Albisteak

BERRIA

 ‘Super’ arbolak berotze globalaren aurrean

30 maiatza 2022

 ‘Super’ arbolak berotze globalaren aurrean

  • NEIKERek enbriogenesi somatikoaren teknikaren bidez lortu den intsinis pinuaren Europako lehen landaketa aurkeztu du, gaur goizean, Laudion (Araba)
  •  Teknologia horri esker, berotze globalari aurre egin diezaioketen eta tenperatura altu, ur eskasia edo lur pobretuekiko tolerantzia bezalako ezaugarri nabarmenak dituzten errendimendu handiko pinuak ugaritu daitezke
  •  Mugarria klima aldaketaren aurrean basoen osasuna ziurtatzeko MULTIFOREVER proiektuaren esparruan lortu da
  •  Landaketak 800 pinu baino gehiago ditu, eta, laborategian in vitro lortu ondoren, mendira erabat egokitzen direla frogatu dute

Zuhaitzak landatzea eta berotze globalak eragindako baldintza berrien aurrean toleranteagoak diren landareekin baso azalera hobetzea mundu mailako erronka bihurtu da. Hori lortzeko, basogintzan aurreratuen dauden herrialdeek hobekuntza genetiko klasikoa eta tresna bioteknologiko aurreratu berriak uztartzen ari dira (in vitro hedapen begetatiboa edo enbriogenesi somatikoa), basoetan baldintza berri horiei aurre egiteko, hala nola tenperaturen igoerari, ur eskasiari edo mantenugaietan pobretutako lurzoruei.

Testuinguru horretan, NEIKERek, Euskadiko baso landaketen izarra den intsinis pinuaren barietatearen landaketa bat aurkeztu du gaur goizean, Europako lehena, laborategian landatua eta bioteknologiaren bidez lortutako etekin handiko pinuz osatua, zehazki, enbriogenesi somatikoaren teknikaren bidez.

Ekimena gaur goizean aurkeztu da Laudion (Araba), eta MULTIFOREVER proiektuaren esparruan garatu da. Europar Batasunak finantzatutako proiektua da, eta bioteknologian oinarritutako estrategia bat garatzea izan du helburu, pinua eta antzeko koniferoen barietate baliotsuen baliabide genetikoak bermatzeko, haziak eskuratzeko menpekotasuna murrizteko, eta, aldi berean, zuhaitzik onenak, errendimendu handikoak, hedatzeko. Hobekuntza genetikoko programa horiek ezaugarri hobetuak dituzten indibiduoak bilatzen dituzte, eta, horietatik abiatuta, hedatzea eta ugaltzea nahi da, basoen osasuna bermatzeko.

Laborategitik basora

Landaketak 800 pinu baino gehiago ditu, zentro teknologikoak in vitro hedapen begetatiboaren bidez garatu dituenak (enbriogenesi somatikoa esaten zaio); teknika horri esker, etekin handiko edo eliteko zuhaitz batetik kopia ugari lor daitezke. Mugarri iraultzailea da, Paloma Moncalean NEIKEReko Baso Zientzien Departamentuko ikertzaile eta proiektuaren liderrak azaldu duenez, izan ere, “teknologia horri esker, elite indibiduo batetik zuhaitz ugari lortu ahal izan ditugu, teknika tradizionaletan ez bezala, horietan hazi batetik zuhaitz bakar bat baino ez baita lortzen”.

Hazi bakarretik espezimen gehiago lortzeko aukera izateaz gain, teknika horrek landareen hedapenaren abiadura handitzea ahalbidetzen du. “Hobekuntza genetikoko programa konbentzional baten bidez zuhaitzak 18-20 urtetan merkaturatu daitezke, baina in vitro teknika honi esker epea 7-8 urtera laburtzea lortzen da”, zehaztu du Moncaleanek. Halaber, teknika horrek laborategian lortutako landare ehuna izoztea ahalbidetzen du, etorkizunean kopia gehiago sortu ahal izateko.

Laborategitik basora egindako jauziak onura gehiago eskaintzen dizkio basoko egur sektoreari, ezaugarri bikainak erakusten dituzten aleak ugaritzen laguntzen baitu, hala nola tenperatura altu, ur eskasia edo lur pobretuekiko tolerantzia, etorkizuneko baldintza klimatikoekin lotutako gaixotasunak gainditzeko gai izango diren “super” arbola bihurtuz.

Baso hobetuak berotze globalaren aurrean

Europa da berotze globalaren ondorioak gehien nabaritzen ari den eskualdeetako bat, eta bertako basoak ez dira baldintza berri horietatik kanpo geratzen. Zentzu horretan, Espainiako basoetako zuhaiztien azalerak 800 tona karbono inguru bahitzen ditu, bai aireko masan, bai erradikularrean, eta horrek planetan oso garrantzitsua dela esan nahi du. Beraz, klima aldaketaren ondorioei dagokienez, ezaugarri toleranteenak dituzten zuhaitzak landatu behar dira.

Horrenbestez, NEIKEReko Baso Zientzien Departamentuak hamar urte baino gehiago darama basoko espezieen enbriogenesi somatikora bideratutako lan ildo bat ikertzen, batez ere Pinus radiata-n, gure lurraldeko zuhaitzetan gehien hedatutako pinu barietatea izanik. Hamarkada horretan, zentro teknologikoak prozedura optimizatzea lortu du, ‘super’ arbolak lortzeko, berotze globalak eragindako tenperatura altuak, ur eskasia edo mantenugaietan pobretutako lurzoruak toleratzeko gai izango diren ezaugarri hobetuekin.

Enbriogenesi somatikoaren bidez koniferoen ekoizpena areagotzeko proiektu globala erakunde hauek finantzatu dute elkarrekin: ERANetANR (Frantzia), FNR (Alemania), MINCyT (Argentina), MINECO-AEI (Espainia), MMM (Finlandia), VINNOVA (Suedia) eta Europar Batasunaren H2020 Programa. NEIKERez gain, proiektua garatu duten bazkideen partzuergoan parte hartu dute: UPSC (Suedia); FCBA eta INRAE (Frantzia); LUKE (Finlandia); HUB (Alemania) eta INTA (Argentina). Horretarako, proiektuak teknologia horretako berrikuntzak garatzera bideratu du indarra, esaterako, Laudion (Araba) in vitro landatutako intsinis pinuaren landaketan.

Ekimena NEIKERek landutako EUSKOBASOA 2050 Euskadiko Basoak Hobetzeko Planaren barruan dago. Planak lau lan ildo ditu: osasuna, espezie alternatiboak, zuraren kalitatea eta hobekuntza genetikorako plana berraktibatzea; eta zeharkako beste bi ildo ditu: klima aldaketa eta jasangarritasuna.

Related posts