COXPERUM

Q sukarra esnetarako ardi- eta ahuntz-azienden ustiategietan: Infekzioaren zinetika, Coxiella burnetiiren bideragarritasunaren eta genotipoen azterketa, eta produktu eratorrien kalitatean duen efektua

  • Finantzaketa: INIA – RTA2013-00051-C02-01
  • Ikerlari arduraduna: Ana L García-Pérez
  • Gauzatzea: 2014-2017

Proiektu honetan, aztertuko da zer presentzia eta bideragarritasun duen C. burnetiik Q sukarraren episodio bat igaro duten ardi- eta ahuntz-ustiategietatik irtendako gaztetan. Bestalde, azterketa gutxi ditugu gure herrialdean dabiltzan C. burnetiiren barietateei buruz, eta ez dakigu hausnarkari txikietan dauden genotipo guztiak gai diren gaitza sortzeko giza populazioan; horregatik, proiektu koordinatu honek badu beste helburu bat: ardi- eta ahuntz-azienden andui-desberdintasunak aztertzea eta ikustea zer erlazio duten giza pazienteetan detektatutako anduiekin.

Hauek dira helburu espezifikoak:

1. C. burnetiiren banaketa esnetarako gaitasuna duten hausnarkari txikien ustiategietan. Ardi- eta ahuntz-ustiategietako infekzio-zinetikaren zaintza eta jarraipena egingo da proiektuan zehar. Infekzio-estatusa konparatuko da animalia-espeziea, maneiu-mota, ustiatze- eta instalazio-motak eta hartutako kontrol-neurriak kontuan harturik. Hala jakingo da bi espezie horietako zeinek duen arrisku potentzialik handiena. C. burnetiirekiko positibo emandako animalia-jatorriko eta inguruneko lagin batzuk hautatu, eta PCR bidez prozesatuko dira bideragarritasuna eta presente dauden genotipoak aztertzeko (02 azpiproiektua). Emaitzak aztertu eta balidatzeko, kontuan hartuko da ea abere-taldeek Q sukarraren aurkako txertaketa-programa bat duten edo tratamendu antibiotikoa izan duten; beraz, jakin ahal izango da zenbateraino eragingo dituen aldaketak genotipo zirkulatzaileetan eta nola eragingo dion C. burnetiiren bideragarritasunari.

2. C. burnetiiren presentzia eta bideragarritasuna aztertzea gazten fabrikazio- eta ontze-prozesuan. Tangako esnean C. burnetiirekiko positiboa eman duten eta pasteurizatu gabeko esne gordina erabiliz gazta egitea helburu duten ustiategiak hautatuko dira, eta haien gaztei jarraipena egingo zaie ontze-prozesuan zehar, jakiteko zer neurritan detektatzen den C. burnetii eta, aurkituz gero, haren bideragarritasuna aztertzeko (02 azpiproiektua).