Albisteak

BERRIA

NEIKERek bat egin du Lurraren Mundu Egunarekin

4 abendua 2020

NEIKERek bat egin du Lurraren Mundu Egunarekin

Funtsezko baliabide mugatua da planetan bizia bermatzeko

Ingurumenaz hitz egiten dugunean, nekez gogoratzen gara lurrarekin; ez da baliabide berriztagarria, eta funtsezkoa da biziaren garapen arrunt eta egokirako. Elementu horrek Lurraren biodibertsitatearen laurden bat hartzen du, landarediaren oinarria da, elikagai, erregai eta lehengaien oinarrizko iturria, baina baita ere beste zerbitzu ekosistemiko batzuena ere, esaterako, klimaren erregulatzailea eta oxigeno sortzailea da.

Duen garrantziagatik, NEIKERek, beste urte batez, bat egin du Lurraren Nazioarteko Egunarekin, zeina Nazio Batuen Erakundeak abenduaren 5ean garatu ohi baitu, biztanleria kontzientziatzeko ekosistema osasungarriak mantentzeko eta lurra efizientziaz kudeatzeko beharraz, gizakien eta gainerako espezieen ongizatea bermatzeko.

Ildo horretan, hasieratik, NEIKERek hainbat ikerketa ildo lantzen ditu lurren ebaluazioari, kontserbazioari eta erremediazioari lotuta. Hauek dira gaur egun lantzen ari den proiektu nagusietako batzuk.

PROIEKTU NAGUSIAK

DEVACA

Larre lurrek ahalmen handia dute karbonoa atxikitzeko, eta klima aldaketaren ondorioak kontrolatzen lagundu dezakete, 4 x 1000 ekimenean islatzen denez.

DEVACAk aztertzen du larre lurrek berotegi gasen igorpenak arintzen nola laguntzen duten, eta karbono organikoaren stockak denboran zer bilakaera izan dezakeen, klima aldaketaren etorkizuneko jokalekuei begira.

 

HELDUFOR

HELDUFORen xedea da lurreko karbono edukia zehaztea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak zentsatutako baso helduetan.

Baso masa horiek heterogeneoagoak eta erresilienteagoak dira klima aldaketaren aurrean, eta duten egituratik eta funtzionamendutik jarraibideak atera daitezke basoen etorkizuneko kudeaketarako.

Gainera, HELDUFORen lortutako balioak erreferentziazko adierazle moduan proposatuko dira METACARBON proiektuan, zeina, beste jarduera batzuen artean, tresna bat garatzen ari baita CO2 xurgapenak aurreikusteko, lur mota desberdinetan erabilerak eta kudeaketa aldatzen badira.

 

KONTRAE

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), antibiotikoekiko erresistentzia da gaur egun mehatxurik handienetakoa giza osasunerako eta garapen sozioekonomikorako.

Antibiotikoekiko erresistentzia asko ingurunean eta lurretan agertzen eta barreiatzen dira.

Erronka horri arrakastaz aurre egiteko, KONTRAEk giza osasunaren, abeltzaintzaren, elikaduraren eta ingurumenaren arteko loturak aztertzen ditu, antibiotikoekiko erresistentziak kontuan hartuta.

 

LURCARBONTEXT

Lurrek karbono organikoa atxiki dezakete, eta atmosferako CO2 kontzentrazioa murrizten lagundu dezakete. Gainera, lurrean dagoen karbono organikoak lurrek eskaintzen dituzten beste ezaugarri mesedegarri batzuekin du lotura, horien artean egonik emankortasuna, ura atxikitzeko gaitasuna, porositatea, infiltrazioaren abiadura, higadurarekiko erresistentzia, etab.

LURCARBONTEXT proiektuaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko lurren gaineko hainbat mapa landu dira, dagoen karbono organikoa erakusten dutenak (t C/ha), baita horien egitura ere, eta lurra osatzen duten partikula mineralen proportzio erlatiboa: buztinen portzentajea (0-0.002 mm), lohiena (0.002-0.05 mm) eta hondarrena (0.05-0.2 mm).

Informazioa publikoaren eskura dago KLIMATEK plataforman.

 

LURGAS

Lurrek elikagaiak ematen dizkigute, baina lur guztiek ez dute ahalmen produktibo berdina. Lurren sailkapen agrologikoak lurrak multzokatzea ahalbidetzen digu, landatzeko egokiak edo ez hain egokiak diren zehaztuta.

LURGAS proiektuan zundaketak eta laginketak egin dira, Vitoria-Gasteizko lurrak deskribatzeko eta mapa batean agrologikoki sailkatzeko (1:100.000 eskala).

 

METACARBON

Lurrak, nola kudeatzen diren, karbonorako estolda moduan funtzionatu dezakete (CO2 atxikiz), edo karbono iturri moduan (atmosferara CO2 igorriz).

METACARBON proiektuan tresna bat garatzen ari dira, lurren erabilerak eta kudeaketa aldatuz zenbat CO2 xurgatu litekeen kalkulatu ahal izateko.

 

PHY2SUDOE

Fitokudeaketa teknologia bat da, landareak erabiltzen dituena, kokagune degradatuetan kutsatzaileak egoteari lotutako arriskuak kontrolatzeko.

Proiektuaren helburua da SUDOE eskualdean kutsatutako lurrak balorizatzea, fitokudeaketako tekniken bitartez, ingurumen inpaktua minimizatzeko eta produktu eta zerbitzu ekosistemikoak sortzeko.

 

PRADA

Nekazaritzako lurretan animalien simaurra ongarri moduan erabiltzeak antibiotikoekiko erresistentzia barreiatzeko arriskua dakar.

PRADAk aztertzen duena da plagiziden hondarrak eta animalia simaurretik eratorritako emendakin organikoak egoteak zer lotura duen antibiotikoekiko erresistentzia sortzen, nekazaritza sistema konbentzionaletan eta ekologikoetan.

 

REVAL2

Lurraren gaixotasunak kontrolatzeko desinfekzio kimikoaren praktika gero eta murritzagoa da, eragin negatiboak dituelako giza osasunean eta ingurumenean.

Beste aukera batzuk bilatu nahian, frogatu da nekazaritzako elikagaien azpiproduktuak emendakin organiko moduan aplikatzea eraginkorra dela baratze labore zein labore estentsiboetarako lurrak biodesinfektatzeko; estrategia horrek laguntzen du produktu fitosanitarioen erabilera murrizten eta intsumoen erabilera optimizatzen, nekazaritzako ekoizpen jasangarriagoa sustatzeko eta nekazaritzako lurrak kontserbatzeko.

 

LURRAREN OSASUN TXARTELAK

Tresna horren bidez, lurraren osasunaren autoebaluazioa egin daiteke. Erabiltzaileek euren lurren osasunaren bilakaera kontrolatu ahal izango dute, eta aukera jasangarrienak aukeratu.

Informazio gehiago.

 

URBAN KLIMA 2050

EAEko Klima Aldaketaren Estrategiaren hedapena – KLIMA 2050. Euskadin datozen urteetarako klimaren inguruko ekintzan dagoen proiektu nagusitzat jotzen da, eta helburua da berotegi efektuko gasen igorpenak murriztea eta, 2050erako, euskal lurraren erresilientzia segurtatzea, klima aldaketari dagokionez.

Informazio gehiago.

 

URLUR

URLURen xedea da lurraren eginkizun hidrologikoaz sentsibilizatzea. Lurraldean erortzen den euria lurrean iragazten, da gizakiok kontsumitzeko ur hartuneetara iritsi arte. Euria jasotzen duen azalera mota edo lurraren erabilera bakoitzak (eukalipto peko lurra, baso naturalekoa, lur soila, lur iragazgaitza, etab.) infiltraziorako eta ura atxikitzeko ahalmen jakin bat dauka, eta horrek zehazten du, hein handi batean, gizakiok kontsumitzeko ur hartuneetan jasotzen den uraren kantitatea eta kalitatea.

Horregatik, URLURen helburua da irizpideak sortzea, giza kontsumorako azaleko ur bilketen ur gordinaren kantitatea eta kalitatea hobetzeko, lurraren erabilera kudeatuz.

Informazio gehiago.

 

MONTCLIMA

Mendialdea da mehatxu naturalen eraginik handiena nozitzen duten lurraldeetako bat, eta espero da arrisku horiek areagotu egingo direla klima aldaketaren ondorioz (lehorte larriagoak, batez besteko tenperatura altuagoak eta euriaren patroietako aldaketak).

MONTCLIMAk proposatzen du mahastietan landare estalkiak erabiltzea, lurraren higadura murrizteko tresna gisa.

www.montclima.eu