Albisteak

BERRIA

Lurzoruaren Munduko Eguna ospatutzen dugu, baliabide natural horren osasuna zaintzeko konpromisoarekin

5 abendua 2021

Lurzoruaren Munduko Eguna ospatutzen dugu, baliabide natural horren osasuna zaintzeko konpromisoarekin

  • Lurzoruaren Munduko Eguna abenduaren 5ean izaten da, gizartea lurzoruaren kudeaketa efizientea egitearen eta ekosistema osasungarriak mantentzearen garrantziaz kontzientziatzeko.
  • NEIKERen hainbat proiekturen bidez egiten dugu lan baliabide mugatu hori ebaluatzeko, kontserbatzeko eta konpontzeko, funtsezko baliabidea baita planetako bizitza bermatzeko.

Higadurak, kutsadurak, biodibertsitatearen galerak, materia organikoaren kantitatearen murrizketa eta antzeko faktoreak eragin negatiboa izaten ari dira lurzoruan, eta bizitzarako funtsezko baliabide naturala da; gaur, abenduak 5, bere Nazioarteko Eguna da.

Baliabide horren osasuna zaintzearen garrantziaz ohartuta, NEIKERetik, beste urte batez, bat egin dugu Lurzoruaren Munduko Egunarekin, herritarrak kontzientziatzen saiatzeko ekosistema osasungarriak mantentzeko beharrari buruz, eta lurzoruen kudeaketa efizientea egitearen garrantziari buruz, gizakiei eta gainerako espezieei ematen dizkien zerbitzu guztiak bermatzeko.

“Lurzorua baliabide mugatua da, ezin da giza denboraren eskalan berritu. Zehazki, 1.000 urte inguru behar dira 1 cm lur egiteko. Lurzoru osasungarriak behar ditugu, elikadura eta nutrizio segurtasuneko gure helburuak lortzen, klima aldaketari aurre egiten eta garapen jasangarria ziurtatzen lagunduko dutenak”, adierazi du Olatz Unamunzaga NEIKEReko Baliabide Naturalen Departamentuko arduradunak.

Ildo horretan, hasieratik, NEIKERen hainbat ikerketa ildo lantzen ditugu lurren ebaluazioari, kontserbazioari eta erremediazioari lotuta. Hauek dira lurzoruen osasuna mantentzeko eta babesteko gaur egun lantzen ari garen proiektu esanguratsuenetako batzuk:

  • Montclima. Proiektuari esker, SUDOE eremuko mendietan arrisku naturalak prebenitzeko eta kudeatzeko nazioz gaindiko lehen esparru estrategikoa garatu nahi da.
  • Urbanklima. Euskadiko klima ekintzaren proiekturik handientzat jotzen da datozen urteetarako, eta, besteak beste, 2030erako berotegi efektuko gasen igorpenen datuak %40 murriztea du helburu, eta 2050erako %80.
  • Phy2SUDOE. Helburuen artean nabarmentzen dira fitogestio estrategia berriak ezartzea eta kutsatutako guneetan dagoen biodibertsitatea babesteko neurriak inplementatzea.
  • Prada. Helburu nagusia da pestiziden hondarren eragina zehaztea antibiotikoekiko erresistentziak agertzeari eta barreiatzeari dagokionez, emendakin organikoak dituzten nekazaritza lurretan.

Nazioarteko aintzatespena

Hain zuzen ere, arlo honetan gure lana da duela gutxi aintzatetsia izan denaExpertScape online plataformak gure lankide Carlos Garbisu, Lur Epelde eta Lionel Dupuy sartu ditu lurzoruen ikerketako mundu mailako zientzialari entzutetsuenen TOP 1% zerrendan. Plataforma horrek diziplina zientifiko bakoitzean azken hamar urteetan gehien nabarmendu diren zientzialariak aintzatesten ditu: “Experts 2011-2021”.

Aitorpen horren arabera, NEIKER erreferentziazko zentroa da lurzoruaren ezinbesteko baliabidea ebaluatu, kontserbatu eta lehengoratzeari dagokionez, izan ere, 50 urte baino gehiagoz ari gara horretan lanean eta ezagutza praktikoa sortzen.

Lurzorua, bizitzarako funtsezko baliabidea

Lurzoruek giza ongizaterako duten garrantzia eta gure eguneroko bizitzan duten eragina itxura batean dirudiena baino handiagoak dira. Funtsezko baliabide naturala da, eta bere osasuna sakon lotuta dago gure espeziearen biziraupenarekin. Izan ere, kontsumitzen ditugun elikagaien %95 lurzoruetatik datoz.

Baina gure elikaduran eragina izateaz gain, beste onura batzuen artean, mantenugaiak birziklatzeko aukera ematen dute, funtsezkoenak landareen eskura jarriz. Halaber, elikagaien ekoizpena mantentzeko funtsezko elementuak dira, eta uholdeen eta lehorteen aurrean erresilientzia hobetzen laguntzen dute.

Gainera, munduko biodibertsitatearen laurdena hartzen dute, eta, Lurraren karbono hustubide nagusietako bat denez, klima aldaketa arintzen eta egokitzen laguntzen dute.