Albisteak

BERRIA

Animalien ongizate ziurtatua 4.000 supermerkatu baino gehiagotara iritsi da WelfairTM zigiluaren bidez

3 iraila 2020

Animalien ongizate ziurtatua 4.000 supermerkatu baino gehiagotara iritsi da WelfairTM zigiluaren bidez

  • WelfairTM Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutuak (IRTA) eta  NEIKERen artean garatu duten animalia ongizateko lehenengo zigilua da, Europako Welfare Quality eta AWIN® (Animal Welfare Indicators) protokoloak aplikatuz, zeinak Animalia Ongizatean 15 urte baino gehiago ikertuz garatu baitira
  • WelfairTM zigiluak, lehendabiziko aldiz, aukera ematen dio kontsumitzaileari animalia jatorriko produktuak etikoki erosteko, behi, ardi, txerri, untxi, indioilar, oilo eta oilasko espezieetatik datozenak, eta arrautzak eta esnekiak, hala nola esnea, irabiakiak eta jogurtak, ziurtatu gabeko produktuen aurrean
  • WelfairTM zigilua jasotzen duten produktuak animalia ongizatearen oinarrizko 4 printzipioak bermatzen dituzten ustiategietan hazitako animalietatik datoz: portaera, osasuna, ostatua eta elikadura

 WelfairTM animalia ongizatearen zigilua dagoeneko erabilgarri dago Espainiako 4.000 supermerkatu baino gehiagotako animalia jatorriko produktuetan. Lehendabiziko aldiz, kontsumitzaileek zientifikoki bermatutako adierazle bat dute esku artean, erosketa etikoagoa aukeratu ahal izateko, elikagai eskaintza handi baten barruan. Animalien ongizatea bermatzen duen adierazle bat da, Europako estandar zientifikoek ezartzen dutenaren arabera, ziurtatu gabeko produktuen aurrean.

Azken urteetan, animalia jatorriko produktuen kontsumitzaileak gero eta gehiago eskatzen ari dira etikan eta garapen jasangarrian oinarritutako irizpideekin landutako produktuak. Ekoizpen sistemak ezagutzeko interesa gero eta handiagoa da, eta, gero eta gehiago, praktika etikoak eskatzen dira, ustiategiko animaliek dituzten baldintzak ezin hobeak direla bermatzen dutenak, sufrimendurik eta estresik gabeko bizitza baterako, animalien ongizaterako funtsezko alderdiak kontuan hartuta:  elikadura, ostatua eta egoera fisikoa eta emozionala.

WelfairTM zigilua, Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutuak (IRTA) eta NEIKERek lankidetzan zientifikoki garatu duten lehenengo zigilua da, kontsumorako espezie multzo zabal batera hedatzen da, eta kontsumitzaileen aurrean bermatzen du animaliak ongizatea zainduz bizi eta sakrifikatu direla. Monitorizazio hori Europako Welfare Quality eta AWIN (Animal Welfare Indicators) proiektuen ikertzaileek balioztatu eta adostutako adierazleen bitartez egiten da. Horrek esan nahi du espezie bakoitzerako animalia ongizatearen oinarrizko 4 printzipioak ebaluatzen direla: elikadura ona, ostatu ona, osasun egoera ona eta espezie bakoitzaren izaerari dagokion portaera, egoera emozional egokia barne.

Zer produktutan aurkitu dezakegu WelfairTM zigilua?

Gaur egun WelfairTM zigilua aurkitu dezakegun elikagaien kategorietan daude haragi produktuak, behi, ardi, txerri, untxi, indioilar, oilo eta oilasko espezieetakoak, arrautzak eta esnekiak, hala nola esnea, irabiakiak eta jogurtak. Ondoren merkaturatuko direnen artean daude ahuntz eta galeperretatik datozen haragiak.

4.000 saltoki baino gehiago WelfairTM produktuekin

WelfairTM animalia ongizateko ziurtagiria duten produktuak presente daude dagoeneko supermerkatu, hipermerkatu eta cash&carry kate hauetan: EROSKI, Lidl, Bonpreu, Esclat, Aldi, Carrefour, Consum, Veritas, BonArea, Makro, Caprabo, Mercadona, Alcampo, GM eta Froiz. Garrantzitsua da gogoraraztea zigilua ziurtatutako produktu bakoitzari ematen zaiola, eta ez orokorki hura merkaturatzen duen saltokiari.

EROSKItik, Osasun eta Jasangarritasuneko zuzendari Alejandro Martinezek zera dio: “EROSKIn animalien ongizatea lehentasunezko lan ildo bat da, kontsumitzaileari elikadura osasungarriagoa eta arduratsuagoa eskaintzeko konpromisoan. Horregatik, animalia jatorriko produktuen hornitzaileei hori betetzeko eskatzen diegu, horrela bermatuko duten kanpo ziurtapenetan bermatuta. EROSKI Natur gure marka horren adibide garbia da, oilasko, txerri eta Ternasco de Aragon haragi guztiek WelfairTM zigilua baitute”.

Michaela Reischl Lidleko Espainiako GEKeko zuzendaria da, eta, adierazi duenez, “animalien ongizatea helburu estrategiko handia da Lidlentzat, gaur egun hainbat familia ditugularik Animalia Ongizatean ziurtatuta, horien artean esnea, arrautzak eta haragi freskoaren zati handi bat. Espainian arlo horretan aitzindariak izanik, urte asko daramagu eskuz esku lanean gure hornitzaileekin, IRTA bezalako erakundeekin edo erakunde ziurtatzaileekin, sektorean aldaketak sustatzen jarraitzeko konpromiso irmoarekin, animalien bizitza hobetzen ari diren praktika arduratsuagoetara jotzeko”.

Horiez gain, Bon Preuko produktu freskoen arduradun Esteve Arimanyk nabarmendu duenez, “oso pozik gaude merkatua animalia ongizateko ziurtagiri hau ezarri delako. Bon Preurentzat, bere eredu komertziala beti produktu freskoaren kalitatean oinarritu duelarik, garantia bat da animalia ongizatearen inguruan praktika onak ziurtatuko dituen zigilu bat egotea, horrek indartu eta ikusgarritasuna ematen baitie gure hornitzaileekin zenbait urtetik hona gauzatzen ari garen politikei”.

WELFAIRTM ZIURTAGIRIA

Animalia Ongizatearen Welfair™ ziurtapena ziurtagiri independente bat da, Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutuak homologatua (IRTA) NEIKERekin lankidetzan. Ustiategi eta hiltegietan animalien ongizatea zorrotz ebaluatu eta kontrolatzen du, elikadurarako hazitako behi, oilo eta oilasko, txerri, ardi, indioilar eta untxi espezieetan.

Welfair™ zigilua jasotzen duten produktuak animalia ongizatearen oinarrizko 4 printzipioak bermatzen dituzten ustiategietan hazitako animalietatik etorriko dira: elikadura, ostatua, osasuna eta portaera.

Informazio gehiago: www.animalwelfair.com.

 

 

 

Related posts