BERRIA
Mahastietan landare estalkiak erabiltzea, etorkizuneko apustua klima aldaketaren ondorioen aurrean lurzoruen higadura geldiarazteko
6 uztaila 2022Mahastietan landare estalkiak erabiltzea, etorkizuneko apustua klima aldaketaren ondorioen aurrean lurzoruen higadura geldiarazteko
- NEIKERek Elvillarreko (Araba) Maisulan Upategietan egindako ikerketa baten arabera, landare estalkien erabilerak 8 aldiz murrizten du maldan dauden mahastietako lurzoruen higadura
- Lan hori MONTCLIMA Europako proiektuaren barruan dago, zeinak Europako hego-mendebaldeko mendialdeetan klima aldaketak dituen arriskuei nola aurre egin aztertzen baitu
- Ikerketaren emaitzak atzo aurkeztu ziren Bilbon, “Lurzorua klima aldaketaren inpaktuetatik babesteko estrategiak” lantzeko nazioz gaindiko laugarren mintegian
Berez hazten diren landare estalkien erabilerak 8 aldiz murrizten du lurzoruen higadura Arabako Errioxako mahastietan, ohiko laborantzarekin alderatuta. Hala erakutsi du NEIKERek Elvillareko (Araba) Maisulan Upategiekin lankidetzan egindako ikerketa baten bidez.
Ikerketan zehar, “egiaztatu dugu mahastietan estalkiak erabiltzeak lurzoruaren higadura 2,1 tonara murrizten duela urtean lur hektarea bakoitzeko, eta ohiko laborantzarekin maneiatuz ia 17,9 tona higatzen dira; eta, horrela, urtean hektareako 15,8 tona lur galtzea saihesten da”, azaldu du Olatz Unamunzaga NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbaziorako Saileko arduradunak. Datu horiek 2020ko apiriletik, lanak hasi zirenetik, aurtengo apirilera bitartekoak dira.
Ikerketaren emaitzak atzo aurkeztu ziren Bilbon, “Lurzorua klima aldaketaren inpaktuetatik babesteko estrategiak: higadura arriskua eta karbono bahiketa” izenburuko nazioz gaindiko laugarren mintegian. Topaketa, nazioarteko bokazio argiarekin, NEIKERek antolatu du, MONTCLIMA Europako proiektuaren esparruan, zeina mendialdeetan klima aldaketak dituen ondorioei aurre egiteko praktika jasangarriak bilatzeaz arduratzen baita. Lankidetza proiektu hori Europar Batasunak finantzatzen du, Interreg SUDOE programaren bidez, eta Espainiako, Frantziako, Andorrako eta Portugalgo 9 bazkidek osatzen dute. Hainbat estrategia lantzen ari dira –esaterako, zentro teknologikoak Arabako Errioxan egin duena–, lurzoruak klima aldaketaren inpaktuetatik babesteko.
Mintegia transferentziarako topaketa batzuen parte da, proiektuan aztertzen diren lau arrisku naturalen prebentzioa eta kudeaketa hobetzera bideratuta: higadura, suteak, uholdeak eta lehorteak.
Hala, ekitaldian zehar, NEIKERen ikerketaren ondorioz lortutako emaitzak aurkezteaz gain, besteak beste, bazkide frantsesek sute baten ondoren higadura saihesteko egindako ikerketen emaitzak eta Andorrako kideek material solidoen mobilizazioa mugatzeko birlandatze efektuak partekatu ziren.
Zergatik mahastiak?
Ardotarako mahatsondoaren laborantza Euskadiko nekazaritza labore adierazgarrienetako bat da, bai azaleran duen garrantziagatik, bai pisu ekonomikoagatik. Txakolinaren Jatorri Deitura desberdinetako ekoizpen eremuaz gain (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba), horiek guztira 1.000 hektarea inguru direlarik, mahastizaintzaren masarik handiena Arabako hegoaldean dago, Arabako Errioxan, 13.000 hektarearekin.
Arabako Errioxak klima mediterraneotik gertuko klimatologia dauka eta, prezipitazioak kantauri isurialdean baino askoz urriagoak diren arren (urtean 400-600 milimetro koadro Arabako Errioxan, txakolinaren eremuan 1.000-1.600 inguru izanik), mahastietan belarrak kontrolatzeko egiten den ohiko kudeaketak higatzeko arrisku handiagoa izatea eragiten du.
Arabako hegoaldeko eskualde horretan, mahastiak nekazaritzako azalera erabilgarriaren %80 hartzen du, eta %40k baino gehiagok %10etik gorako batez besteko malda du. Muga horretatik aurrera, nabarmen handitzen da higadura. Beraz, Arabako Errioxako mahastien azaleraren 5.000 hektarea baino gehiago higatzeko arriskuan daude, eta are gehiago klima aldaketak seguruenik ekarriko dituen muturreko fenomeno meteorologikoak gehituz gero (ekaitzak, txingorra, muturreko beroa eta hotza, etab.).
Azterketa egiteko, Elvillarren (Araba) dagoen Maisulan Upategien laguntza izan da, horrek ekoizpen ekologikoaren bidez kudeatzen baititu bere mahastiak. Saiakuntza Graciano barietateko mahasti batean egin da, %10-%20ko maldarekin. Sail pilotu horretan, inguruko laborantza konbentzionaleko maneiuak eta mahastiko landare estalki espontaneoaren bidezko maneiua alderatu dira. Horrek, NEIKEReko ikerlariak azaldu duenez, “esan nahi du ez dela goldatu behar, eta lursailaren berezko belarrak mahatsondoen ildoak kolonizatzen joan daitezen utzi behar dela, horien altuera kontrolatuz, urtean 1-3 sega pasa bidez, betiere lurraren gainaldeari ahalik eta kalterik txikiena egiten saiatuz”.
Lurzorua, bizitzarako funtsezko baliabidea
Ez da kasualitatea lurzoruaren babesa azken urteetan elementu nagusi bihurtzea ingurumenari buruzko munduko agendan. Planetako bizitzarako funtsezko baliabidea da, baina ez da erraz berriztatzen, lurzoruaren zentimetro batek ehunka urte eman baititzake osatzen, baina ekaitz bakar batean galdu.
Gainera, giza jarduerak, hala nola lurraren erabilera intentsiboa, ekoizpena, kontsumo eredu batzuk eta urbanizazioa, larriagotzen ari dira klima aldaketaren ondorioengatik. Kalkulatzen da 2050erako, munduan 500 eta 700 milioi lagun inguru migratzera behartuta egongo direla, lurraren degradazioagatik eta klima aldaketaren ondorioen konbinazioagatik. Gaur egun, klima aldaketak lurzoruetan dituen ondorioak geldiarazteko eta horien babesa bermatzeko estrategietan lan egitea lehentasuna da Europar Batasunarentzat, MONTCLIMA bezalako proiektuek erakusten duten bezala.
Lurzoruak klima aldaketaren aurrean babesteko MONTCLIMA proiektuak 42 hilabeteko iraupena du aurreikusia, eta 9 bazkidek osatzen dute: Consorcio de la Comunidad de Trabajo de los Pirineos (CTP), koordinatzaile lanetan, Gaztela eta Leongo Centro de Investigacion Ecologica y Aplicaciones Forestales y de su Industria (CREAF), NEIKER, Gaztela eta Leongo Centro de Servicios y Promocion Forestal y de su Industria Fundazioa (CESEFOR), Instituto Politécnico de Bragança (IPB), Office National des forêsts (ONF), FORESPIR, Centre d´Estudes et d´Expertise sur les Risques, L’Environment, la Mobilité et l´Aménagement (CEREMA) eta Comunidade Intermunicipal da Região de Leiria (CIMRL). Lankidetza horren bidez, Hegoaldeko mendietan arrisku naturalak prebenitzeko eta kudeatzeko nazioz gaindiko lehen esparru estrategikoa garatuko da.
1.401.811 euroko zuzkidura du, eta Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak (EGEF) %75ean kofinantzatu du, Europako hego-mendebaldean eskualde garapena laguntzeko helburua duen Interreg SUDOE programaren bidez, nazioz gaindiko proiektuak finantzatuz EGEF Funtsaren bidez.
Informazio gehiago: montclima.eu