Albisteak

BERRIA

NEIKERek 30.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagaien Bankuari

17 azaroa 2022

NEIKERek Arabako Elikagaien Bankuarekin duen konpromisoa berretsi eta 30.000 kilo patata eman ditu aurten ere

  • Entregak modu mailakatuan egin dira, eta azkena ostegunean izan da, azaroaren 17an
  • Horrela, NEIKERek bere ikerketetan sortutako soberakinak Elikagaien Bankuen Euskadiko Federazioari emateko konpromisoa berretsi du
  • Dohaintza horrek elikagaien xahuketa murriztea ahalbidetzen du, elikadura katean guztiz jangarriak diren produktuak sartzen baitira

NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, euskal lurraldean beharra duten familiei elikatzen laguntzeko konpromisoa sendotu du. Zehazki, aurten modu mailakatuan egin da dohaintza, eta zentroak 30.000 kilo eman dizkio guztira Arabako Elikagaien Bankuari. Erakunde hori arduratuko da Arabako lurraldeko 1.200 familiatan integratutako 4.500 lagunen artean banatzeaz.

Azken patata sorta azaroaren 17an entregatu zen, osteguna, eta hor izan ziren Juan Bautista Relloso, NEIKEReko Ekipo eta Azpiegituren koordinatzailea, eta Daniel Fernandez, Arabako Elikagaien Bankuko presidentea.

“Oso akordio garrantzitsua da, 2015az geroztik mantentzen duguna. Guretzat harrotzeko motiboa da Arabako familiei laguntzea eta, aldi berean, ingurunearekin eta herritarrekin dugun konpromiso soziala erakustea”, azaldu du Bautistak. “Dohaintza horri esker, gainera, elikagaien xahuketa murriztu dezakegu, elikadura katean giza kontsumorako guztiz jangarriak eta egokiak diren produktuak sartzen ditugulako, bestela hondakin gisa amaituko luketenak”, gaineratu du Bautistak.

Gehien ematen diren barietateak

Zentroan egiten diren ikerketek eta lanek soberakin ugari sortzen dituzte, batez ere patatak. Aurten, zehazki, eskaini diren patata barietate nagusiak izan dira Kennebec, Monalisa, Jaerla, Agria, Baraka, Red Pointiac, Desire eta Yona.

Tuberkulu barietate horiek NEIKERen egiten diren ikerketetatik datoz, eta, batez ere, zentroaren ‘kontrol aurreko’ saiakuntza sailetatik datoz –horietan, inportatutako haziak landatzen dira Euskadin lehen aldiz landatu aurretik–, baita ‘kontrol osteko’ sailetatik ere, non kanpaina bateko hazitarako patata guztien jarraipena egiten baita, araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

 

 

Related posts