Albisteak

BERRIA

Arabako Errioxan mahastien jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzeko I+G+B plana

27 uztaila 2026
  • NEIKER teknologia-zentroak landan erabakiak hartzea errazteko eta ekoizpen-sistemaren moldagarritasuna indartzeko baliabideak eskaintzera bideratutako estrategia bat garatzen du
  • NEIKERek lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri du EDA Drinks & Wine Campusekin, mahastizaintzan ikerketa, berrikuntza eta transferentzia teknologikoa sustatzeko, eta, honenbestez, sektorerako prestakuntza, ikerketa eta garapen teknologikoko jardueretan ahaleginak batzeko.

Arabako Errioxako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreak klima-aldaketa, araudi-eskakizun berriak eta egiturazko erronkak —hala nola teknologia txertatzea edo belaunaldien arteko erreleboa— ditu aurrez aurre. Egoera horri heltzeko, NEIKERek mahastizaintza-arloko I+G+B plana garatzen du, eremu horretan landan erabakiak hartzea errazteko eta ekoizpen-sistemaren jasangarritasuna indartzeko baliabideak txertatzera bideratua.

Horretarako, kondizio errealetako saiakuntzen eta laginketen bidez aplikatutako ezagutza sortzean funtsatzen da plana. Horrela, helburua kalitatezko mahatsa ekoiztea da, ingurumenarekin arduratsuak diren jardunbideen medioz, eta, aldi berean, datu egiaztagarrietan oinarritutako kontakizun tekniko bat eratzen da. Ebidentzietan oinarritutako hurbilketa hori funtsezkoa da sektorearen lehiakortasuna indartu egin behar delako merkatuan.

Lurraldearen ezaugarriak finkatzea

Ikuspegi horretatik abiatuta, estrategiaren gakoetako bat lurraldearen ezaugarriak xehetasunez finkatzea da. Arabako Errioxan lurzoruak, klima-kondizioak eta maneiu-sistemak askotarikoak direnez, lurzati bakoitzari egokitutako ikuspegia behar da.

«Planaren bidez, sektoreari egoera zehatzetara egokitutako soluzioak eskaini nahi ditugu, lurraldearen ezaugarriak finkatzeko eta kokaleku bakoitzean ahalik eta potentzial handiena lortzeko diseinatuak. Horrela, ikerketak mantendu eta indartu egiten du lurzoruarekin, klimarekin eta Euskadiko mahastien erabilerarekin lotutako aldakuntza handia», azaldu du Ana Aizpuruak, NEIKEReko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko ikertzaileak.

Horretan oinarrituta, praktika agronomikoak hainbat ekoizpen-testuingurutan ebaluatuz heltzen zaio dira klima-aldaketarako egokitzapenari. Sortutako informazioari esker, agronomiarekin, enologiarekin eta merkatuarekin lotutako faktoreak txerta daitezke erabakiak hartzeko prozesuan, eta errealitate bakoitzaren araberako maneiu-ibilbideak faboratzen dira.

Ikuspegi hori osatzeko, datuetan oinarritutako laguntza-tresnak sortzen dira. Horri dagokionez, Agrometeo plataformaren garapena nabarmentzen da. Denbora errealeko informazio meteorologikoa, datu historikoak eta lurzati-eskalako iragarpenak biltzen ditu, nekazaritza-maneiuaren plangintza erraztuz.

Horrez gain, doitasunezko ureztatze-teknologiak usatzen dira —hala nola lurzoruaren hezetasun-sentsoreak, landareen egoera hidrikoaren adierazleak edo balantze hidrikoaren ereduak— ureztatzea doitzeko eta ura noiz, zenbat eta nola aplikatu behar den jakiteko lagungarria den informazioa ematen dutenak.

Lurzorua, biodibertsitatea eta mahastien erresilientzia

Lurzoruak garrantzi handia du estrategia horretan, zuzenean baitago lotuta mahastien erresilientziarekin. Ildo horretan, landare-estalkiak laborantza tradizionalaren alternatiba gisa ezartzeko aukera ari da aztertzen zentroa; izan ere, higadura murrizteko lagungarriak izateaz gain (bereziki, euri-jasa bortitzeko garaietan), materia organikoaren edukia handitzen ere laguntzen dute.

«Hazkunde hori funtsezkoa da lurzoruaren mikrobiotaren aniztasunari eusteko, nekazaritza-ekosistemaren funtzionamenduan eginkizun garrantzitsua izanik», adierazi du ikertzaileak.

Lurzoruaren hobekuntza, aldi berean, biodibertsitatea indartzera bideratutako gainazaleko jarduketekin lotzen da. Heskaien eta landaredi-zerrenden instalazioa lagungarria da fauna osagarriaren presentzia faboratzeko eta sistemaren oreka biologikorako, eta horrenbestez, izurriteen kontrol naturalerako.

Dibertsifikazio-esparru horretan bertan, existitzen den dibertsitate genetikoaren kontserbazioa txertatzen du planak. Horrela, antzinako mahastietako barietate tradizionalen eta interesgarriak izan litezkeen beste barietate batzuen biotipoak identifikatu eta berreskuratzeko lan egiten da. Lan-ildo horri esker, landare-materiala zaindu daiteke, laborea klima-aldaketara egokitzeko aukerak handitzeaz gainera.

Jarduera horiek mahastizaintza- eta ardogintza-sektorearekin lankidetzan garatzen dira, eta sektore horren premiak eta lehentasunak hasiera-hasieratik txertatzen dira planaren diseinuan.  Estrategia hori indartu egin da EDA Drinks & Wine Campusekin berriki finkatutako aliantza estrategikoaren ondorioz. Entitate horrekin bat egiten du NEIKERek sektorearen lehiakortasuna ezagutza aplikatuaren transferentziaren bitartez hobetzeko. Lankidetza horri esker, jarduera zientifikoa ekoizpen-errealitatearekin konekta daiteke, soluzio teknologikoak kondizio errealetan baliozkotzea faboratzen du, ebidentzietan oinarritutako sektoreari balioa emateko kontakizun bat taxutzen laguntzeaz gainera.

Lan-ildo hori NEIKERek azken hamarkadan metatutako esperientzian oinarritzen da. Zehazki, ardogintzan 51 ikerketa-proiektu gauzatu ditu zentroak, bost milioi eurotik gorako inbertsioarekin, eta ezagutza zientifikoa, praktika agronomikoa eta lurralde-berezitasuna biltzen dituen estrategia bat finkatu du.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.