BERRIA
Ausnarkari txikien abeltzaintza-sistemen erresilientzia-gaitasuna indartzeko estrategiak
28 urtarrila 2025- NEIKERek 2020az geroztik hona hartzen du parte RUMIRES proiektuan, abeltzaintzako profesionalei klima-aldaketara eta beste erronketara egokitzeko tresnak eskaintzeko xedea duen ekimenean, hain justu
- Ekimena Espainiako Ikerketa Agentziak finantzatu du, CITAk (Aragoi) koordinatzen du eta haren medioz, ardi eta ahuntz sektoreen erresilientzia-gaitasunak aztertu dira Andaluzian, Aragoin, Extremaduran eta Euskadin egindako lau azterketa-kasutan
Hausnarkari txikien –hala nola ardien eta ahuntzen– abeltzaintza-sistemak funtsezkoak dira Espainiako landa-eremuetako biodibertsitate eta sozio-ekonomiarako. Alabaina, epe luzerako bideragarritasuna arriskuan jartzen duten hainbat erronkari ere egin behar diete aurre, hala nola pentsuen, ongarrien edo energiaren garestitzeari, belaunaldi-erreleborik ezari, langile-eskasiari eta krisialdi globalei.
Erronka horiei aurre egiteko, NEIKER zentro teknologikoak RUMIRES proiektuan parte hartzen du 2020az geroztik; ekimen hori Espainiako Ikerketa Agentziak (AEI) finantzatzen du, eta Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologiako Zentroak (CITA) koordinatzen du, tokiko abeltzaintza-sektorearen erresilientzia sendotzea izanik helburua.
Zehazki, proiektuak egindako azken bileran –NEIKERren Arkautiko (Gasteiz) egoitzan hilabete honetakoan–, hausnarkari txikien tokiko arrazen abeltzaintza-sistemak egokitzeko gaitasuna aztertu da, Andaluzian, Aragoin, Extremaduran eta Euskadin kokatutako lau azterketa-kasutan.
Horietan guztietan, lurralde horietako ganadutegien erresilientzia hobetzen duten hainbat faktore identifikatu dira, sektoreko profesionalen parte-hartze aktiboaren bidez betiere; izan ere, ustekabeko egoeren aurrean –hala nola COVID-19aren pandemiaren edo Ukrainako gerraren aurrean– izandako esperientziak partekatu dituzte profesionalok.
«Informazioa bildu dugu metodo kuantitatiboen bidez, baita eta elkarrizketen, inkesten eta eztabaida-taldeen medioz ere. Guzti honekin ganadutegiek aldaketei egokitzeko duten gaitasuna neurtzeko adierazleak identifikatze aldera, sektorearen indarguneen eta hobekuntza arloen ikuspegi argiagoa emanez», azaldu du Nerea Mandaluniz NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko saileko ikertzaileak.
Analisi horietan funtsatuta, ausnarkari txikien sektorearen erresilientzia indartzeko estrategia praktikoak garatu dira, nola ganadutegi bakoitzaren kasuan indibidualki, hala sektore osoan orokorki.
Partaidetza bultzatzen duten tailerrak
2025ean –RUMIRESen azkeneko urtean– proiektua lortutako aurkikuntzak sendotzen zentratuko da eta tailerrak egingo dira etorkizuneko egoera posibleak aztertzeko. Horrez gain, sektoreko profesionalei emaitzak hurbiltzeko lana ere egingo da. «NEIKERen partaidetza proiektuan bertako latxa ardiaren ekoizpen sistema aztertzeko izan da, aurrez aipatutako metodologiak erabiliz», gaineratu du ikertzaileak.
Proiektua 2020an hasi zen, eta NEIKERrek, CITAk, Sevillako Unibertsitateak, Extremadurako Unibertsitateak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak parte hartu dute bertan, bai eta abeltzaintza-sektoreko hainbat erakunde profesionalek ere, hala nola hauek: Oviaragón (Aragoiko Ardi-azienden Kooperatiba Elkartea), Cabrandalucia (Andaluziako Ahuntz-arrazen Federazioa), Cooprado (Torta del Casar gazta ekoizteko esnearen merkatura bideratutako kooperatiba) eta Idiazabal Jatorrizko Deitura Babestua.