BERRIA
Euskadiko lurzoruaren errentagarritasuna eta osasuna hobetzeko labore alternatiboak
14 apirila 2026- NEIKERek ohikoak ez diren espezieak erabiltzearen bideragarritasuna ebaluatzen du lekuan bertan, sektoreari irtenbide komertziala emateko eta epe luzerako ingurumen-onurak lortzeko
Nekazaritza-sektorea ekoizpen-eredu berri baterantz egiteko egokitze-prozesua gauzatzen ari da. Aldaketa hori klima-aldaketak, gizartearen eskaerak eta gaur egungo Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) jarraibideek baldintzatzen dute. Araudi horrek zenbait jardunbide bultzatzen ditu —adibidez, laboreak txandakatzea—, lurzoruaren osasuna hobetzeko eta, ondorioz, lurra babesteko.
Premisa horren ildotik, NEIKERek inguruko eskema tradizionaletan ohikoak ez diren labore alternatiboen potentziala ikertzen du, sektoreari irtenbide komertziala emateko eta epe luzerako ingurumen-onurak lortzeko. Izan ere, Euskadiko labore sorta oso mugatua da, eta produktu tradizionalen marjina gordina gero eta urriagoa da, ekoizpen kostuak nekez murrizten direlako.
«Ohiko txandakatzeetan zenbait barietate —hala nola tipula eta soja— sartzea erabaki estrategiko bat da; eskaintza dibertsifikatzeko aukera ematen du, eta, gainera, lurzoru jasangarriagoa bermatzen du, izan ere, zenbait urtean espezie berak landu ondoren, lurra agortu egiten da eta patogenoak pilatzen ditu», azaldu du Roberto Ruiz de Arcaute NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Departamentuko ikertzaileak. Laborea aldatzeak gaixotasunen bizi-zikloa haustea ahalbidetzen du; hala bada, lurraren emankortasuna modu naturalean berreskuratzea errazten du, eta intsumo kimiko gutxiago behar izatea.
Tipularen bideragarritasuna
Dibertsifikazioaren ikuspegi horren ildotik, NEIKERek ikerketa bat egin du Arabako Gaunako udalerriko La Ilarra lursail esperimentalean, tipularen laborearen bideragarritasun teknikoa aztertzeko. Ikerketan bost tipula barietateren —Stingrain, Valero, Legend, Joaquin eta Citation— portaera ebaluatu dute, tokiko ingurunean zer premia dituzten definitzeko.
«Landa-eremuetako proba mota horiek funtsezkoak dira nekazaritzako profesionalen ziurgabetasuna murrizteko, eta landare bakoitzaren beharrei buruzko informazio erreala ematen dute, eskala handian haien alde egitea erabaki aurretik», adierazi du ikertzaileak.
Jarraipen horretan zehaztu dutenez, labore horrek ureztapenaren kudeaketa zehatza behar du, batez ere abuztuan, batez besteko tenperatura maximoak 29ºC ingurukoak direnean; frogatu dute, orobat, ongarritze orekatuko eta babes fitosanitario integratuko estrategia batekin, tipularen laborea erabat egokia dela Arabako Lautadarako.
Laborea ebaluatzeak barne hartzen du, halaber, uzta bildu ondoren zer portaera izango duen aztertzea. Faktore horrek aukera ematen dio sektoreari bere gaitasun logistikora egokitzen den barietatea aukeratzeko.
«Joan den otsailean egindako uzta ondoko probetan aldeak ikusi ziren testatutako barietateen biltegiratze-gaitasunean. Hala bada, biltegian hoztu gabe eduki ondoren, Legend barietateak ez zuen kalitaterik galdu eta ernatze-indize txikia izan zuen; Valero tipologiak, berriz, okerrago eraman zuen egoera berean denbora batean egotea», adierazi du Juan Bautista Relloso NEIKEReko Landare Ekoizpeneko Departamentuko Labore teknikariak.
Saiakuntzak sojarekin eta zerealekin
Tipularekin egindako lana estrategia zabalago baten adibide bat baino ez da, eta beste espezie batzuk erabiltzea ere ebaluatu dute. Soja, esate baterako. Labore estrategiko bat da. Laborantza-denboraren araberakoa da Euskadin duen bideragarritasuna. «Eguraldi oneko leiho oso laburra dugu, eta, ondorioz, erronka da landareak garapen azkarra izatea eta alea uzta biltzeko garaira behar bezain lehor iristea», azaldu du Roberto Ruiz de Arcautek.
Sojaren kasuan, zentroak faktore kritikoak ikertzen ditu, laborantza-zikloa adibidez, Euskadin oso denbora-leiho laburra baitago. Helburua da landareak garapen azkarra izatea, alea uzta biltzeko garaira behar bezain lehor irits dadin, horrela enpresa elaboratzaileek eskatzen duten kalitatea bermatzeko.
Aldi berean, teknologia-zentroak okintzako zereal espezifikoekin saiakuntzak egiten ditu, gari konbentzionalaren alternatiba gisa. Lehengai bereizgarriak —hala nola espelta eta antzinako zerealak— eskuragarri egonik, sektoreak ezaugarri bereziak dituzten ogiak egin ditzake, kontsumitzaileen gaur egungo eskaerari erantzuteko eta okindegien marka-irudia indartzeko.
Nolanahi ere, alternatiba berri horietarako guztietarako trantsizioa eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da landan bertan bideragarritasun teknikoa bermatzea. Horregatik, zentroaren helburua da laboreak kudeatu ahal izatea profesional bakoitzak ustiategian duen makineria erabiliz. Helburua da eskuzko lan konplexuen mende ez egotea, baizik eta lursailaren errutina mekanizatura erabat egokitzea.
Ikuspegi praktiko horren bidez, NEIKERek ezagutza transferitzeko lanari eusten dio, eta ikerketa bihurtzen du euskal lehen sektorearen bideragarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko aukera.




