Albisteak

BERRIA

Fruitu lehorrak, euskal nekazaritzarako aukera berria

17 otsaila 2022

Fruitu lehorrak, euskal nekazaritzarako aukera berria

  • Fruitu lehorren kontsumoa % 5 baino gehiago handitzen da urtean Euskadin, baina kontsumitutako produktuaren % 20 baino ez da bertakoa
  • Mota horretako laboreak lurraldean ezartzeko duten potentziala erakusteko, NEIKERek eta ADR Añanak “Euskadi, fruitu lehorren aukera” informazio-jardunaldia antolatu dute
  • Jardunaldi hau Eusko Jaurlaritzak laboreen dibertsifikazioaren, merkatu berrietara irekitzearen eta sektorerako transferentzia teknologikoaren alde duen estrategiaren barruan kokatzen da.
  • Eusko Jaurlaritzako, ADR Añanako, Arabako Nekazaritza eta Abeltzaintza Elkarteko (UAGA) eta Arabako Foru Aldundiko ordezkarien laguntza izan du.

Euskadin gero eta fruitu lehor gehiago kontsumitzen da, urtean % 5 inguru gehiago. Izan ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren datuen arabera, 2020an 4 kilo inguru kontsumitu ziren pertsonako, eta horietatik kilo bat inguru intxaurrak izan ziren. Horretan lagundu dute intxaurrak erregularki kontsumitzeak pertsonen osasun kardiobaskularrean dituen onurak frogatu duten azken ikerketa zientifikoek.

Hala ere, elikagai horien ekoizpena eskariaren azpitik dago gaur egun. Autonomia-erkidegoan, gaur egun, kontsumitzen denaren % 20a baino ez da ekoizten, eta horrek ate bat irekitzen du lurraldean fruitu horiek ekoizteko eta merkaturatzeko. Laboreen dibertsifikazioa eta merkatu berrietara irekitzea, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoaren parte dira, lehen sektorea merkatura egokitzeko, kontsumitzaileen eskari berriei erantzuteko eta gaur egun EAEn landatzen ez diren edo, potentziala izan arren, presentzia txikia duten elikagaien tokiko laboreak lortzeko.

Testuinguru horretan, ADR Añana Landa Garapen Elkarteak eta NEIKER zentro teknologikoak “Euskadi, fruitu lehorretarako aukera” informazio saioa antolatu dute, oskoldun fruta-arbolek, batez ere intxaurrondoek, lehen sektorerako duten potentziala erakusteko helburuarekin.

Mota horretako laboreak ezartzeak eskaintzen dituen aukeretan interesa duten hogeita hamar bat nekazarik parte hartu zuten ekitaldian, eta Eusko Jaurlaritzako, ADR Añanako, Arabako Nekazaritza eta Abeltzaintza Elkarteko (UAGA) eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariak izan ziren bertan.

Labore hauek balio erantsi handia dute nekazarientzat; izan ere, Amaia Ortiz NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeserako Saileko arduradunaren esanetan, “produkzioa dibertsifikatzea eta ustiategien errentagarritasuna areagotzea ahalbidetzen dute, azalera txikian balio ekonomiko handia ematen dutelako eta nekazariek bere baserria osatzeko beste labore batzuk planifikatzen dituenean kontuan hartzeko alternatiba gisa balio du”.

Otsailaren 16an ospatutako ekitaldia Gregorio eta Javier Torre anaien Armiñongo intxaur lursailera egindako bisita gidatu batekin hasi zen. Bertan laborantza mota hau Euskadiko nekazaritza-baldintzetara nola egokitzen den probatzen dute Torre anaiek. Lurpeko tantakako ureztatze-sistema berri bat du lursailak eta, APP baten bidez, laboreak monitorizatzeko aukera ematen du, lurzoruaren azpian instalatutako sentsoreak erabiliz. Lurzoruan dagoen ur kantitatea neurtzen du eta ekoizpena optimizatzen, kostuak murrizten eta laboreen kudeaketa hobetzen laguntzen du.

Bisitan zehar, bertaratuek intxaurrondoak nola egokitzen ari diren, zer barietate lantzen ari diren eta zer errendimendu eskaintzen ari diren ezagutzeko aukera izan zuten, bai eta fruta-arbolak lantzeak zer errentagarritasun eman dezakeen ere. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak mota horretako fruta-arbolak ezartzeko eman ditzaketen laguntzei buruzko informazioa eskeini zuten.

 Intxaurrondoak inausteari buruzko prestakuntza

Bisita gidatuaren ondoren, intxaurrondoak inausteari buruzko prestakuntza-saio bat egin zen NEIKERek Zanbranako (Araba) Añanako ADRrekin lankidetzan duen entsegu-finkan, erabil daitezkeen tekniketatik hasi eta hura egiteko unerik egokienera arte.

Finka horretan, zentro teknologikoa hautatutako barietateen bideragarritasun teknikoa, zonaren potentzial agroklimatikoa eta fruitu lehorren hazkundea aztertzen ari da, baita beraien errentagarritasuna ere, Araban fruta-arbolen ekoizpenean sartzea sustatzeko helburuarekin. Zanbranako saiakuntzak intxaurrondoekin egiten ari dira, batez ere, baina baita almendrondo eta hurrondoekin. Zehazki, intxaurrondoei dagokienez, “Frantziar barietate bat eta Kaliforniako bi barietate aztertzen ari gara, oskol finagoa eta fruitu mamitsuagoa dutenak, kontsumitzaileak oso baloratzen dituen ezaugarriak”, deskribatu du Ortizek.

 Euskadik fruitu lehorraren aldeko apustua egin du

Euskadik gaur egun 200 hektarea inguru ditu fruitu lehorreko laboreak landatzeko, hala nola intxaurrondoak, almendrondoak eta hur-arbolak, baina ia autokontsumorako dira eta merkaturatzeko aukera txikia da oraindik, nahiz eta potentzial handia duten. Hori dela eta, gaur egungo datuekin, esan daiteke Euskadin 400 hektarea oskoldun fruta-arbol gehiago beharko liratekeela egungo fruitu lehorren eskaerari erantzuteko.

Azken boladan, NEIKER eta ADR Añanako Zambraña lursailean egindako bideragarritasun tekniko eta ekonomikoko proba horiez gain, oskoldun fruta-arbolak eraldatzeko eta fruitu lehorrak merkatura iristea errazteko beste ekimen pribatu batzuk gehitu dira, , kalitate bereiziko ekoizpena tokiko banaketa eta salmentarekin lotuz. Ildo horretan, Torres anaiak oskoldun fruta-arbolak prozesatzeko zentro batean ari dira lanean, bildutako fruituak lehortzeko, zuritzeko, kalibratzeko eta poltsikoratzeko, eta tokiko merkatuak hurbileko fruitu lehorrak izan ditzan laguntzeko.