Albisteak

BERRIA

Intxaurrondoa eta lupulua, euskal nekazaritzan laboreak dibertsifikatzeko aukera

21 uztaila 2022

Intxaurrondoak eta lupulua, euskal nekazaritzan laboreak dibertsifikatzeko aukera

  •  NEIKERek jardunaldi tekniko bat egin du gaur, fruta oskolduneko arbolek eta lupuluaren ekoizpenak lehen sektorearentzat duten ahalmena erakusteko
  •  Zanbrana eta Berantevillako (Araba) lursail esperimentaletara egindako bisitan, intxaurrondoarekin eta lupuluarekin lan egiten duten bi saiakuntzatan lortutako emaitzen berri eman da
  •  Laboreen dibertsifikazioa eta merkatu berrietara irekitzea Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoaren parte dira, lehen sektorea merkatura egokitzea lortzeko

Azken urteetan, lehen sektoreak kontsumitzaileen gustu berrietara egokitu behar izan du. Horien artean dago fruitu lehorren eskariaren igoera, urtean %5 inguru hazten ari baita Euskadin. Hala ere, kontsumitzen denaren %20 baino ez da Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitakoa, eta horrek ate bat irekitzen du intxaurrak eta antzeko fruituak lurralde osoan ekoizteko eta merkaturatzeko. Artisau-garagardoaren kontsumoa ere handitzen ari da. Edari honek garagardo industrialak baino lupulu-kantitate handiagoa erabiltzen du bere elaborazio-prozesuan, eta, gainera, erabilitako lupulu-motari eta jatorriari balioa ematen die.

Agertoki horretan, NEIKERetik jardunaldi tekniko bat antolatu dugu, Añana LGArekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta HAZI Fundazioarekin lankidetzan, fruta oskolduneko arbolak landatzeak, batez ere intxaurrondoa, eta lupuluaren ekoizpenak lehen sektorearentzat duten ahalmena erakusteko.

Jorge Garbisu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak azpimarratu duenez, “laboreen dibertsifikazioa eta merkatu berrietara irekitzea Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoaren parte dira, lehen sektoreari egoera berrietara egokitzen laguntzeko, eta, gainera, Euskadin orain arte landu ez diren edo oraindik presentzia txikia duten elikagaien tokiko ekoizpena bultzatu nahi da”.

Ekitaldia gaur izan da Zanbrana eta Berantevillako lursail esperimentaletan, eta labore mota horiek ezartzeak eskaintzen dituen aukeretan interesa duten nekazari, teknikari eta ekoizleek parte hartu dute. Saiakuntzen emaitzak ezagutarazi dira, eta, horrez gain, informazioa eman da laboreen instalazioa nola egin zen eta erabilera agronomikoa azaltzeko.

Sei lupulu-mota, proban

Lupuluaren saiakuntzaren kasuan, oraingoa zentro teknologikoak parte hartuko duen seigarren kanpaina izango da, zenbait lupulu barietate Arabako baldintzetara nola egokitzen diren ebaluatzeko. Hala, 2017. urteaz geroztik, sei lupulu barietate (NUGGET, MAGNUM, PERLE, CASCADE, SPALT eta SAAZ) landatu dira Berantevillako finka esperimentalean, eta orain arte lortutako emaitzak desberdinak dira barietatearen arabera. “Batzuk portaera eta urteko egonkortasun hobea izaten ari dira, eta horrek interesgarriak egiten ditu dauden baldintzetarako”, esan du Roberto Perez-Parmok, NEIKEReko Ekoizpen eta Landare Babeserako departamentuko teknikariak.

Intxaurrondoak ekoizpen fasean sartzear

Lupuluaren lursail esperimentala bisitatu ondoren, bertaratutakoek intxaurrondoari erasaten dioten izurrite eta gaixotasunei buruzko informazio saio batera joateko aukera izan dute, Zanbranan. Bisitariek labore mota horietan agertzen diren gaixotasun batzuk eta horiek nola tratatu ikusi ahal izan dute. “Kontuan izan behar da sail esperimental honen helburua laborearen bideragarritasun teknikoa erakustea dela, eta, aldi berean, etorkizuneko intxaur ekoizleak prestatzeko baliabide bat dela”, azaldu du NEIKEReko Ekoizpen eta Landare Babeserako departamentuko arduradun Amaia Ortizek.

Halaber, erabilera agronomikoaren hainbat alderdi azaldu dira, hala nola ureztatzea, ongarritzea, tratamendu fitosanitarioak edo inausketa, eta aztertu beharreko hiru intxaurrondo barietateen bilakaera desberdina egiaztatu da, baita erabilitako inausketa sistemen eragina ere.

Zanbranan beste fruta oskolduneko arbola batzuk dauden arren, oraingo honetan formazioa intxaurrondoaren hazkuntzan oinarritu da, hasierako ekoizpen fasean sartzear daudelako. Izan ere, datorren urterako ahalmenaren %15 inguruan izatea espero da.

Related posts