Albisteak

BERRIA

EDA Drinks & Wine Campusek eta NEIKERek mahastizaintzaren arloko ikerketa eta berrikuntza sustatzeko hitzarmen bat aurkeztu dute Guardian

4 ekaina 2026

 

 

  • Euren jarduera-arloetan lider diren bi entitate horien arteko hitzarmenak ikerketa zientifiko aplikatua eta ezagutzaren transferentzia indartzen ditu, baita Euskadik mahastizaintzaren, ardoaren eta gastronomiaren arloetako berrikuntzan erreferentziazko lurralde gisa daukan lekua ere 
  • Jardunaldi horrek profesionalak eta upeltegiak elkartu ditu, mahastizaintza eta enologia garaikidearen gaur egungo erronkei heltzeko. Bertan bildu dira, besteak beste, Arturo de Miguel (Bodegas Artuke), Carlos Fernández (Bodegas Tierra), Teresa Martínez (Bodegas Aiurri), Alberto Martínez (Bodegas Altún), Andrea Vuelta (Bodegas Baynos), David Sampedro (Bodegas Bhilar), Eva Fernández (Bodegas Maisulan) eta Gonzalo Sáenz de Samaniego (Bodegas Ostatu) 
  • Mahastizaintzaren eta enologiaren arloan gaur egun dauden eta etorkizunean egongo diren jardunbide egokiak partekatzeko eta haien inguruan eztabaidatzeko baliatu dute topaketa

 

EDA Drinks & Wine Campusek eta NEIKERek mahastizaintza-sektorean ikerketa eta berrikuntza sustatzeko hitzarmen bat aurkeztu dute gaur Guardian. “Gotas de Aprendizaje” (ikaskuntza-tantak) izeneko zikloaren edizio berrian eman dute haren berri, eta aurrerapauso erabakigarria da ardoaren etorkizuna markatuko duten erronkei aurrea hartzeko eta sektorearen lehiakortasuna sendotzeko.

Hitzarmenak hiru ardatz estrategiko ditu oinarri: ardoaren etorkizunari aplikatutako zientzia, zeinak erronkei aurre egiteko tresna gisa ezartzen baitu hitzarmena, erronka horiek izanik, adibidez, klima aldaketa, mahastizaintzaren jasangarritasuna, jardunbide agronomiko berriak eta barietateen berrikuntza; ezagutza sektoreari transferitzea, zeinak upeltegi, mahastizain, ikasle eta profesionalentzako ezagutza erabilgarriaren sorreran eta hedapenean EDA Drinks & Wine Campusak eta NEIKERek duten papera azpimarratzen baitu; eta Euskadi mahastizaintzaren, ardoaren eta gastronomiaren arloetan berrikuntza-gune gisa finkatzea, zeinak elkarlana sustatzen baitu eskualdeko berrikuntza-ekosistemaren baitan. Hitzarmen honekin, NEIKER EDA Drinks & Wine Campusen zentro elkartu bihurtzen da, zientzia eta lurraldea uztartzen dituen eredua sendotuz.

Bi erakundeak elkarlanean jardungo dute mahastian eta eskualdean eragin zuzena duen ezagutza zientifikoa sortzera bideratutako zenbait proiektu estrategikotan. Honako hauek izango dira ildo nagusiak: bioaniztasuna, mahastiko material begetalaren kontserbazioa, estalki begetalen erabilera, ongarriketa arrazionala, ureztaketaren egokitzapena, osasun-mantentzea eta sagarrondoaren uztaren aldizkakotasunaren kontrola.

NEIKEReko zuzendari nagusi Olatz Unamunzagak eta Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak hitzarmen berriaren irismenean eta garrantzian sakondu dute. Olatz Unamunzagak nabarmendu duenez, «NEIKERen uste dugu, ikerketak benetako inpaktua sortzen duela ezagutza hori sektorearentzat irtenbide erreal bihur dezaketen pertsonengana eta enpresengana iristea lortzen duenean. EDA Drinks & Wine Campus‑ekin sinatutako hitzarmen honek aukera ematen digu, hain zuzen ere, zientziaren, prestakuntzaren eta jarduera enpresarialaren arteko lotura hori sendotzeko, merkatuaren eta kontsumitzaileen eskaera berrien ikuspegi hurbila txertatuz. Gure gaitasunen uztarketak ezagutzaren transferentzia azkartzen lagunduko du, bai upategietara, bai mahastizainengana eta sektoreko profesionaleengana, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prest dagoen mahastizaintza baten alde». Joxe Mari Aizegak, bestalde, azpimarratu du «EDA Drinks & Wine Campusen ikuspegi irekia oinarri hartuta, hitzarmen honen aldeko apustu irmoa» egin dutela eta, hori dela eta, «urrats hori NEIKERekin batera emateak ilusio berezia» egiten diela. «Hitzarmen honek EDAren ikuspegi integrala indartzen du, eta aukera emango digu mahastizaintzaren arloko ikerketa zientifikoa sustatzeko; hortaz, jardunbide berriei ekin ahal izango diegu eta gertuago egin ahal izango dugu lan upeltegiekin, mahastizainekin eta profesionalekin». «Ahaleginak batu eta elkarrekin eraikitzeko helburuarekin sortu zen EDA, eta hitzarmen hau sektorearentzako gonbidapen bat ere bada, ardoari dagokionez etorkizun berritzaile eta jasangarriago baterako aurrerapausoak emateko indarrak batzen jarrai dezagun».

Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saileko kontseilari Amaia Barredok, bestalde, azpimarratu du «euskal mahastizaintzaren etorkizuna ezagutzaren, talentuaren eta berrikuntzaren oinarri sendo batetik abiatuta eraiki behar» dugula. «EDA Drinks & Wine Campus eta NEIKERen arteko elkarlana apustu estrategiko bat da, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sektorearen benetako beharretara gertura daitezen. Mahastizaintza lehiakorra eta jasangarria izan dadin nahi dugu, gure herrietan aukerak sortzeko gai dena, bere nortasunari eta lurraldearekiko loturari uko egin gabe».

 

Ezagutza, esperientziak eta ikuspegi estrategikoa partekatzeko jardunaldia

Hitzarmenaren aurkezpena, gainera, sektoreko profesionalak bildu dituen jardunaldi tekniko batekin batera egin da. Jardunaldi horrek mahastizaintza eta ardogintza garaikidea definitzen ari diren gaur egungo erronken eta joeren inguruan hausnartzea zuen helburu.

NEIKEReko Lurralde Eraginaren zuzendari Roberto Ruizek mahastiari aplikatutako aurrerapen zientifikoak eta lursail erakusgarriek ezagutzaren transferentzia bizkortzeko tresna gisa duten papera aurkeztu ditu. Saioan, Eva Fernández Jalónek (Bodegas Maisulán) eta Alberto Martínezek (Bodegas Altún) hartu dute parte, eta euren ikuspegiaren berri eman dute jardunbide profesionalean oinarrituta. Eva Fernández de Jalónek adierazi duenez, «ingurumenarekiko errespetu handia izan behar da. Bereizteko modu bat da». Bestalde, Alberto Martinezek adierazi duenez, «beraientzat funtsezkoa izan da NEIKERrekin joatea. Ezagutza handia eman digu».

Ondoren, mahai-inguru batean bildu dira David Sampedro (Bodegas Bhilar), Carlos Fernández (Bodegas Tierra) eta Teresa Martínez (Bodegas Aiurri), mahastizaintza garaikidearen inguruko begirada partekatzeko. David Sampedrok hau adierazi du: «lurrarekiko errespetua eta lurraldearen alde lan egitea. Lurra mantentzea eta hobetzea». Carlos Fernándezek nabarmendu duenez «Lurzorua errespetatzean dago dena. Lurzorua zenbat eta gehiago errespetatu, orduan eta nortasun handiagoa dute gero ardoek». Teresa Martínezek, bestalde, honela gehitu du:  «lehenagoko ezagutza gorde behar da eta aldi berean  teknologia berriak aprobetxatu». Yolanda Ortiz de Arri aritu da moderatzaile lanetan.

Saioarekin jarraitzeko, enologiaren arloko joerei egin zaie tartea, non Arturo de Miguelek (Bodegas Artuke), Gonzalo Sáenz de Samaniegok (Bodegas Ostatu) eta Andrea Vueltak (Bodegas Baynos) hartu baitute parte. Arturo de Miguelek azpimarratu duenez «etorkizunean, Arabako Errioxa bere buruaz seguru ikustea gustatuko litzaidake, bere mahastietan eta herrietan oinarrituta, aintzatespena eta berrikuntza sustatuz». Gonzalo Sáenz de Samaniegok, berriz, hau adierazi du «prestakuntzarik gabe ez dugu Arabako Errioxa onik izango, eta maitatu gabe eta saiatu gabe ere ez». Eta Andrea Vueltak hau ondorioztatu du: «Asko sinesten dut Arabako Errioxan, gazteetan eta proiektu berrietan. Espero dut etorkizuna oparoa izatea. Buruarekin eta lanarekin dena ateratzen da aurrera». Mahai-inguru horretan ere Yolanda Ortiz de Arrik egin ditu moderatzaile lanak.

Jardunaldiari amaiera emateko, EDA Drinks & Wine Campuseko zuzendari Elisa Úcarrek proiektuaren garapena aurkeztu du eta azpimarratu du «hitzarmen honek berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustuan aurrerapauso bat gehiago emateko aukera» ematen duela. «EDAn, lanean jarraituko dugu sektoreak lurraldean inpaktua eragiten duten tresnak eta ikuspegi estrategikoa izan ditzan. Gure konpromisoa da lankidetzatik eta elkarlanetik sortzen diren soluzioekin sektoreari laguntzea, eta NEIKERekin egindako hitzarmen honek ardoaren etorkizuna ulertzeko modu hori sendotzen du, hain zuzen».

Related posts