Albisteak

BERRIA

Intsinis pinuaren hobekuntza genetikoa, basoak indartzeko

6 martxoa 2025

 

  • EuskoBasoa 2050 programaren esparruan lanean gabiltza, landare-materialaren ekoizpena optimizatzeko, klima- eta osasun-baldintza berrietara egokituta
  • Baso-sektoreari hobeto egokitutako eta kalitate handiagoko zuhaitzak ematea da helburua

 

Klima erregulatzeko eta biodibertsitatea kontserbatzeko ezinbesteko rola jokatzen dute basoek. Nolanahi ere, klima-aldaketa baso-ekosistema guztiak aldatzen ari da eta, horren ondorioz, landare-espezieak ahultzen dituzten gaixotasunak ugaritzen ari dira. Euskadin, baso-espezie adierazgarrienetako bat intsinis pinua da; maiz erabiltzen da egur-industrian eta ikerketa zientifiko askoren ikergai izan da. Hala ere, zerrenda gorria, zerrenda marroia eta beste gaixotasun batzuekiko kaltebera da eta, hori horrela izanik, zuhaitz horien erresistentzia areagotu eta sektorearen baliabideak dibertsifikatu beharra dago.

Erronka horri eta baso-sektoreak aurrez aurre dituen beste batzuei aurre egiteko, NEIKER teknologia-zentroa Eusko Jaurlaritzak bultzatutako EuskoBasoa 2050 programaren esparruan lanean ari da, ikerketa-ildo honetan: landare-materialaren ekoizpena optimizatzea, klima- eta osasun-baldintza berrietara egokituta, intsinis pinuaren hobekuntza genetikoaren bidez, gaur egungo testuingurura hobeto egokituta dauden eta kalitate handiagoa duten zuhaitzak emateko baso-sektoreari.

Hazi hobetuak

Ikerketa-ildo honen ardatz nagusietako bat da mintegiak sortzea, aldakortasun genetiko handiagoa duten hazi hobetuak sortzeko. Horretarako, NEIKERek intereseko material genetikoa berreskuratu du; jada aukeratu zuen 1980ko hamarkadan, egur-hazkuntzaren eta bolumenaren aldetik ezaugarri onak zituelako.

«Material horretatik abiatuta, 62 ama erreplikatzen ari dira; horiekin, sail pilotuak ezarriko dira, mintegi horietarako oinarri izango direnak. Sail horiek kalitate handiagoko haziak emango dituzte eta, gainera, baso-kudeaketa jasangarriagoa egiten lagunduko dute», NEIKEReko Baso Zientzietako Saileko ikertzaile Javier Herrerok azaldu duenez.

Derio Nekazaritza Eskola LHIIk ere parte hartzen du zuhaitz horiek mentu bidez erreplikatzen; hain zuzen ere, ikastetxe horretako irakasleak eta ikasleak baso-teknika aurreratuetan prestatu ziren 2024an. Prestakuntza horri esker, jakintza transferitzeaz gain, modu aktiboan inplikatu dira belaunaldi berriak prozesuan. Basoa eta natura-ingurunea kudeatzeko prestakuntza-zikloaren heziketa-programaren barruan sartu dira praktika hauek.

Zuhaitz horien hautaketa osatzeko, intsinis pinuaren analisi genetikoa egin da Euskadin eta Kantauri itsasoko ertzean, DNA tekniken bidez. Markatzaile genetikoak identifikatzean eta konparatzean oinarritzen da ikerketa, eta, horri esker, xehetasun handiz ezagutu ahal izan dugu espeziearen dibertsitate genetikoa. Zuhaitzak gaixotasunekiko eta ingurumen-aldaketen aurrean kontserbatzeko eta horietara egokitzeko gai izateko ezinbesteko faktorea da hori.

Jakintza horri esker, mintegi berriak diseinatu dira genetikoki askotarikoak diren aleekin; hartara, etorkizuneko sailek inguruko baldintzetara hobeto egokitzen diren zuhaitzak izango dituzte.

Zerrenden arazoa

Euskadiko baso-ekosistemaren arazo ezagunenetako batzuk ere topatu ditu NEIKERek bere ikerketa-ildoan: zerrenda gorria eta zerrenda marroia, intsinis pinuari eragiten dioten eta haren garapena arriskuan jartzen duten gaixotasunak. Azken urteetan, ikuskapenak egin ditu zentroak eskualdeko zenbait eremutan irtenbideak bilatzeko: kaltetutako inguruetan badaude ere gaixotasunarekiko nolabaiteko tolerantzia erakusten duten zuhaitzak identifikatzea izan da helburua. Prospekzio horien ondoren, tolerantzia naturala izan dezaketen 51 ale identifikatu dira.

«Ugaritu egin ditugu zuhaitz horiek eta, horiekin, 2,7 hektareako sail esperimental bat ezarri dugu Laudion, hango udalarekin lankidetzan. Ebaluatu nahi dugu ea bideragarriak diren banako erresistente gisa eta aztertu nahi dugu ea zer portaera duten denboran zehar, etorkizuneko birlandaketetan erabili ahal izango direlakoan», ikertzaileak adierazi duenez.

Espeziea indartzeaz gain, NEIKERek egiten duen baso-kudeaketak espezie osagarriak erabiltzea sustatzen du. Horrela, gehiago jakingo dugu intereseko baso-espezie berriei buruz eta ingurumen-erronkekiko erresilienteagoa den eta horietara hobeto egokitu daitekeen paisaia bat sortu ahal izango dugu.

EuskoBasoa 2050

Euskadiko Baso-hobekuntzako I+G+B Plana da EuskoBasoa 2050, NEIKERek garatu du Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta helburu du baso- eta egur-sektorea indartzea ikerketaren eta jakintzaren transferentziaren bidez. 2019an abiarazi zen EuskoBasoa 2050 eta, harrezkero, EAEko basoen osasuna eta etorkizuna hobetzeko lan egiten du.

Bost urte hauen ondoren, berrikusi egin da, eta Europako basoek gaur egun dituzten erronka berriak sartu dira. Hori dela eta, honela birdefinitu dira ildoak: baso-osasuna, hobekuntza genetikoa eta baso-erresilientzia. Horietan guztietan modu integratuan aplikatu dira bioteknologia eta leheneratzea.

2024ko otsailean, transferentzia-jardunaldi bat egin genuen Arkautin, EuskoBasoa 2050en egindako aurrerapenen berri emateko baso- eta egur-sektoreari. Hemen kontsulta ditzakezu jorratu genituen gai nagusiak.