Albisteak

BERRIA

Euskadiko nekazaritzako elikagaien alorreko digitalizazioko eta berrikuntzako aurrerapenak Food 4 Future Nazioarteko Kongresuan

15 ekaina 2021

Euskadiko nekazaritzako elikagaien alorreko digitalizazioko eta berrikuntzako aurrerapenak Food 4 Future Nazioarteko Kongresuan

  • Elikaduraren sektoreko erreferentziazko eragile publikoek, NEIKERek, ELIKAk eta HAZIk, hitzaldietan eta erakusketa gunean parte hartzea izango dute.
  • NEIKERek hainbat hitzaldi emango ditu, intsektuekin egindako pentsuen garapenari buruz, Welfair animalien ongizatearen zigiluari buruz edo nekazaritzan ongarrien erabilerarako Big Data eta Adimen Artifizialeko saiakerei buruz, besteak beste.
  • ELIKA fundazioak Elikagaien Xahuketaren Aurkako Plataformaren barruko “Janaria ez da botatzen” kanpaina aurkeztuko du eta nutrizio etiketen egungo egoerari buruzko hitzaldia emango du.
  • HAZIk gaztaren, kiwiaren eta arrainaren arloko trazabilitate/segurtasun, teledetekzio eta iraunkortasuneko esperientzia berritzaileak ezagutaraziko ditu.
  • Arantxa Tapia sailburuak hitzaldia egingo du bihar European Foodtech Nations Summit 2021eko autonomia erkidegoen atalari amaiera emateko

 

Inauguratu berri den Food 4 Future Nazioarteko Kongresua erakuslehio aparta izango da  HAZI, NEIKER Zentro Teknolgikoa eta Elika fundazioa Euskadiko nekazaritzaren, elikagaien eta zuraren sektorearen digitalizazioaren, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloan garatzen ari diren proiektuen berri emateko.

Nazioarteko hitzorduak 5.000 bisitari baino gehiago eta 200 enpresa erakusketari bilduko ditu ekainaren 15etik 17ra Bilbao Exhibition Centren (BEC), foodtecheko, robotikako eta automatizazioko azken soluzioak, elikagaien segurtasunekoak eta elikagaien industriako segmentu guztietarako prozesatze eta ontziratze tekniketakoak aurkezteko.

Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, inaugurazio hitzaldian azpimarratu duenez, “Euskadik ondo lerrokatutako ekosistema du, elikagaien industriak osasunaren, baliabideen kontserbazioaren eta iraunkortasunaren arloan dituen erronkei erantzun berritzaileak emateko. “The Food Global Ecosystem” da; 60 enpresak baino gehiagok osatutako proiektu publiko-pribatu bat da, eta proiektu horrekin Euskadik nekazaritzako elikagaien arloko alderdi teknologikoetako (agritech, foodtech eta gastronomytech) berrikuntza proiektuak, talentu ekintzailea eta startupak erakarri nahi ditu”.

Food 4 Future industriatik eta industriarako diseinatutako topaketa bat da, hainbat herrialdetako 170 enpresa erakunderen baino gehiagoren babesa duena. Sektoreko 5.000 profesional bilduko ditu, 20 herrialde baino gehiagotatik etorriak. Nazioarteko kongresua elikagaien industriako eta haren balio kateko edozein profesionalentzako urteroko plataforma eta topaketa izango da. Bertan, elikagai industriaren eraldaketa bultzatzen ari diren azken berrikuntzak eta joerak ezagutu ahal izango dira, hala nola: 4.0 teknologiak, elikadura osasungarriarekiko kezka, elikagai jasangarrien eta eraginkorren ekoizpena, edo klima aldaketaren aurkako borroka.

Hitzaldiak

NEIKER nekazaritza ikerketako zentroak hainbat hitzaldi emango ditu, nekazaritzako elikagaien sektore jasangarriago eta lehiakorrago bat bultzatzeko nekazaritza ikerkuntzaren arloan egiten duen lana ezagutarazteko. Besteak beste, honako gai hauek landuko dira: intsektuekin egindako pentsuen garapena; animalien ongizatearen Welfair zigilua, Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologien Institutuarekin (IRTA) batera diseinatua; edo nekazaritzan ongarrien erabilera optimizatzeko abian jarri dituzten Big Data eta Adimen Artifizialaren saiakeren adibideak.

Elika fundazioak nutrizio etiketen egungo egoerari buruzko hitzaldia emango du eta Elikagaien Xahuketaren Aurkako Plataformaren barruko “Janaria ez da botatzen” kanpaina aurkeztuko du.

Hau da hitzaldi horien egutegia:

Ekainak 15

11:00. Asier Uribeetxebarria “How is Digital and Data Science Transforming Agriculture” (NEIKER)

12:00-13:00. Ana Aizpurua. “Big Data and Artificial Inteligent to solve agriculture’s biggest challenges” mahai ingurua (NEIKER)

15:30-16:30. Roberto Ruiz. “Digitalization and Livestock: Farming and Welfare” (NEIKER)

Ekainak 16

16:30-17:00. Aser Garcia.  “Insects: source of proteins and pollinators -the big need for the future-. Insect proteins” (NEIKER)

 

17:30. Carlos Garbisu. “Soil biodiversity is key to the resilience of agricultural soils against disturbances” (NEIKER)

 

16:00etan eta 18:00etan (mahai ingurua – 30 min). Iker Bilbao.“Nuevos ingredientes en nuestra despensa culinaria: técnicas de revalorización gastronómica de productos en desuso para la generación de nuevas cadenas de valor” (NEIKER)

 

15:00 – 16:00. Edurne Gantxegiren hitzaldia honen gainean: “Etiquetado Nutricional: Situación actual y NutriScore” (Elika)

 

Standak – panelak

Biltzarraren hiru egunetan, Hazik Euskadiko elikaduraren eta zuraren balio katean egiten ari diren esperientzia berritzaileen berri emango du bere standean. Espazioa hiru gunetan banatuta dago, gaien arabera: trazabilitatea/segurtasuna, teledetekzioa eta jasangarritasuna/bizi kalitatea/prozesuen hobekuntza.

Gai horien barruan, benetako proiektuak izango dira protagonista, standean zuzenean erakutsiko baitira. Horien artean:

  • E-gazta: gazten prozesuaren digitalizazioa.
  • Kiwia: sentsoreen bidez ureztatzea automatizatzea.
  • Doitasunezko nekazaritza eta landa lanen monitorizazioa, eta NPB laguntzak eskatzen laguntzeko.
  • Arrainaren eta haragiaren blockchaina, produktuak kontsumitzaileengana iritsi bitarteko trazabilitatea errazten duena.

NEIKERrek erakusketen gunean ere parte hartzen du stand batekin. Stand horretan, edozein bisitarik bertatik bertara ezagutu ahal izango ditu erreferentziazko marketarako landutako elikagai eta edari batzuk eta foodtech industriarako garatu dituen teknologia eta irtenbide batzuk.

Ekainaren 16ko agenda, asteazkena

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak EUROPEAN FOODTECH NATIONS SUMMIT 2021 jardunaldian parte hartuko du, ekitaldiaren bigarren egunean, eta Nafarroaren, Gaztela eta Leonen, Galiziaren, Kataluniaren, Aragoiren eta Andaluziaren ordezkaritzekin osatutako autonomia erkidegoen panela itxiko du bertan.