Albisteak

BERRIA

Sistema aeroponikoa, minituberkuluak landatzeko aukera jasangarria

5 maiatza 2022

 Sistema aeroponikoa, minituberkuluak landatzeko aukera jasangarria

  • NEIKERen hainbat lan ildo garatzen ari gara 4.0 nekazaritzarekin nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreak behar duen jauzi kualitatiboa ematen laguntzeko
  • Lanketa aeroponikoak eskaintzen dituen onurak ekoizpenaren hazkundetik eta kostuen murrizketatik uraren erabilera optimizatzera arte doaz
  • Adibidez, uraren kontsumoa %30-%50 murriztu daiteke

Adimen artifiziala eta digitalizazioa dira nekazaritzan benetako iraultza bat sustatzen ari diren palanka teknologikoetako batzuk. Tresna horiek mota askotako aukerak eskaintzen dituzte, baina, batez ere, beharrezkoak dira sektorearen belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko, laboreen kalitatea hobetzeko, eta kontsumitzaileen eskari gero eta handiagoari erantzuteko, izan ere, gero eta kontzientziatuago daude ekoizpen jasangarriago eta ingurumenarekiko errespetuzko baten alde. Horregatik, NEIKERen hainbat lan ildo garatzen ari gara 4.0 nekazaritzarekin nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreak behar duen jauzi kualitatiboa ematen laguntzeko, jakitun baikaude azken urteetan teknologiak aurrera egin duela eta, zuzen erabiliz gero, oso mesedegarria izan daitekeela sektorearentzat.

Patataren laborearen kasu zehatzari dagokionez, aurrerapen horietako bat labore aeroponikoaren sistema da; horren oinarrian dago landarearen sustraiak segundo batzuez ureztatzea, soluzio nutritibo bat lurrun bihurtzen duen makina txiki edo ihinztagailu baten bidez.

Sistema aeroponikoa baldintza aseptikoetan kalitate hobeagoko laboreak lortzeko diseinatuta dago, hazian zein landarean gaixotasunik ager ez dadin. Halaber, sistema horren bidez sustraien aireztapena optimizatzea lortzen da, faktore hori delarik nagusietakoa minituberkuluen ekoizpenerako, lurrean lantzeko metodo klasikoekin alderatuta.

Ildo horretan, sustraiak urik gabe egoten diren denboran modu efizienteagoan xurgatu dezakete oxigenoa. Horri esker, hiru aldiz handitu daiteke ekoizpena laborearen sistema konbentzionalaren aldean. NEIKEReko landare ekoizpen eta babes departamentuko ikertzaile Natxo Ruiz de Galarretak azaldu duenez, “hazkuntza aeroponikoaren sistemari esker, 400-800 patata lortu daitezke metro koadroko, hazkuntza tradizionalekoan 100 landare landatu daitezkeen bitartean”.

Gainera, labore mota horretan ez da beharrezkoa substratua erabiltzea, eta, ondorioz, kostuak murrizten dira eta ingurumena hobetzen. Adibidez, labore mota horren bidez, ur kontsumoa askoz efizienteagoa da, eta ongarritzeko ura %30-%50 murriztu daiteke.

NEIKERetik proposamen teknologiko berritzaileak eskaintzen dizkiogu lehen sektoreari, eta Araban ereiten diren patata barietate nagusien haziak ekoizteko sistema aeroponikoa garatzeaz eta sektoreari transferitzeaz arduratzen gara.

 

NEIKER, tokiko nekazariekin

Patata hazia lantzen duen sektoreari laguntzeko zeregina da, nekazariak eskatzen dituen barietateak ekoizten laguntzeko, batzuetan zaila izan delako horiek lortzea. Gainera, kanpotik inportatzen den ereiteko patata murriztu nahi da, eta, horrela, tuberkulu horren horniduraren inguruan beste herrialde batzuekiko mendetasuna saihestu”, azaldu du NEIKEReko ikertzaileak.

Horrenbestez, sistema horren bidez landutako uztak sistema klasikoetan lortutakoak baino praktikoagoak dira, garbiagoak, eta patataren neurria ere hobeto kontrolatu daiteke, uzta sekuentzialak egin daitezkeelako urtean zehar.

Halaber, sistema aeroponikoa oinarrizko negutegi batean instalatzeko egokia da; ureztatzeko sistema automatiko bat du, eta euskarriz hornitutako egitura batzuk, landareak ekoizteko.

Gaur egun, sistemaren diseinua eta garapena lantzen ari gara ura eta ongarriak aurrezteko ere balio dezan, pataten sustraiak urarekin mikroihinztatuz.  Horrez gain, modu esperimentalean, hainbat barazki ere erabiltzen ari gara, hala nola piperra, letxuga, kalabazina eta tomatea; zerealetan, garia; eta loreetan, krisantemoa, krabelina eta arrosa.