Albisteak

Europako hamar start-upek lau hilabeteko ibilbidea hasi dute Bilbon, 100.000 euroko saria eta nekazaritzako elikagaien merkatuan zuzenean sartzea lortzeko 

  • EIT Food Accelerator Network (FAN) programa, non NEIKERek parte hartzen duen, aldi berean Europako 6 hiritan gauzatzen da, eta hor daude bilduta sektorean eragiteko ahalmen handia duten enpresak. Guztira 60 enpresa hautatu dira 414 hautagairen artean.
  • Bilboko ‘campusa’ izan da eskaera gehien izan dituena; 92 hautagai, hain zuzen. Espainiako hiru, Portugalgo eta Herbehereetako bi, eta Alemania, Turkia eta Eskoziako bana.
  • Aurten, pandemiaren eraginez, lehenengo jarduerak online egingo dira. Planaren baitan daude prestakuntza osoa eta sektoreko enpresa liderrekin batera sare batean sartzea. Hiru start-up onenek 100.000 eurora arteko saria eskuratzeko aukera izango dute.

Europa osoko 60 enpresa gazte daude elkarren artean lehian, 100.000 eurora arteko balioa duen sari bat eskuratzeko, eta, are garrantzitsuagoa dena, nekazaritzako elikagaien sektorean zuzenean sartzeko, merkatuko eragile nagusietako batzuk ezagutzeko aukerarekin.

Europako EIT Food partzuergoak EIT Food Accelerator Network (FAN) programaren 2020ko edizioa jarri du abian, hots, sektorean start-up berritzaileen hazkundea eta inpaktua bizkortzeko programa bakarra. Europa osoko 51 herrialdetatik iritsitako 414 hautagaitzen artean 60 enpresa aukeratu ondoren, sei hiritan banatu dira: Bilbo, Munich (Alemania), Lausanne (Suitza), Cambridge (Erresuma Batua), Haifa (Israel) eta aurten baita Helsinki (Finlandia) ere.

Lau hilabetean zehar, egoitza horietako bakoitzean ekintzaileek prestakuntza programa bizia izango dute, nekazaritzako elikagaien arloko aholkulari adituekin. Hala, eskura izango dituzte bezeroak eta inbertitzaileak, eta elkarren artean lankidetzan aritzeko aukera izango dute. Oraingoz, COVID-19aren pandemiaren ondorioak direla-eta jarduerak online izango dira, baina aurrerago aurrez aurre jarraitu ahal izatea espero da.

Aurten, iazko datuekin alderatuta, %30 hazi da hautagaien kopurua. Jasotako 414 eskaeretatik, gehien eskatu den norakoa Bilbo izan da: 92. Egindako aukeraketaren ondoren, Bizkaiko egoitzak 10 start-up hartuko ditu, sei herrialdetatik etorriak: Espainiatik hiru, Portugal eta Herbehereetatik bi, eta Alemania, Turkia eta Eskoziatik bana.

Bigarren urtez jarraian, euskal hiria aukeratu dute teknologia eta industria polo gisa duen erakargarritasunagatik, bai eta dauzkan nazioarteko konexioengatik ere. Enpresen azeleragailu hau, hain zuzen, EIT Foodek Europa hegoalderako daukan egoitzan bertan dago kokatuta, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Programak Europako Batzordearen babesa ez ezik, Eusko Jaurlaritzarena ere badu, baita nazioarteko enpresa batzuena (Danone, John Deere, Pepsico edo Nestlé) eta Cambridge, UNITO, Technion edo Reading unibertsitateena ere.

Era berean, hiru erakunde laguntzailek ‒NEIKERek, Aztik eta Basque Culinary Centerrek‒ start-up bakoitzari bere instalazioetarako sarbidea eta bere produktuak probatzeko eta garatzeko aukera emango diote. PeakBridgek ere forum baterako deia egingo du Madrilen, start-upak inbertitzaileekin harremanetan jar daitezen, eta Turingo Unibertsitateak (UNITO) beste ‘roadshow’ bat antolatuko du inbertitzaile italiarrekin.

Planak lau hilabeteko iraupena izango du: aste honetatik urrira arte. Nazioarteko adituek gidatutako prestakuntza bat egingo da, non start-upak sare esklusibo batean sartuko diren, sektorean egonkortuta dauden enpresekin batera. Gainera, bezero talde handi baterako sarbidea eskuratuko dute, eta ekintzaile bakoitzak 15.000 euro jasoko ditu programan parte hartzeak eragindako gastuak ordaintzeko. Programa amaitzean, parte hartzen duten hiru enpresa sarituko dira, eta bakoitzari 100.000 €-ra arteko zuzeneko finantza laguntza emango zaio.

 

Enpresa berritzaileak eta eragin handikoak

Hautatutako start-upak elikagaien balio kate osotik datoz. Daukaten izaera berritzaileagatik eta merkatuan eragin handia izateko potentzialagatik nabarmentzen dira. Alacarteko katalanek ardo eta likoreetan alkohola murrizten duen lehen makina garatu dute. Minutu gutxiren buruan egiten da, gainera, eta ez du zaporerik galtzen. Bultzatzaileen arabera, “kontsumitzaileari edariaren alkohol maila erabakitzeko aukera ematen dio, maila hori gehienez ere %80ra arte jaitsita”.

Taldean Tuterako (Nafarroa) enpresa bat ere badago, AgroPestAlert, denbora errealean izurriteak eta ingurumen aldagaiak monitorizatzen dituena, laboreen galera prebenitzeko. Murtzian, Naturbecek lurzoruaren eta laboreen emankortasuna handitzen duten mikrobioetan oinarritutako produktuak garatzen ditu. Ongarrien erabilera intentsiboa jasan duten lurzoruak lehengoratzen laguntzen dute, metodo ekologikoetarantz aurrera egiteko.

Portugaldik bi enpresa datoz. Open Grow da bat, eta nekazaritza automatizazio adimendunean aritzen da, edozein laboretarako automatizazio estandarrak sortuz. Eta FooD’Nassay da bestea: elikagaien bidez transmititutako patogenoak detektatzeko modu berritzailea garatu du. Metodo tradizionalek astebete behar duten bitartean, gailu honek astegun batean baino gutxiagoan egiten du.

Herbehereek bi ordezkari dituzte Bilboko azeleragailuan. Odd.Bot: robot bat garatu du belar txarrak kentzeko; horrela, eskuzko lana aurrezten du, eta herbiziden erabilera murriztu edo deuseztatu ere egiten du, bereziki glifosatoa. Serket: txerri haztegiak monitorizatzeko teknologia aurreratua garatu du. Segurtasuneko eta adimen artifizialeko kamerak erabiliz, osasuna, ugalketa eta ingurumen aldaketak identifika ditzakete.

Alemaniak Tsenso aurkeztu du, elikagaien benetako freskotasuna adierazten duen enpresa. Zehazki kalkulatzen du zer tenperaturatara biltegiratu eta garraiatu zen produktua hornidura katean zehar.

Nanomik turkiarrek kontserbagarri natural bat garatu dute uzta jaso aurretik fruta eta barazki freskoen galera prebenitzeko. Kontserbagarri natural horrek gizakientzat, intsektuentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren kontserbagarri kimikoak ordezkatzen ditu.

Crover Eskoziakoa da, eta solteko solidoen bidez ‒hala nola zerealak eta aleak‒ ‘igeri’ egin dezakeen gailu robotiko txiki bat garatu du, eta biltegiratuta dauden bitartean etengabe monitorizatu du horien egoera, kontrolik gabe batere alerik utzi gabe.

EIT Foodi buruz

Elikagaien berrikuntzarako Europako ekimen liderra da EIT Food. Elikadura sistema iraunkorragoa, osasungarriagoa eta konfiantzazkoagoa izan dadin lan egiten du. Partzuergoak 60 erakunde baino gehiago ditu, besteak beste, funtsezko industriak, sektorean liderrak diren enpresak, startup-ak, Europa osoko ikerketa zentroak eta unibertsitateak. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) ezarritako zortzi berrikuntza komunitateetako bat da. EBtik independentea da, eta 2008an sortu zen, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko.