HRS4R

Ikerketako giza baliabideak kudeatzeko estrategia (HRS4R)

 

Europako Batzordeak Ikertzaileen Europako Gutuna eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodea onartu zituen, eta bi dokumentuak ikertzaileei zein sektore publiko eta pribatuko enplegatzaile eta erakunde finantzatzaileei zuzenduta idatzi zituen. Bi dokumentuak funtsezko elementu bihurtu dira Europar Batasunaren politikan, ikerkuntza karrera proaktiboa izan dadin, eta Europaren hazkunde ekonomikoa eta enplegua sustatuz.

Zehazki, Ikertzailearen Europako Gutunak ikertzaileen eta enplegatzaileen funtzioak, erantzukizunak eta eskubideak deskribatzen ditu. Helburua da aldeen arteko harremanak lanaren arrakastan laguntzea, ezagutza sortu, transferitu eta erabilera partekatzeari dagokionez, eta ikertzaileak profesionalki garatzea lehendabiziko etapetatik.

Gainera, Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodea lan du zen, kontratazioa hobetzeko, hautapen prozesuak justuak eta gardenak izan daitezen. Ikertzailearen meritua, argitalpenen kopuruagatik ez ezik, ebaluatzeko beste irizpide multzo handiago batekin ere neurtu behar da, horien artean egonik hezkuntza eta irakaskuntza, ikuskapena, talde lana, ezagutzaren transferentzia, kudeaketa eta sentsibilizazio publikoko jarduerak.

Ikerketa erakundeak Gutunaren eta Kodearen edukietara egokitzen laguntzeko, Batzordeak prozedura bat ezarri zuen, elementu horiek barneratzeko interesa duten instituzioek euren giza baliabideen estrategia diseinatu ahal izan dezaten.

Hurrengo pausoei jarraitu diegu gure Ikertzaileentzako Giza Baliabideen Estrategia lantzeko:

  1. Gutunaren eta Kodearen printzipioei buruzko sentsibilizazioa.
  2. Erakundeko lantaldearen azterketa barne gabeziei buruz.
  3. Inkesta bat egitea ikertzaile talde desberdinei.
  4. Ekintza Planaren zirriborroa prestatzea.
  5. Ekintza Planaren zirriborroa Zuzendaritza Batzordearekin kontrastatzea.
  6. Batzordeari eskatzea NEIKERen Ikerketarako Giza Baliabideen Estrategia balioztatzeko.

HRS4R NEIKERen

NEIKERek 2019ko ekainean sinatu zuen konpromisoa Ikertzaileen Europako Gutunaren 40 printzipioekin eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodearekin (C&C).

NEIKERen giza baliabideen estrategian aurrera egiteko eta Gutunaren eta Kodearen printzipioetara egokitzeko sortutako «ad hoc» talde baten bidez egindako lan bateratutik ekintzak formalizatzeko beharrezko dokumentuak prestatu ziren. Besteak beste, datozen 5 urteetarako 2020 Ekintza Plana, estrategiaren barruan planteatutako helburuak lortzeko beharrezko ekintzak eta zereginak jasotzen zituena. Plan hori 2021eko apirilean onartu zen, Europako Batzordeak planteatutako zenbait aldaketa sartu ondoren.

2023an NEIKERek arrakastaz gainditu du tarteko berrikuspena. Zehazki, Europako Batzordeak adierazi du NEIKER bere Ekintza Planean deskribatutako ekintza egoki eta kalitatezkoekin aurrera egiten ari dela, eta HRS4R integratuago dagoela erakusten duten ebidentziak daudela. Atzemandako ahulezien eta indarguneen laburpena eta hasierako fasetik izan duten bilakaera laburpen-dokumentuan jasotzen dira. Prozesu horretan, NEIKERek bere hasierako Ekintza-plana berrikusi du, ekintza berriak txertatuz eta hasierako ekintza-planean planteatutako ekintza batzuk aldatuz/birformulatuz.

Ikertzaileen kontratazioa prozedura ireki eta gardenen bidez eta merituetan oinarrituta (OTM-R)

Ikertzaileen kontratazioa prozedura ireki eta gardenen bidez eta merituetan oinarrituta (OTM-R) da Ikertzaileen Europako Gutunaren eta, zehazki, Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodearen zutabeetako bat. OTM-Rk onurak dakarzkie herrialde bateko ikertzaileei, instituzioei eta ikerketa sistemari. Zehatzago esanda, OTM-R-ren bitartez, ikerkuntza karrerak erakargarriagoak dira, hautagai guztientzako aukera berdintasuna bermatzen du eta haien mugikortasuna errazten du. Oro har, ikerketan egindako inbertsioen errentagarritasuna handitzen lagundu dezake.

NEIKERen dagoen egoera aztertu dugu OTM-R printzipioei dagokienez, eta ekintza multzo bat prestatu dugu ikertzaileak kontratatzeko dugun prozesua OTM-R-ra egokitzeko.