Albisteak

BERRIA

Aurrerapen zientifikoak, eztabaidak eta upeltegietara bisita teknikoak, NEIKERek antolatutako EcoWine2022 sinposioan

14 martxoa 2022

Ardo ekologikoaren azken aurrerapenak, EcoWine2022 sinposioaren protagonistak 

  • EcoWine2022: ‘Ardo ekologikoa: sektorearen etorkizuna’ estatuko eta nazioarteko ardogintza ekologikoaren sektoreko profesional eta ikertzaile nagusien topagune izango da
  • Hitzordua ekainaren 1etik 3ra izango da, Villa Lucia espazio gastronomikoan, Guardian, lurpeko upategiengatik ezagutzen den Arabako Erdi Aroko herrian.
  • Ekitaldia NEIKER zentro teknologikoak antolatu du, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (EKOLURRA) eta Nekazaritza Ekologikoaren/Agroekologiaren Espainiako Elkartearekin (SEAE) lankidetzan.

Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodo berriak aurkitzeko interesa eta beharra iritsi dira mahastizaintza eta ardogintzara ere. Euskadi ez dago joera horretatik kanpo eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, azken bost urteetan, EAEn mahasti ekologikoaren laborea bikoiztu egin da, guztira 984 hektarea baitaude mahasti ekologikoan ziurtatuta -horietatik 944 Arabako lurretan daude- 2014an 432,7 hektarea zeudelarik inskribatuta.

Ikuspegi horren aurrean, NEIKER zentro teknologikoak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (Ekolurra) eta Nekazaritza Ekologikoaren/Agroekologiaren Espainiako Elkartearekin (SEAE) lankidetzan, EcoWine2022 sinposioa antolatu, estatuko eta nazioarteko mahastizaintza ekologikoan espezializatutako profesional, ikertzaile, teknikari eta ikasle nagusien arteko topagune gisa.

Hitzordua 2022ko ekainaren 1etik 3ra izango da, Villa Lucia espazio gastronomikoan, Guardian, lurpeko upategiengatik ezagutzen den Arabako Erdi Aroko herrian

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren topagunea

NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Departamentuaren arduradun Amaia Ortizek azaldu duenez, “EcoWine2022ren helburua da mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari espazio bat eskaintzea mahastiaren lanketa ekologikoaren azken aurrerapenak partekatu eta eztabaidatu ahal izateko, klima aldaketa arintzeko eta ingurumena errespetatzeko eragile moduan jokatzen duen rola nabarmenduz, parte hartzaileen komunikazio edo poster moduan egindako ekarpenei esker”.

Ekitaldiak hiru egun iraungo du, ikuspegi oso parte hartzailea izango du, eta zerbitzu ekosistemikoen garrantzia ezagutaraziko da, ekoizpen ekologikoaren eta ardoaren kalitatearen arteko lotura, tokiko kulturen garapena eta horien aldeko apustua, eta, azkenik, ekoizpenaren sektorea ekoizpen ekologikora hurbiltzea eta bideratzea.

Ekitaldian, gainera, enologiaren munduari lotutako hainbat jarduera egingo dira: esperientzia bitibinikolak, solasaldiak edo ardo dastatzeak, ponentzia magistralak, ikerketaren, elaborazioaren eta komertzializazioaren eremuetan diharduten hainbat erakundetako profesionalekin: Institut de Reserca i Tecnologia Agroalimentàries (IRTA), Instituto Madrileño de Investigación y Desarrollo Rural, Agrario y Alimentario (IMIDRA), Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Plataforma Tecnológica del Vino  (PTV), Institut Català de la Vinya i el Vi (INCAVI), gure herrialdeko zenbait Jatorri Deitura eta unibertsitateak, hala nola Gaztela-Mantxako Unibertsitatea (UCLM) etea Lleidako Unibertsitatea (UdL).

Bisita teknikoa upategi ekologikoetara

Programan nabarmendu beharreko puntuetako bat Arabako Errioxan dauden familia upategien hainbat sailetara egingo den bisita teknikoa; ardo ekologikoa ekoizten duten Rioja Jatorri Deitura Kalifikatuko upategiak dira, eta ardo ekologiko horien ekoizpenari lotutako hainbat alderdi ezagutaraziko dituzte in situ: landare estalkiekin egindako saiakuntzak, sailen erosioa murrizteko, edo klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiak, esateerako, inausteko data atzeratzea.

Networking-erako espazioak ere sortuko dira, eta, horietan, ekoizle esperientziadunek beren ikaskuntzak jarriko dituzte bertaratzen direnen eskura, eta beren bizipenak partekatuko dituzte. Jardueren programa osoa ekitaldiaren webgunean daude eskuragarri.

EkoWine2022 sinposioak ardoaren sektorea babestu nahi du trantsizio ekologikorako bidean, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2014az geroztik bultzatutako Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren barruan dago (FOPE). Helburu nagusia da ekoizpen ekologikoa handitzea eta horri lotutako transformazio eta komertzializazio katea garatzea.

 

Related posts