrek gaixotasun larriak eta hilkortasun-tasa handiak eragiten dituzte etxeko hegazti eta hegazti basatiengan.
«Hegazti-gripearen birusaren epidemiologia nabarmen aldatu da azken urteotan, eta horrek aldaketak eragin ditu agerraldien urtarokotasunari, ukitutako espezieei eta gaixotasunaren larritasunari dagokienez», azaldu du Marta Barral doktoreak, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikertzaileak, eta, bestalde, haren esanetan, «aldaketa horiek ezinbesteko egiten dute transmisio-mekanismoetan eta hegaztiek hartutako immunitatean sakontzea, kontrol-estrategia eraginkorrak diseinatu ahal izateko».
Jarraipena abeltegietan eta ingurune naturaletan
NEWFLUPREV proiektuak abiapuntutzat ditu hegazti basatien komunitateei, mikrobiomei eta abeltegien arteko konektibitateari buruzko aurretiazko ezagutzak, eta metodologia aurreratuak aplikatzen ditu patogenoen zirkulazioa ulertzeko, bereziki bakterioena, eta haien eragina murrizteko. Teknika horien artean, sekuentziazio masiboa nabarmentzen da. Hari esker, sakonago ikertu ahal izango da erregimen irekiko oilo erruleen eta hegazti basatien artean gertatzen den patogenoen trukea, bai eta espezie bat baino gehiago dauden inguruneetan gertatzen den transmisioa ere.
Aldi berean, proiektuaren esparruan, NEIKERek IREC-UCLM erakundearekin lankidetzan dihardu hegaztien kontzentrazio handiko eremuetan aire- eta ur-lagingailuen erabilera baliozkotzen, agerraldiak goiz detektatzeko baliagarria dela egiaztatzeko. Ikertzaileak nabarmendu duenez, «gailu horiei esker, birusak eta bakterioak detektatu ahal izango dira ingurunean, eta tresna praktiko bihur daitezke, bai naturaguneetan bai abeltegietan».
Horrez gain, hegazti basatien eta etxeko hegaztien arteko interakzioak aztertzen dira, fototranpa-kameren eta abeltegien inguruko espezieen errolda sistematikoen bidez, urteko lau urtaroetan. Urtaroen araberako jarraipen horri esker, identifika daiteke abeltegiak zein espeziek bisitatzen dituzten, zein unetan eta zein maiztasunekin. Informazio hori funtsezkoa da transmisio-arrisku handieneko aldiak zehazteko eta agertoki bakoitzera egokitutako gomendioak bideratzeko.
Era berean, fauna basatia berreskuratzeko zentroak eredu kontrolatu gisa erabiliko dira, hegazti-gripearen antzera transmititzen diren baina hegazti basatiengan ohikoagoak diren birusak aztertzeko. Zentro horietan espezie ugaritako hegaztiak biltzen dira, batez ere urteko garai jakin batzuetan, eta horrek haiek aztertzea errazten du, bai eta haien sakabanatze-potentziala ebaluatzea ere.
«Ezagutza horri esker, animalien osasunaren babesa indartu eta gizakien osasunerako arriskuak murrizteaz gain, espezie jakin batzuk inguruan birusaren presentziaz ohartarazten duten zentinela gisa ere erabili ahal izango dira», adierazi du Barral doktoreak.
Ikerketa integrala eta kolaboratiboa
Giza osasunaren eta ekosistemen arteko interdependentzia aztertzen duen One Health ikuspegian oinarrituta garatzen da ekimena. Ikuspegi horrek aukera ematen du ulertzeko nola zirkulatzen duten patogenoek hegazti basatien, etxeko hegaztien eta ingurunearen artean eta nola eragin dezaketen mugimendu horiek gizakien osasunean eta biodibertsitatean.
One Health ikuspegia eraginkorra izan dadin, eragile ugariren parte-hartzea koordinatu behar da. Ildo horretan, abeltzainek eta albaitariek informazioa ematen dute sintomak agertzeari, hilkortasunari eta ustiategietako biosegurtasun-praktikei buruz. Bestalde, basafaunaren kudeatzaileek eta berreskuratze-zentroek espezie basatien jarraipena egiten eta birusaren detekzio goiztiarra egiten laguntzen dute; eta laborategiek, berriz, laginak aztertu eta birusaren sekuentziazioa egiten dute, genotipoak eta transmisio-patroiak identifikatzeko. Azkenik, administrazio publikoek prebentzio- eta kontrol-neurriak koordinatzen dituzte, inplikatutako eragile guztien arteko komunikazioa eta lankidetza bermatzeko.
«Ezagutza sektore guztien artean partekatuz bakarrik ezar daitezke kontrol-estrategia eraginkorrak eta arriskuak minimizatu», ondorioztatu du ikertzaileak.