BERRIA
NEIKERek 3 ikertzaile ditu berriro Stanfordeko rankingean, bikaintasun zientifikoarekin duen konpromiso sendo eta jarraituaren adierazgarri
27 iraila 2025
- Hain zuzen, honako hauek dira: Carlos Garbisu, ingurumen mikrobiologian aditua eta NEIKEReko zuzendari zientifikoa; Inma Estévez, etologia aplikatuaren eta animalia-ongizatearen arloko zientzialari ezaguna; eta Ramón Juste, animalien osasunean aditua
- Hirurak daude beren jakintza arloko munduko % 1,5 onenen artean, eta berriz sartu dira Stanfordeko rankingean
Duela gutxi, Stanfordeko Unibertsitateak eguneratu egin du munduko ikertzaile onenen zerrenda, Scopus atariko zientzia arloko argitalpenetako aipuetan oinarrituta. Aurten ere, AEBko unibertsitate ospetsuak bere zerrendan jaso ditu Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko Zuzendari Zientifikoa, Inma Estévez, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea, eta Ramón Juste doktorea, Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea.
Munduko ikertzailerik aipatuenak daude zerrendan, aitortza ikaragarria da, horrenbestez, zerrenda osatzen dutenentzat. Izan ere, gaur egun, ranking hori nazioarteko erreferentzia zientifikoko dokumenturik entzutetsuena da zientzialariek egindako lanak zer-nolako eragina duen ezagutzeko.
Aitortzak erakusten du, halaber, NEIKER osoaren bikaintasun zientifikoa, eta bereziki da merezimenduzkoa, kontuan hartuta, batetik, zentroko ikertzaile kopurua txikia Stanfordeko rankingean ere badauden beste zentro askoren aldean, eta bestetik, ikerketa, zerbitzu teknologikoak eta euskal lehen sektorerako transferentzia uztartzen dituela, balio erantsia emateko eta lehiakortasuna hobetzeko, batez ere Animalia Ekoizpenaren eta Albaitaritza Zientzien arloetan, zeinetan erreferentzia bakarra baita EAEn.
Ibilbide profesional aipagarria
Inma Estévez doktorea, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea, laugarren aldiz jarraian sartu da zerrendan; Zoologian lizentziatua da, eta Etologian doktorea (animalien portaera) Kordobako Unibertsitatean. Ibilbide profesional luzean zehar ikertzaile gisa lan egin du Agriculture Canadan, Suediako Nekazaritza Zientzietako Unibertsitatean, INRAn (Frantzia) eta Marylandeko Unibertsitatean (AEB), zeinean Full Professor gradua erdietsi zuen. 2008an, NEIKEReko plantillan sartu zen, IKERBASQUE Senior ikertzaile gisa. Ibilbidean honako sari hauek nabarmentzen dira: «Junior Faculty Award» (Marylandeko Unibertsitatea), Nazioarteko Hy-Line Ikerketa Saria eta Poultry Science Association-en Ekoizpeneko Hegaztien Ongizate Ikerketa Saria.
Ikerketa-proiektu lehiakor ugari gidatu ditu, bai AEBn, bai Europan, betiere ekoizpen-hegaztien portaerari eta ongizateari buruzkoak. Portaeraren ekologiaren oinarrizko ikuspegitik egin du beti ikerlana, eta bereziki nabarmentzen dira dinamika sozialean egindako lanak, baina erraz uztartu ditu produkzio-esparruan dituzten aplikazioekin.
Gaur egun, bere ikerketak, alde batetik, arrautzatarako oiloen produkzioan pikajearen portaera zehazten duten alderdi biologiko eta sozialetan sakontzen saiatzen da. Eta, bestetik, sektorearen ongizatea eta produktibitatea hobetzen lagunduko duten sentsorika, teknologia, aplikazioak eta lan-metodologiak testatzea eta ezartzea. Hala, hegaztien sektoreko arazo nagusietako batzuetarako konponbideak bilatzera bideratu nahi da ikerketa lerro hau.
Bestalde, Ramón Juste doktorea, NEIKEReko Animalia Osasun Saileko ikertzailea, hasieratik dago Stanfordeko rankingean —zazpigarren aldiz jarraian—, eta animalien osasunaren gainean garatu du jarduera zientifikoa. Alemaniako Tierärtzliche Hochschule-n, Nebraskako Unibertsitatean eta AEBko Texas A & M University-n lan egin du; NEIKERreko Nekazaritza Berrikuntzako Zientzia arduraduna izan da, eta Asturiasko SERIDAko zuzendari gerentea; horrez gain, Vet+i Fundazioaren “Isabel Minguez Tudela” saria, Zendal taldearen “Isabel Zendal” saria eta Animal ‘s Health-en Ikerketako saria jaso ditu. Halaber, 13 doktorego-tesi zuzendu ditu, eta 250 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu. Bere ekarpen zientifiko nagusiek mikobakteriosiaren azterketa dute ardatz; paratuberkulosia kontrolatzeko eraginkortasun epidemiologiko eta ekonomikoaren lehen eredu matematikoa garatu du, eta lagundu du Espainiako H5N1 hegazti gripearen lehen kasua detektatzen. Frogatu du, orobat, immunitate entrenatuan oinarritutako babes espezifikoa eta ez-espezifikoa.
«Une honetan argitaratzeko dugu afrikar bufaloaren tuberkulosiaren aurkako babesteko saiakuntza bat Hegoafrikan, Pretoriako Unibertsitatearekin, eta beste bat txahalekin, Uruguaiko Errepublikako Abeltzaintza, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioarekin eta Unibertsitatearekin, zeinetan gure produktuak emaitza oso onak izan dituen. Hori guztia lankidetza oso emankorrean Gaztela-Mantxako Ehiza Baliabideen Ikerketarako Institutuarekin (IREC) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Albaitaritzako Zaintza Sanitarioko Zentroarekin (VISAVET)», azaldu du Justek.
Azkenik, Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoa, Stanfordeko rankingean sartu dute zazpigarren aldiz jarraian, hau da, rankinga argitaratu zuten lehen urtetik. NEIKERen eta Euskal Herriko Unibertsitatean ez ezik, University of Aberdeenen (Eskozia), Imperial College Londonen (Erresuma Batua), King´s College Londonen (Erresuma Batua) eta University of California – Berkeleyn ere aritu da ikerlari, eta doktoretza ondoko ikasketak egin zituen bertan. 2018an, Eusko Jaurlaritzak aintzatetsi egin zuen bere ibilbide profesionalean egindako ikerketa-lanagatik eta merezimendu zientifiko-teknologikoagatik. UNIBASQek Ikerketa Irakasle gisa akreditatu du, eta United Nations Harmony with Nature Network-eko aditu gisa sartu da.
Garbisu doktorea nabarmentzen da lurzoruetan bizi diren mikroorganismoak ezagutzeko egindako ekarpenengatik, bereziki nekazaritzako lurzoruei eta kutsatutako lurzoruei dagokienez. Gaur egun, nekazaritza jasangarriago baten ikuskera teorikoa eta praktikoa jorratzen du, baita lurzoruaren nahiz pertsonen osasunen arteko loturak ere.
«Nekazaritzaren ezaugarri nagusia multifuntzionaltasuna izan behar da. Alde batetik, eginkizun nagusia du hazten ari den biztanleriari kalitatezko elikagaiak jardunbide iraunkor eta etikoen bidez ematea, eta, bestetik, beste zerbitzu ekosistemiko batzuk hornitzen lagundu behar du, eta horrekin batera biodibertsitatea babesten du, errentagarritasuna eta landa-garapena sustatzen ditu, eta landa-eremuko biztanleentzako bizi-baldintza hobeak eta bertako kide izatearen harrotasuna bultzatzen ditu», adierazi du Garbisu doktoreak. «Gaur egun, nire ikerketaren ardatza nekazaritza jasangarriago baterako trantsizioa da, nekazaritzako lurzoruaren osotasun estrukturala eta funtzionala errespetatuz, eta, klima-aldaketaren aurrean, nekazaritza ekosistemen biodibertsitatea eta erresilientzia sustatuz», gaineratu du NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoak.