Albisteak

BERRIA

Olatz Unamunzaga, NEIKEReko zuzendari nagusi berria

4 martxoa 2025

NEIKERen nekazaritzako elikagaien sektorearen berrikuntza eta garapenarekin dugun konpromisoa indartzen dugu Olatz Unamunzaga zuzendari nagusi berriarekin. Eusko Jaurlaritzak hura izendatzeak bultzada ematen dio Euskadin nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreei  ezagutza transferitzeko eta harekiko lotura izateko estrategiari, horixe izanik zentroaren lehentasun handietako bat.

Unamunzaga Biologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Nekazaritza Zientzietan doktorea Zaragozako Unibertsitatean. Ibilbidean zehar ikerketa eta kudeaketako lan nabaria egin du, eta nekazaritzako elikagaien sektorean sendotu du bere esperientzia. NEIKERen lan egin du hamarkada batean baino gehiagoan, eta bertan funtsezko postuak bete ditu Berrikuntza eta Teknologiako arduradun gisa. Kargu horretan, proiektu estrategikoak zuzendu ditu nekazaritzako sektorearen modernizazioa eta jasangarritasuna lortzeko, adibidez GEN i AGROALAVES izeneko proiektu sektoriala.

Horrez gain, Unamunzagak prestakuntza osagarria du enpresa-zuzendaritzan (MBAe3), eta gaitasun handia du lidergo, proiektu-kudeaketa eta komunikazio efektiborako. Konpetentziok funtsezkoak dira NEIKERen buru beteko duen aro berriari arrakastaz ekiteko.

Zuzendari berriak bere egiten du NEIKER nekazaritzako elikagaien eta basogintzako ikerketako erreferente gisa sendotzeko erronka, bai eta nekazaritzako sektoreari eginiko ezagutza-transferentzia indartzekoa ere. «NEIKER egoera ezin hobean dago, eta % 80tik gorako arrakasta-tasak ditu askotariko deialdietan. Lorpen horrek lantaldea bikaina dela erakusten du, baina haratago joan behar gara: gure ikerketa azken nekazari, abeltzain eta basogileari iristea lortu behar dugu», esan du Unamunzagak.

Bere aurrekoak, Leire Barañanok, NEIKERen finkatutako ildoari jarraituz, helburu nagusitzat izango du sektorearekiko hurbiltasuna indartzea entzute aktiboaren eta parte hartuzko ikerketaren bitartez, nekazaria berrikuntzaren erdigunean jarrita. «Nahi dugu gure lanak benetako eragina izan dezan nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasun eta jasangarritasunean, haien premiei erantzuten dieten tresnak eta irtenbideak emanez», zehaztu du.

Olatz Unamunzaga iristearekin batera, NEIKERen berretsi egiten dugu ikerketa-bikaintasunarekin eta ezagutza-transferentziarekin dugun konpromisoa, nekazaritza eta abeltzaintzarako etorkizun jasangarri eta lehiakorragoa lortze aldera.

Amaitzeko, NEIKERetik eskerrak eman nahi dizkiogu gure aurreko zuzendari nagusiari, Barañanori, zentroaren buru izan den zortzi urteetan egin duen lan bikainagatik. Bere lana funtsezkoa izan da NEIKER bere sektorean erreferente gisa kokatzeko. Arrakasta handia opa diogu bere etapa profesional berrian.